Kalabazak ematea, sinbolikoki

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2017ko ots. 25a, 10:19

Azken urteen antzera, Sar dadila kalabazan! leloa eta kuia koloretsu baten irudia daramatza Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiak. Aurten, ordea, hamargarren aldia du, eta, lehenengoz, Urrezko Kalabaza sariak emango dituzte, urteotan jaialdiarekin zerikusia izan duten lagunak omentzeko. Sari “sinboliko” horietatik harago, dena den, ekintza sorta zabala prestatu dute, “ohikoa baino zabalagoa”. 

Martxoaren 2tik —datorren osteguna— hilaren 25era arte, 30 ekitaldi izango dira: gehienak Tolosan eta Ordizian, eta hitzaldi bana Donostian, Albizturren eta Irunen. Hitzaldiekin batera, bi ikastaro, bi gala eta narrazio lehiaketa bat prestatu dituzte. Hamargarren aldi honetan “bultzada handia” eman nahi diote euskal kontalaritzari.

Guztira, 26 artistak parte hartuko dute, Euskal Herriko hemezortzik eta kanpotik etorritako zortzik. Numancia Rojas txiletarrak hasiko du jaialdia, martxoaren 2an (osteguna). Donostiako Ernest Lluch elkartean emango du hitzaldia, 18:00etan; hurrengo egunean, berriz, Tolosako Amarotz auzoko etxean, 22:00etan. Emakumeen gaietan espezializatua da Rojas, eta 1987tik Ipuinak kontatzeko artea tailerra ematen du —gaur egun, Castelloko (Herrialde Katalanak) Jaume I Unibertsitatean—. Narrazio ikastaro trinko bat ere emango du, martxoaren 4an eta 5ean, Tolosan.

Albizturren Iñaki Carretero ariko da, martxoaren 9an, 14:30ean, herriko eskolan. “Burua beti martxan” duela dio artistak. Euskal Herrian eta Espainian ibili da ipuinak kontatzen, eta orain Gasteizko liburutegian egiten du lan, irakurketa sustatzeko programa zuzentzen eta diseinatzen. Entzun, entzun emanaldian, liburuak kontatuko ditu; haurrak, horiek entzunez, ipuinak irakurtzeko prest egon daitezen.

Egun berean, Carlos Perez Aradrosek Irunen eskainiko du saioa, Kabigorrin, 19:00etan. Txotxongiloekin edo bestelako objektuekin kontatzen ditu ipuinak, eta autokritika egiten du berak egindako sorkuntzetan; besteak beste, gizakiek botere abusuaren eta matxismoaren aurrean izaten duten jokaerari buruz.

Perez Aradrosek bezala, istorioak kontatzeko objektuak baliatuko dituzte hainbat magok, Ordizian. Martxoaren 18an, Istorio magikoak saioan parte hartuko dute Diego Calavia, David Blanco eta Asier Kidam magoek. Plaza Nagusian izango da, 19:30ean.

Gala eta topaketa

Hitzaldietatik aparte, Intujai Teatroa talde antolatzaileak bi ekitaldi nabarmendu ditu: Ahozkotasunaren Gala eta Euskal Narratzaileen Topaketa. Ahozkotasunaren Gala bi egunetan banatuko dute: martxoaren 23an, Tolosan; eta 24an, Ordizian. Ordiziako ekitaldian, Ipuin Narrazio Lehiaketan finalista izango direnek parte hartuko dute, beste zenbaiten artean. Aurretik, martxoaren 11n, narrazio lehiaketari eskainitako saioa egingo dute, Ordiziako D’elikatuz gunean, 19:00etan.

Euskal Narratzaileen topaketa martxoaren 25ean izango da, 10:00etan, Tolosako Amarotz auzoko etxean. Kontagintzaz ariko dira Leire Diaz de Gereñu, May Gorostiaga, Koldo Ameztoi eta Juan Kruz Igerabide, Joxemari Karrere gidari dutela. Ahozkotasunaren arlo desberdinak jorratuko dituzte, eta, euskal kontalaritzaren diagnosi bat egiteko asmoz, ahalik eta kontalari eta parte hartze gehien bildu nahi dute.

Gogoeta saioaren ondoren, 12:30ean, Kamel Zouaquik Los paseos locos de un sabio eskainiko du, Amarotzen bertan. Frantzian jaioa da Zouaqui, eta Les Fils de Zouaves konpainia sortu zuen 2010ean. Nasredine Hodja islamaren XIII. mendeko pentsalariari buruzko trilogia egina du, eta deserriari buruzkoa da haren azken istorioetako bat.

Egun horretan bertan, Urrezko Kalabazak banatuko dituzte, 16:30ean, Oargi elkartean. Sarien bidez, ahozkotasunaren alde lan egin dutenei aitorpena egin nahi diete, baita hamar urteotan laguntzaile izan dituztenak eskertu ere. Ekitaldian parte hartuko dutenen artean daude German Iborra, Ekaitz Goikoetxea, Amaia Elizagoien eta Ibai Esoain. Azken hirurek bertso saioa eskainiko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!