Onbupeko azken egunak

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Pilota: Argentina bira 2017ko api. 23a, 01:35

Rosarion eman diogu amaiera bertsopilotaren Argentinako birari. Parana ibaia bezain zabala izan da ikusitakoa eta korronte beraren indarrez bultzatzen gaitu itzultzera.

Oharkabe heldu gara itzuli aurretik azken geltoki izango dugun Rosariora. Parana ibaiaren ertzean altxatzen dira eraikin berriak, ibaiaren luzea bertikalean berdindu nahi balute bezala. Koloreen kolorea du Rosariok: eraikin txuriak edo harrizkoak, zeru urdina, parke ugarien berdea eta Amazonian sentiarazten gaituen ibai marroia.

Ez dugu izena irakurri beharrik izan euskal etxea ezagutzeko, Rosarioko kaleetan barrena baserri atari batekin egin baitugu topo. Zazpiak-bat izenaz apainduta ikusi ditugu lurraldeetako armarriak sarreran. Zineforuma izan dute bazkideek eta eurekin afaltzera gonbidatu gaituztenez, afalostean abestu ditugu lehen bertsoak. Pello Mari Otaño gogoan, onbu laztanetik jarritako sortaren doinuan (Euskal Herriko lur maite hartan) aritu gara, azalpen eta guzti. Bertakoek pozik entzun dute ezagun egiten zaien gizon harekiko gure ikuspegia eta euskaraz apenas inork zekien arren, adi-adi entzun gaituzte.
 
Hurrengo goiza hiria ezagutzeko baliatu dugu, bertan euskara irakasle dabilen Alejo gazteari esker. Txundituta utzi gaitu bere euskara mailak eta are gehiago harritu gaitu arbasorik edo ingurukorik gabe, euskaldun batzuk behin ezagutu eta jakin-min hutsetik abiatuta egin duen ibilbideak. Luxua izan da bere ahotik eta euskaraz iterpretatuta jasotzea hiria.
 
Arratsaldean azken bertsopilota emanaldia izan dugu, lehen aldiz frontoian (aurrekoak trinketan jokatu dira). Tantoak gehitu ahala berotzen joan da partida eta jendeak gertutik jarraitu ditu pilotarien keinu guztiak. Bertsoak ere arretaz hartu dituzte, abestu artean izoztuta eta itzulpenetan erreakzioak piztuz. Giro politarekin eman diogu amaiera partidari eta afari hobearekin eman diogu itxiera egonaldiari.
 
Konturatzerako iritsi da agurtzeko ordua eta Otañok egin ezin izan zuen bidea abiatu dugu, "Euskal Herriko arbolpe hartan" gure bertsoak uztera. Ez dakigu bere onbu laztanak bizi zen artean zutik iraun ote zion, baina zuhaitzari eskatzen ez zion frutua bere lanak eman zuela esan daiteke; bada zerbait, bere heriotza baino ehun urte geroago bere bertsoak gogoratuz gureak sortzea.

 

Oihana Iguaran

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!