Helmugan eta bidegorrian

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre Kerejeta 2014ko mar. 16a, 15:00
Herrikide gizonezko batek kontatu zuen nola bidegorrian korrika zihoala Zizurkilgo 40 korrikalarik osatutako emakume taldearekin gurutzatu zen.

Aurpegiarekin islatu zuen umorez sentitu zuena, txikiagotu balitz bezala, eta «emakume askok hauxe sentituko zuten askotan» enpatizatzeko balio izan ziolako pozik zen gertakizunarekin. «Ostiraletan 18:30-19:30 biltzen gara, konpromisorik gabe. Ahal dudanetan noa, ezin dudanetan kale. Eta badakit 19:45erako umeekin egongo naizela» zita arrakastatsuaren azalpenak eman zizkigun Lilatoian, 20 urtetik 50era bitartekoek osatzen duten taldeko partaide den zizurkildarrak. Entrenatzaileak ere izango du parterik arrakastan: Aitziber Ibarbia, goi mailako mendi lasterkaria. Aurtengo Txapel Egunean bere herrian omendu berri dutena.

Gizartearen arrakastaren ikur da kirola eta emakumeei ukatutako gorputza du oinarri. Berdintasunera bidean ez da lan eremu txantxetakoa, beraz. Eta Ibarbiaren jardunak bi bideak uztartzen dituela nabarmenduko nuke: lehian puntaz punta ibiltzea, eta lehiatu beharrik gabe taldearekin eta norberaren buruz gozatuz gaitasunak lantzea. Bakanek urratu ditzaketen kirol markak jokatuz eta parte hartzea aberasten duten ekimenak elikatuz. Artikulu hau irakurtzerako Larraul-Ernio lasterketa egina izango da, eta aurten ere helmugaratzen lehenetarikoa izatea desio diot. Eta kirolarien ondoan ezkutuan egon ohi den etxeko taldea ere zorionduko nuke, bidegorrira edo lasterketara korrika irteteko beharrezko baita zaintza lanetan kide bat gelditzea.

Ugaritzen doaz bide gorriko kirolariak, frontoiko pala taldeak, eta lore bila abiatzen diren oinezkoen taldeak. Paraje ederrean bizi gara udaberriko eguraldia lagun gorputzari astindu bat emateko. Goza gaitezen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!