Cafe Lavanderia

Erabiltzailearen aurpegia Bi Bala Taldea 2016ko mar. 19a, 21:17

Gauza bat esango dizuegu: euskaldunok eta japoniarrak kategorian ulertzen dugu elkar. Hizkuntza ez dela oztopo konturatu gara topikoak banan-bana erortzen ari zaizkigun egun hauetan.

Eta ez da gu hemen gaudenetik Tokioko Euskal Etxeko euskara klaseetan 35 milioi lagunek bapatean izena eman dutelako, ez, ez. Ezta hiztegi japoniarra buruz ikasi dugulako ere. Alegiako lagun handi batek dion moduan, “magia” izango da.

Euri zaparrada galantak esnatu gaitu gaur Kawasaki hirian. Patxada ederrean gosaldu, eta lasai hartu dugu goiza Doraemonen auzoan. Izan ere, marrazki bizidunetako katu kosmikoaren auzoan dago Shogo lagunaren etxea. Hemendik bi pausora dago Doraemonen museo erraldoia (sartzeko itxarote zerrenda hilabeteetakoa omen) eta pertsonaiaren erreferentziaz beteta dago lekua. Zorionekoak gu!

Lur azpiko metroan tokia egin, eta puntualitate japoniarrean gerturatu gara Shinjuku auzoko Cafe Lavanderia-ra. Sartu orduko ohartu gara bertatik musikari handiak pasa direla: Fermin Muguruza, Esne Beltza, Zuloak, Obrint Pas, … tabernako hormetan esker onezko hitzak utzi baitzituzten. Soinu-proban galdetu dugu ea guk hormako zein tokitan idatzi genezakeen antzeko zerbait, eta erantzuna irribarrez eman digute: “hori irabazi egin behar duzue, adixkideak!”.

Rotuladorea gorde, soinu probak egin, lasaitzeko paseotxo labur bat eman eta iritsi da Japoniako Birako gure bigarren azterketa. Ez gaude oso ohituak gure abestiak modu akustikoan jotzera, baina lotsa galdu izanak baditu bere abantailak.

Eroso sentitu gara hasieratik. Etxean jokatzen ari bagina moduan. Cafe Lavanderiako lagunek adi entzun dute haiei kantatzeko genuena, euskaraz balekite bezala, eta amaieran aurreikusita ez geneukan bisa ere egin dugu entzuleen eskariz. Arigato!

Ezusteko handiena, ordea, euskaldun koadrila batek eman digu. Eta ez nolanahikoa! Japonian ikuskizun berezi bat prestatzen ari diren Oreka Tx taldeko Harkaitz eta Mikel musikariak azaldu baitira kontzertura Mixel Ducaurekin batera. Kontzertu osteko garagardotan inguratu zaigu Nami Kaneko ere, Kirmen Uriberen “Musche” nobela euskaratik japonierara itzuli duen idazlea.

Erreberentziak eginez eta eskerrak emanez atera gara bigarren kontzertutik, hirugarren eguna borobila izan den uste osoarekin.

Ah, eta irabazi dugu gure lekutxoa Cafe Lavanderian jo duten musikari handien horman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!