Alberdiren "Euli-giro" irakurle taldean

Uxue Alberdik idatzitako bederatzi ipuinez osatua dagoen "Euli-giro" liburua -Susa, narratiba- aztertuko du Tolosako irakurle taldeak azaroak 12 asteartean, 19:30ean, Tolosako kultur etxean egingo duen saioan.

"Durduzagarriak, ezustekoak, misteriotsuak, apartak dira ipuin sorta honetako kontakizunak, beti lilura giroz jantziak.

Baserri zaharrean bizitzen hasi den bikote gaztea, mutilaren familiarengana bisitan joandako haurduna, andre gaixoa zaintzera hirira etorritako neskame xaloa, bere bulegoan kanpotarra dirudien abokatua, ikastetxera iritsi berri den gelakide aztoratua, poliziak zorrotz galdekatutako idazlea, ama itxuraldatzen ari zaion alaba, esku ezkerra galdu zuen biolontxelista, etxe barrura arrotza sartu zaion emakumea dira narrazio hauek habitatzen dituzten pertsonaiak.

Uxue Alberdi estilo berezkora hurbiltzen ari da arduraz. Ur-lasterraren gardentasuna eta freskura du kontaeran, arrain limuriaren bizitasuna du erritmoan. Ezarian putzu sakonean barneratzen baldin bada, aurki irtengo da zelai dirdiratsura, oharkabean han-hemen uzten dituen detaile izpiekin argituta". Hala dator definitua liburuaren atzeko azalean.

 

Irakurle taldea

Irakurle taldea hilero elkartzen da. Zein liburu irakurri erabaki ostean, hurrengo hilerako hitzordua egiten dute liburuak bakoitzari eragin dizkion sentsazioak, hausnarketak,... konpartitzeko. Halaber, irakurle taldeak hala erabakitakoan, idazleak irakurle taldera gonbidatzen dituzte iritziak,... konpartitzera. Nork edo nork informazio gehiago nahi izanez gero, 943 655 004 telefono zenbakira deitu ala kultura@galtzaundi.com helbide elektronikora idatzi behar du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!