Errefuxiatuak gerra inperialistetatik ihes egiten: “Sozialismoa edo basakeria”

Erabiltzailearen aurpegia EH Sozialista 2015ko ira. 18a, 16:02

Errefuxiatuen sufrimendu latza erakusten duten irudi gogorrak ikusi ditugu. Hau da kapitalismoaren benetako aurpegia. Milaka ari dira hiltzen itsasoan eta beren herritik alde egiteko hartu duten bidean.

Bizirik jarraitu dutenek, berriz, Europa kapitalistaren hesiekin eta errepresioarekin egin dute talka. Ekialde Hurbila edo Afrika zapaldu eta gerra inperialistak bultzatzen dituen burgesia europarrak bere mespretxua adierazi du “etorkin ilegalez”, “kupoez” eta “legea errespetatzeaz” hitz egitean. Demokraziaz ahoa betetzen zaion burgesia europarrak ez du arazorik izan errefuxiatuen herrialdeetako diktadurak babesteko eta hauek milioika herritar hil dituztenean beste alde batera begiratzeko. Eta, noski, euskal burgesia ere talde honetan sartzen da.

Komunikabide handiek “mafia trafikatzaileez” hitz egiten dute basakeria honen atzean dauden benetako arrazoiak ezkutatzeko. Baina krisi honen atzean lehengaiak, bide komertzialak edo gune geoestrategikoak kontrolatzeko helburuarekin potentzia ezberdinek (eta hauei lotutako multinazionalek) antolatutako interbentzio inperialistak daude. Errefuxiatu gehienak potentzia europar eta estatubatuarrek (herrialde horietan dituzten aliatuekin batera) bultzatutako triskantza inperialistetatik ari dira ihes egiten.

Hesiak eta errepresioa errefuxiatuen aurka

Gobernu europarrek errefuxiatuen auziaren aurrean izan duten jarreran kasualitate gutxi dago. Orain Europar Batzordeak 160.000 errefuxiatu hartzeko egindako proposamena demagogia hutsa besterik ez da. Hori eginda ere, nolako konponbide mota da hau Batzordeak berak dagoeneko 500.000 iritsi direla onartzen duenean eta etorkizunean gehiago etorriko direla kontuan hartuta? Bost axola Europako gobernuei ehunka mila errefuxiatuei gerta dakiekeena. Hala ere, zer espero daiteke kapital handiaren aginduetara dauden ordezkariengandik? Beren herrialdeetan murrizketen eta hersturaren politika kriminala aplikatu dute, beren herrikideak miseriara bidaltzen ari dira, Grezia hondamendira daramate… Zer egingo dute, bada, kanpotik datozenekin?

Noizean behin demagogia erabiliz elkartasunaz eta giza eskubideez hitz egiten duten arren, Europako gobernuen benetako plana errefuxiatuak beren herrialdeetara ez iristea da eta heltzea lortzen dutenak kontzentrazio esparruetan (baldintza miserableetan) pilatzea eta ahal bezain pronto kanporatzea. Orain dela hilabete batzuk Berlingo harresiaren erorketaren 25. urteurrena ospatu zuten gobernariak mota guztietako harresiak eta hesiak onartzen eta finantzatzen ari dira Europa “ixteko”. Oraingoz guztira zazpi gune hesitu daude edo ari dira eraikitzen helburu honekin: 12,5 km Erdine probintzia turkiarrean (Europako Batasuneko 3 milioi eurorekin finantzatuta); 80 km-ra luzatu nahi diren beste 30 km Bulgaria eta Turkiaren arteko mugan (hau ere EBko diruarekin), 4 m-ko altuerako 132 km Hungaria eta Serbia banatzeko; 12 km Melillan eta beste 8 Ceutan; eta Estatu frantziarraren eta Erresuma Batuaren arteko Calaisen hesi bat egiteko proiektua dago.

Alemaniara heltzea da errefuxiatu gehienen helburu nagusietakoa. Baina hemen ere gerra guneetako antzeko kanpamentuetan pilatzen dituzte oso baldintza kaxkarretan (zerbitzu medikuen eskasia, higiene arazoak…). Aldi berean, Angela Merkelen gobernua zentro hauetarako laguntzak mugatzen ari da errefuxiatuen bizi baldintzak gero eta gehiago okertuz. Honekin batera, deportazioen kopurua handitzen ari da, eta aurten errekorrak hautsiko ditu gobernu alemaniarrak eginkizun honetan. Hau gutxi ez eta Angela Merkelen CDU, SPD sozialdemokrata eta Berdeak asilo eskubidea kentzea edo mugatzea planteatzen ari dira.

Merkelen adierazpen hipokritetatik harago, erabateko permisibitatea dago Alemanian ere talde neonazien eraso arrazistekin, errefuxiatuen aurka klase politikoa egiten ari den adierazpenek bultzatuta. Hau guztia estrategia bati lotuta dago: Alemaniara iristeko helburua duten errefuxiatuak uxatzea eta, aldi berean, Italiak eta Greziak lan zikina egitea beren lurraldeetan Ekialde Hurbiletik datozenei bidea ixten.

Ez noski, arazo honek ez du benetako konponbiderik gaur egun dugun sistema ekonomiko eta politikoan, kapitalismopean. Sistemaren krisiak tentsio interinperialistak areagotu besterik ez ditu egiten eta honen ondorioak ezagutzen ditugu: gero eta gerra eta gatazka gehiago pobrezian eta miserian erortzen diren herrialdeetan. Europan bertan ere hor ditugu Ukraina eta Kosovoko adibideak, aspaldi honetan komunikabideetatik ia desagertuak. Arrazoi zuen Rosa Luxemburgok “sozialismoa edo basakeria” aldarrikapena egin zuenean. Kapitalismoak jarraitzen duen bitartean gerrak, pobrezia, langabezia eta sufrimendua ez dira amaituko. Sozialismoa da gizateriaren oinarrizko arazoentzako alternatiba bakarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!