Allatu gattun/k

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Pilota: Argentina bira 2017ko apirilaren 10a

Lehen orduan Buenos Airesen eta deskantsurako tarterik ez: Euskalzaleak taldeko lagunekin elkartu gara, bertso bazkariaren aitzakian. Hizkuntza baten inguruan antolatutako talde ederra, harrera beroa egin diguna.

 

Donostiako autobus geltokian hasi zenak Madrilgo Barajasko aireportuan izan zuen jarraipena. Gaueko 23:30ean hegaldia hartu, eta turbulentzia batzuren eta hamar orduren ondoren Sao Paulora iritsi ginen, oraindik gauez, eta goizeko lehen argiekin heldu gara Buenos Airesera. Pilotari eta bertsolariak gau-txoriak garela esan izan digute maiz eta hala izango da, hamasei orduko gaua ezagutu baituko munduaren bazter batetik bestera gindoazela.

Euritan bustita egin digu Buenos Airesek harrera; besapeetara itsatsi zaigu hezetasuna. Aireportutik hostalerako bidean begirada triste eta azentu alaiko taxistek kontatu digute garai hobeak ezagututako hiria dela Buenos Aires. Errepide bazterrean ikusi ditugu garai batean lanera etorri eta lanik gabe geratutako langileek osatutako “Villa” edo txabolaz egindako auzoak. Dotoreak dira etxebizitzak, zabalak etorbideak, baina behin zuri izandako hiria kresalak, denborak eta krisiak ajatuta aurkitu dugu.

Eta oraindik esateko baino galdetzeko gehiago geneukala lehendabiziko emanaldia egin dugu Euskaltzaleak elkarteak antolatuta. Garaje batean dastatu ditugu parrillan erretako haragi eta txorizoak, eta hiru egunetan lehenengoz izan dugu entsalada bat jateko aukera ere. Sabela ondo berdinduta eta hegaldietako urduritasun eta lo-faltari buelta ematen hasita bertsotan ia ordubeteko saioa eskaini dugu Beñatek eta Oihanak. Hizkuntzak bildutako elkartea da Euskaltzaleak: euskara ikasteko eta beraien arteko harremanetan euskarazko gune berriak sortzeko elkartzen dira, eta helburu horrekin antolatu dute bertso-bazkaria ere. Eta Euskal Herriaz galdetu digute; bertsolaritzaz, armagabetzeaz, pilotaz, Korrikaz... Eta elkarrekin bukatu dugu saioa “Agur Jaunak” bi ahotsetara (edo) kantatuz, hamasei ordu hegan egin ondoren Euskal Herrian jarraitzen dugun sentsazioarekin.

Albertoren kamioiko atzeko aldean ezkutatuta murgildu gara Buenos Airesko gauean. Baina hori, adixkideok, beste egunen batean kontatuko dizuegu.

 

Beñat Gaztelumendi

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!