Euskararen Historia luzatzen

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2024ko mar. 20a, 12:28

Larunbatean bukatu zen Altzoko Kultura Batzordeak eta Galtzaundi Euskara Elkarteak elkarlanean antolatu dugun ikastaroa.  Historia luzea du gure hizkuntzak, hain luzea non adituenak ere ezin baitira bat etorri bere abiapuntu eta bilakaeraz, eta berori luzatzeko miraz eman genion bukaera urtarrilaren 20an hasitakoari. Argi geratu da orain artekoarekiko jakinmina adinakoa dela, are, handiagoa, gaurko egoeraz eta etorkizunaz dugun kezka. Etsipenik gabe, halere, Historia luzatzen jarraituko dugu.

Esandako orduan eta tokian, Altzoko Batzarremuinon, elkartu ginen euskararen etorkizunari buruz gogoeta piztera etorri ziren mahaikideak eta ikastaroko berrogeita hamar partaide. Kike Amonarrizek, mahaiaren moderatzaileak, bertsolari txapelketako saioa bailitzan, hitza hartzeko ordena zozketaz erabaki arazi zuen. Kontseiluko idazkari nagusi Edurne Eskisabeli egokitu zitzaion lehen hitza hartzea, eta segida eman zioten Angelutik etorri zen Eneko Gorrik, esukara teknikaria eta Plazara kooperatibako kidea bera, Euskal Herrian Euskaraz taldeko Intza Gurrutxagak eta, azkenik,  Iñaki Martinez de Luna soziologo eta, beste gauza askoren artean, Garabide Elkarteko lehendakariak.

Oso-oso zaila da esan zuten, galdetu genien, eta erantzun ziguten guztia hitz gutxitara ekartzea. Asko izan ziren galderak - ikastaroko partaideek aldez aurretik egiteko aukera izan dugu- eta askotarikoak erantzunak.  Metafora txiki bat eginez, barkatu atrebentzia, honetara laburbil daiteke: begi bistan dugun ortzia nahikoa arrea da, hodeitsua, baina badira argi izpiak, ostarteak, etorkizuna itxaropentsu ikustea ahalbidetzen digutenak.

Hodeiak, hodeitzarrak, betikotuak daudela dirudi. Historia errepasatzen ari garen honetan ikusi eta ikasi dugu, euskaldunok agintea eta legea beti aurka izan dugula edo, bestaldera esanda, ez dugula inoiz guztiz alde eduki. Beti egon gara hodei eta laino artean, aldian aldiko ostartetxoak baliatuz batzuetan, eta, beste hark zioen bezala "zarba batekin laino-hodeien kanduak apartatatuz" bidea garbitu hala eginez.

Eta horrelaxe jarraitzen dugu guk euskaradunok, eta halaxe munduko hainbat eta hainbat hizkuntza gutxituek. Aginteak, merkatuak, globalizazioak, jendearen utzikeriak edo maltzurrak, ez du kupidik. Hizlarien txandaren hastapen-hastapenean esan zuen Idurre Eskisabelek: "Mundua kontra daukagu!". Eta esaldi astun zapaltzaile hori arrazoitzeko adibideak ez ziren gutxi izan: lanpostu publikotako eskakizunetako atzeraldiak, epaiak, aldagai soziologiko eta ekonomikoak, gobernu espainol eta frantsesen jarrerak ... Denoi egin zitzaigun harrigarria, ia denera jarriak geundela uste genuen, Eneko Gorrik jakinarazi zigun gauza batek, bertan egon ez bagina jakingo ez genukeena: Ipar Euskal Herriko eskoletako irakasleek jaso dute beren gobernutik email bat, esanez, debekatua dutela Korrika Txikitan parte hartzea. 

Baina badira ostarteak, noski! Intza Gurrutxagak esan zuen: Gizartea euskararen alde dago! Asmatu beharra daukagu jarrera latente hori aktibatzen, aldekotasuna eguneroko jarrera eta ekintzetara ekartzen. Pizten du barrua taldeko gazteenaren ahotik hori entzuteak. Aldekotasun hori eskubideen zorura ekartzean tentuz ibili behar dugula esan zigun Iñaki Martinez de Lunak, indibiduon eskubideen zorua gatazkatsua baita, are, legeak ez gaituenean babesten hizkuntza gutxituen hiztunok. Aspalditik datorren kontua da hau ere, baina orain arte bezala aurrera ere lokatz hauetan zangoak tinko jartzeko harriak topatuko ditugu.

Ikastaroaren hondarrean, tartetxo bat hartu genuen partaideok balorazio orria bete eta hurrengo urterako proposamenak egiteko -balorazio oso ona izan du eta proposamen mordoxka jaso da- eta, gero, elkarrekin bazkaltzera gelditu ginen hogei bat lagun. 

Harri, harro, herri! Korrika batzuetan, pausuan hurrena, auskalo nozitik gaur arte heldu garenok ez dugu atzera egingo. Asmo horiek bildu genituen!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!