Inpotentziaren indarra

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Arana 2019ko ots. 27a, 19:44

Duela bi aste, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Feminismoa 4.0 nazioarteko kongresua izan zen Tolosan.

Hasieran mesfidantza puntu batekin jaso nuen berria, baina etxe ondoan izanik, ezin nuen aukera galdu. Hizlariak ezin hobeak ziren, eta ilusioz joan nintzen.

Hasi eta zaplaztekoa. Jardunaldiei hasiera emateko, Olatz Peonek eta Markel Olanok hitz egin zuten. Baina, euren agendetako beste eginkizun batekin nahastu eta, jardunaldiei merezi zuten hasiera eman beharrean, mitin politiko bat izan zen entzun genuena: berdintasun politikekin egindakoa, lortutakoa... Eta nik buruan nuen bakarra: «Nola da posible Irun eta Hondarribiko alardeetan, edo Tolosako zenbait elkartetan, emakumeen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez direla jakinda, ezer ez egitea eta, aldi berean, horrelako jardunaldi batzuk antolatu, eta euren eginkizunaz harro daudela entzun behar izatea?».

Beste horrenbeste, Miren Elgarrestak hitza hartu zuenean. Izan ere, Rosa Cobok argi utzi zigun feminismoa genetikoki bateraezina dela kapitalismoarekin eta neoliberalismoarekin eta, honen aurrean, Mirenen aurpegiak harridura eta desadostasuna erakutsi zigun. Baina, zer espero zenuten? Bertan geunden guztiok ikasteko antolaturiko jardunaldiak izan ziren? Edo botoak lortzeko era tamalgarri bat? Hala ere, hasieran sentitu nuen inpotentzia guztiz eraldatu zen, hizlarien ideia sendo eta garbiekin, eta jardunaldietatik inoiz baino ilusionatuago eta indartsuago atera nintzen. Eskerrik asko hizlari guztiei, nire inpotentzia indar bihurtzeagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!