Erabakitzen duena, jabe

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre Kerejeta 2014ko eka. 15a, 15:00
Gure Esku Dago giza kateko emozioak eta pentsamenduak izango ditu oraindik askok barruan bueltaka. Pertsonon balio nagusia jasotzen eta aldarrikatzen duela iruditzen zait: erabakitzeko eskubidea.

Bizitzako alor ahalik gehienetan erabakitzen duena da bere bizitzaren jabe, eta orduan du zentzua mundu honetako pasaerak. Zer da bestela norberaren bizitza, erabakiak delegatu dizkiezun espezialistek trazatutako ibilbide telegidatu bat? Esan beharrik ez dago, herritar bakoitzak egiten du bere eremutik ekarpena. Alegia, denok garela espezialistak gurean eta norberak eragin handiagoa duela bere eremuko gaietan: medikuak, legelariak, irakasleak, politikariak, kazetariak, apaizak, harakinak... baina erabakia herritar bakoitzarena da, denean. Horregatik trufatzen naiz justu autodeterminazioaren gaira etorrita ipurdi-bistan jartzen diren politikariez, alegia argudio batekin edo besterekin erabakitzeko eskubidea ez dagokiola herritar bakoitzari botatzen dutenez.

"Hara, hau ere ofizioz konfunditu da!" pentsatzen dut. Nola esan dezake "erabakitzeko eskubideak zatitzen gaitu", edo "erabakitzeko eskubidea eufemismoa da" bere eguneroko lanean herri honen estatusari buruzko erabakiak etengabe hartzen ari denak? Behar du Erdi Aroko mentalitatea herritarraren erabakitzeko eskubidea berari dagokiola handiuste duen espezialistak! Erdi Aroan jainkoaren graziaz ziren batzuek errege, besteak apaiz, eta besteak artistak. Egun batzuek nahi lukete antzera izatea, alegia goitik eta herritarretatik kanpo erabakitzea gai garrantzitsuenak, egungo Espainiako estatuko biztanleen %70ak bozkatu ez duen Konstituzioak (oooooo!) dioelako, herritarraren erabakimenetik milaka kilometrora dagoen Europak (aaaaa!) edo zuzenean Europako Banku Zentralak (zeeee?) "agindu" omen duelako, erosita dituen politikariek koroatuko dutelako... "Zu bizi lasai erabakiko dut eta nik zure bizitzaren gainean" dioten espezialistek (berdin zait zein eremukoek) txepeltzat bagaituzte ere, XXI. mendeko gizartean herritarrak enpoderatuta egongo garela desio dut, eta gai askotan bermea ematen duten prozesuak irekiko direla herritarrek parte hartu eta erabaki dezaten.

Txitxinabozko sasi-prozesuek (gidatzen duenak bere nahia atera dadin presaka egiten duenak) eta "bileran esan zen" (beraz erabaki zenuen) sasi-erabakiek ez ahal dute desmobilizatuko herritarra!
Gure Esku Dagok nire konfiantza osoa irabazi du gardentasunarekin, batzen gaituzten puntuekin, era guztietako ideiak adierazteko irekitako atearekin. Zorionak, bereziki, Idiazabalen garai gogorretan ere (2007tik hasita) hau posible zela sinistu zutenei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!