Ostiralean hasiko da III. Pello Errota Bertsolari Sariketa

Berrobin eta Ikaztegietan egingo dira kanporaketak irailean eta finala urrian, Asteasun.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak Pello Errota sariketaren III. edizioa jarri du martxan eta hamabi bertsolarik hartuko dute parte. Bertso afari giroko bi kanporaketa izango dira iraileko azken bi ostiraletan Berrobin eta Ikaztegietan, hurrenez hurren. Saio bakoitzeko lehen bi sailkatuak Asteasun jokatuko den finalera sailkatuko dira.

Berrobin egingo da lehen kanporaketa irailaren 22an, datorren ostiralean, gaztegunean. 20:30ean izango da afaria eta osteko saioan Eli Pagola, Sarai Robles, Iñaki Gurrutxaga, Haira Aizpurua, Unai Mendizabal eta Beñat Zeberio ariko dira kantuan Joanes Zubiaren gidaritzapean. Sarrerak Iriarte jatetxean, herriko dendan edo Bizum bidez eros litezke (670207814), 25 euroren truke.

Bigarren eta azken kanporaketa Ikaztegietako ostatuan jokatuko da irailaren 29an. Bertan, afalostean kantuan ariko den seikotea: Jexux Mari Irazu, Maialen Akizu, Maddi Ane Txoperena, Eñaut Martikorena, June Aiestaran eta Eki Mateorena. Imanol Artola ‘Felix’ izango dute gidari lanetan. Afarirako eta saiorako txartelak Ikaztegietako ostatuan bertan eros litezke, edo Bizum bidez (670207814) 25 euroren truke.

Saio bakoitzeko lehen bi sailkatuek Asteasun urriaren 20an jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute. Iturri-Ondo jatetxean egingo da finala eta sarrerak bertan erosi ahalko dira, 25 euroan. Oibar Olano herritarra izango dute finalistek saioaren gidaritzan. Pello Errota sariketako txapela eta bertso onenaren Mikela Elizegi saria izango dira jokoan Iturri-Ondoko bertso afarian.

Aurten X. urteurrena bete duen Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak abiatu zuen Pello Errota Bertsolari Sariketa 2018. urtean, Asteasuko bertsolari ezagunaren oroimenean. Egungo bertsolariei mahai-buelta giroko saioak eskaini eta Tolosaldean herri desberdinetara zabaltzeko funtzioa du sariketak. Eskualdeko aktibazio horren erakusle, Harituzeko zazpi kidek hartuko dute parte aurtengo sariketan, lauk kantuan eta hiruk gai-jartzaile lanetan. Sariketa antolatzeko ezinbesteko laguntza eskaini duten Berrobiko, Ikaztegietako eta Asteasuko Udalak eskertu ditu Harituzek. Asteasuko Udalaren kasuan, abiapuntutik izan da ekimenaren sustatzaile eta babesle

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!