Imaz Bertsolaria Eskolak 25 urte: asteburu borobila

Emozio handiz eta humore ederrean bizitako asteburua izan dugu Altzon. Larunbatean eman genien hasiera Imaz Bertsolaria Eskolaren 25. urtebetetzea ospatzeko ekitaldiei, eta igandean, egitarauko lehen ekimena, Imazen pagopean antzerki herrikoi eta ibiltaria burutu genuen. Harrera eta erantzun bikaina izan zuten bi ekitaldiek.

Imaz Bertsolaria Eskolak 25 urte: emozioa

Larunbatean, 12:00etan puntuan eman zitzaion hasiera Altzoko Eskolaren urtebetetzea ospatzeko ekitaldiari. Ekitaldi xumea baina hunkigarria izan zen. Bertan elkartu ginen 25 urte hauetan eskola honetatik igarotako ikasle gehienak, irakasleak -lehen zuzendari Elena Arrizabalaga, Jaione Munduate, Mila Etxeberria, Josebe Rezola, Arantxa Menendez  eta egungoak- , eskola komunitateko gurasoak -egungoak eta ohiak-, udal langileak, udalkideak eta herritar asko. Santilazpi Guraso Elkarteko zuzendaritza buruak, Estibalitz Ezeizak, gidatu zuen ekitaldia eta, ospakizunaren arrazoiak azaldu ondoren, hitza eman zien eskolaren aldi berri honen hastapenetan parte-hartze zuzena izan zuten eskolako guraso eta ikasle batzuri -Jexux Murua gurasoari eta Ane Balerdi eta Xabat Artola ikasleei- , egungo irakasle taldeko kideei -Olaitz Duhau zuzendariari eta Endoia Artieda ikasketa buruari- eta herriko alkate Xabier Olanori. Segidan Eider Epelderi eman zion hitza eta, honek, urteurren hau irudikatuko duen logotipoa sortzeko prozesoa azaldu zuen -ikasleek egin dituzte proposamenak eta horietatik sortu da irudia- , kamiseta eta jertxe pasea egin arazi zuen, eta dagonerako ikasleen laguntzarekin margotua zuten irudiari 25 zenbakia gehitu zioten. Gero, Maixa Lizarribarrek urteurren honentzat espreski sortu duen kantuak egin duen bidea azaldu zuen -Maixak moldatu du melodia eta Agustin Amianok lagundu dio hitzak jartzen- eta zuzeneko aurkezpena egin zuen ikasle batzuren laguntzarekin. Eta iritsi zen goizeko une zirarragarriena: 25 urte hauetako ikasle guztiak -102 jada paseak direnak eskolatik eta egungo 41ak- deituak izan ziren argazki handi bat ateratzeko, eta gehien-gehienak etorri ziren. Emozio handiko une ederra! Bukaera emateko, urteko egitarauaren berri eman zuen Estibalitzek, diseinatutako jantzien eskaria egiteko prozedura azaldu zuen, hurrengo eguneko ekimenean parte hartzea animatu gintuen,  eta Guraso Elkarteko kideek prestatutako mokadua eginez, bertaratutakoen arteko hizketaldi lasaiean amaitu genuen. Eguraldia lagun izan genuen. Eguarte ederra!

Imazen pagopean herri antzerki ibiltaria: gozagarria

Igandeko ekitaldiak larunbatekoaren bidetik jarraitu zuen, zoragarri. Eguarte bikaina igaro genuen. 11:00an puntuan, Agustin Amianok, Imazen pagopean antzerki herrikoi eta ibiltariaren gidoigile eta zuzendariak hartu zuen hitza ekitaldia aurkezteko bertaratu zen ikusentzule andanari. Segidan, lehen pasartea -seminariotik bueltan zetorren Manuel Imaz eta aitaren arteko elkarrizketa- antzeztuz eman zitzaion hasiera ibiliari: plazatik Aizpeko lisiba putzuko lanak ikusiz  Geizara -Erromeria eta Manuelek Paula Jauregiri egindako esku-eskatzea- , jarraituz, Harrimatik Urki gainera -ezkon berrien pago  landaketa-, handik Legarre baserrira -soroko lanak, Asteasuko itsuaren bertso-paper eskaera eta apaizaren aginduak-, eta buelta herrira, frontoi zaharrera -gazteak pelotan eta Itsua bertso-paperak saltzen-, Arretxe baserrira -Apazizaren mandatua betetzen eta Altzoko Haundiaren bisita- eta, azkenik, berriro herriko plazara amaiera emateko festa giroan, dantza saioa eginez eta Imazen bertsoak abestuz. Aitzekiarik gabeko ekitaldia izan zen. Ibilbidea Xanti Nazabal eta Garikoitz Lobregatek goxatu ziguten beren txistu, danbolin eta muxu-kitarrarekin, eta Lurdes Lermaren akordeoia lagun izan zuten Artea dantza-taldeko dantzariekin batera Geizan eskaini ziguten erromerian. Antzezlanak amaituta, talde argazkia atera zen eta ondo merezitako lore-sorta bana eman zitzaien Agustin Amiano gidoigile eta zuzendariari, Haritz Olano zuzendari-laguntzaileari eta Lerni Izagirre atonketa eta eskena prestatzaileari. 

Aarrakastatsua izan zen emankizuna, bai herritarren parte-hartzeari dagokionez, bai bildu zuen ikusle kopuruari dagokionez -ikustekoa zen jende multzo ilara ibilbidean- eta baita ikusentzuleengan eragindako efektuari dagokonez: gustatu zitzaien bertaratu ziren guztiei, eta ekitaldiari buruzko goresmen eta eskerronezko hitzak baino ez ziren jaso.

Asteburu gogoangarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!