Eskolan, udaberria marrazteko eskatu diete bost urteko haurrei. Haiek korrika eta muturka margoen kutxara joan dira eta segituan hasi dira lanean: loreak, tximeletak, eguzkia eta zelaiak marraztu dituzte.

Kontuak kontu, ordu erdiren bueltan bukatu dute denek, eta harro-harro gelditu dira margolanei begira, inoren marrazkiaren inbidiarik gabe; Picasso bera ere ez zen gusturago geldituko Gernika bukatu zuenean. Andereñok baieztatu die baietz, mundialak direla haien marrazkiak eta etxekoei erakustea ere merezi duela.

Esan eta egin: etxeko guztiei erakutsi diete marrazkia. Gurasoek “artista zara, gero!” esan diete, aiton-amonek gozoki gehiago eman dizkiete sari gisa, eta izeba-osabenean ere ez da zorionik falta izan. Horrelako harrera jaso izanak ez die haurrei zalantzarik uzten: baietz, zinez artistak direla.

Horregatik, gerora bide beretik joko dute beste gauza batzuetarako ere; alegia, zerbait egingo dute, zerbait hori ustez haien gainetik daudenei erakutsiko diete, eta epaiaren zain geldituko dira: kale edo bale. Kale denean, hurrengorako zer aldatu pentsatuko dute, “k” hori ahal bezain pronto “b” batez ordezka dezaten. Bale bada, erraza, erosotasun horri gogor eutsi eta aurrera. Urteek aurrera egin ahala, gero eta zailagoa izango zaie baleak lortzea; kaleak, aldiz, erdi-prezioan eta nonahi.

Eta horrela bizi da makina bat, bere burua besteen begietatik epaitzen eta norberaren balioa besteen baleen arabera neurtzen; esku-zarta baten truke direnak eta ez direnak egiten, inoiz jasotako gozoki haren nostalgian. Paper zuriaren aurrean kikildu egiten gara; ez gara ausartzen arkatzez trazurik egitera, are gutxiago errotulagailuz, horrek ez omen du eta atzera bueltarik. Baina zer demontre, permanente beltzez orri erdian egindako marra hori gustuko badugu, zergatik utzi orria zurian?

Orri zurian, marraz dezala norberak gehien maite duen hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!