Gazte Eguna Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Gazte Egun Taldea 2017ko api. 18a, 19:00

Asteko egun guztiak lanean, ikasten, kirol pixka bat egiten edota lokalean seko aspertuta pasatzen ditugu. Asteburua iritsi eta parranda non botako dugun pentsatzen jartzen gara, edota aterako garen edo ez, asko jota plan bereziren bat prestatzen dugu. Asteko 5 egunak noraezean pasa ondoren iristen da desfasean murgiltzeko asteburua, eta igandean berriz “reset” botoiari ematen diogu.

Tolosan, ekimen ezberdinak egiten diren arren, gazteok errutina handi batean sarturik gaude! Hau ez da gertatzen gazteok gogorik gabe gaudelako; bizi eredu honek beste bizitzeko modurik erakusten ez digulako baizik. Dagoena dago eta horretara egokitu behar gara.

Alternatibarik ezean, hori da Tolosan aurkitzen dugun aukera, gizarteak ezarri dizkigun betebehar horiek bete eta daukagun “denbora librea” ematen dizkiguten aisia eredu urri horietan galtzea.

Horregatik astindu behar dugu Tolosa; errutina eta bizi eredu hau alde batera utzi eta beste bat eraikiz. Modu ezberdin askotara astindu daiteke gure herria: gazteen bozgorailua izango den komunikazio proiektu bat eginez, kultur talde ezberdinak sortuz (bertso eta arte urbanoko taldeak kasu), kartelak eta pankartak jarriz, etxebizitza eta emantzipazioaren arazoari egurra emanez… eta abar luze bat.

Zenbait gaztek, ditugun aukerak ikusirik, Tolosan, gazteontzat aisialdirako egun alternatiboak antolatzea ere, Tolosa astintzea dela diogu. Horregatik animatzen zaituztegu, maiatzaren 6an, Tolosan egingo den Gazte Egunean parte hartzera. Honekin batera, gazte guztiei, horrelako ekintzak antolatu eta ametsak egia bihurtzeko deia egiten diegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!