Sozialismoaren aldeko borroka estrategia

Erabiltzailearen aurpegia EH Sozialista 2014ko eka. 17a, 10:01
Krisi kapitalistaren urte hauetan protagonista izaten ari diren elementu guztien artean nabarmenena klase arteko borrokaren gorakada izan da. Mobilizazio sozialak tamaina ikaragarria hartu du, eta aurrekari gertukoena 70eko hamarkadako frankismoaren aurkako borrokak dira. Kapital handiaren eta bere gobernuen erasoek oposizio zabala eduki dute aurrean, kaleetan.

Urte hauetan, langile mugimendua eta gazteria, murrizketek eta kontraerreformek kolpatu dituzten hainbat sektore, langabezia eta kaleratze masiboak jasan dituztenak, gai izan dira mobilizazio eta adierazpen bideak aurkitzeko. Eta hau guztia, hainbat agintari sindikalek borroka ezberdinei eta greba orokorrei jarraipena ez ematen temati segitzen duten arren eta itun soziala eta negoziazioa defendatzen dituzten arren.

Agintari sindikal hauek, gobernuak eta patronala "zentzudunak" bihurtu eta aurrera eramaten ari diren ofentsiba "hauen borondate aldaketarekin" geratu daitekeela planteatzen dute.


Azken urteetako greba orokor arrakastatsuek, LOMCEaren aurkako eta hezkuntza publikoa defendatzeko egindako ikasle greba bikainek, PAHren bitartez aurrera eramandako etxe kaleratzeen aurkako borrokak, lan gatazketan langileen greba mugagabeak eta borrokak... Mobilizazio eredugarri guzti hauek, batzuk aipatzearren, borrokatzea posible dela eta irabaz daitekeela erakutsi dute. Langile klasea bere tradizio onenak berreskuratzen ari da: asanblada demokratikoak, erresistentzia kutxak, elkartasuna lortzeko mobilizazioak zabaltzea, greba mugagabeak... Garaitu daiteke eskuina, bai noski, baina tinko borrokatzen bada, mobilizazioak elkartzen badira, greba orokorrei jarraipena ematen bazaie eta egoerak eskatzen duen mailan dagoen programa bat defendatzen bada.

Langile klasea da eraldaketa sozialaren motorra

PPren, EAJren eta UPNren gobernuak etengabe saiatu dira protesta soziala kriminalizatzen komunikabideen eta errepresio polizialaren bitartez edota askatasun eta eskubide demokratikoak erasotzen dituzten legeekin. Hala ere, errepresioak ezin du borroka geratu. Aitzitik, borroken erradikalizazioak eta geroz eta gehiago diren greba mugagabeek argi uzten dute, alde batetik, langileen hainbat sektorek beren eskubideak defendatzeko amaierara arte iristeko duten determinazioa eta, bestetik, patronalaren erasokortasunaren aurrean moketazko sindikalismoaren porrota. Zeinen ikasgai izugarria beren akademietako atril erosoetatik eta egunkarietako zutabeetatik langile klasea ez zela existitzen eta, noski, ez zela subjektu iraultzailea zioten horientzat!


Gorantz doan dinamika baten aurrean gaude, bere nahitaezko gorakada eta beherakadekin, baina garatzen jarraituko duena. Hori eragingo dute PPk, EAJk eta UPNk zerrendan dauzkaten murrizketa berriek, eta baita garaipenetatik nahiz porrotetatik ateratzen diren ikasgaiek ere.


Korronte orokorra aukera iraultzaile eta sozialista bat eskala handian garatzearen aldekoa da. Honen helburua eskuineko gobernuekin amaitzea baino askoz haratago doa. Ez da nahikoa bozkatzea eta eskuina gobernuetatik kentzea, hau beharrezkoa bada ere. Beharrezkoa da instituzioetan, baina batez ere kalean, modu tinko eta kontsekuente batez langileen interesak eta kapitalismoak zapaldurik daukan gehiengo sozialarenak defendatuko dituen proiektu politikoa defendatzea.


Agerian dago langile mugimenduan eta bere erakundeetan posizio politikoen espektro zabala dagoela. Posizio erreformistenetatik eta sozialdemokraziatik gertuen daudenetatik borrokarekin eta eraldaketa sozialarekin kontsekuenteenak diren sektoreetara arte. Gure ustez, beharrezkoa da sozialismo iraultzailearen ideiak defendatzea langile mugimenduan eta honekin batera beharrezkoa da langileen erakundeek sozialismoaren aldeko borroka antolatu eta kontzientea bultzatzea.


Helburu honetan, beharrezkoa da programa sozialistaren defentsan eta langile klasearen indarrean, borroka gaitasunean eta sormenean oinarrituko den estrategia. Funtsezkoa da sindikatuek eta ezkerreko alderdiek sitema kapitalista honen logika ez onartzea; sektore finantzariaren eta monopolio handien (banku, elektrizitate, garraio, telekomunikazio...) langileen kontrol demokratikopeko nazionalizazioa defendatzea; etxe kaleratze guztien aurka eta banka handiaren jabetza diren etxebizitza multzoaren desjabetzearen alde borrokatzea, horiek alokairu sozialean ezartzeko; hezkuntzaren kontraerreforma frankistaren (LOMCE) aurkako eta osasungintzaren pribatizazioaren aurkako mobilizazioaren buruan jartzea; greba orokorrei jarraipena ematea kaleratze masiboei aurre egiteko; 35 orduko lan astea defendatzea...


Beste mota bateko gizarte bat eraiki dezakegula seinalatu behar dugu, monopolio handi batzuen, milioidun eta bankarien gutxiengoaren diktaduratik askaturik egongo dena. Gizarte sozialista honen aldeko borroka ez da asmo oneko utopia bat, gizateriaren konkistak mantentzeko presazko behar bat baizik. Hori da langileek eta gazteek Euskal Herri aske eta sozialista bat lortzeko nahi dugun eta behar dugun bidea.

Arkaitz Aparicio, Euskal Herria Sozialista-ren izenean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!