«Gu kritikoak gara, bereziki gure bizi estiloa zalantzan ez jartzearekin»

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2016ko uzt. 10a, 22:10

'Kaixomaitia.eus' webgunearen sortzailea da Iñigo Arandia (Tolosa, 1974). Bederatzigarren urtemugan webgunea eraberritu dute. Azala eta barrualdea aldatu dizkiote, eta zerbitzu berriak ere jarri dituzte martxan.

Duela bederatzi urte baziren bakan batzuk. Kimuak ziren. Loratzen hasi berriak. Baina euskaraz, ordea, ez zegoen harremanetarako webgunerik, ligatzeko tokirik. Bera izan zen aitzindaria, garaiko kaixomaitia.com-en eta egungo kaixomaitia.eus-en sortzailea. Duela bederatzi urteko kimua sustraitzen ari da oraindik ere gurean, horrelako espazioak gertukoak bezain arrotzak egiten baitzaizkigu.

Zer da 'kaixomaitia.eus'?

Maila afektibo, intimo nahiz sexualean beste pertsona bat behar duenarentzat harremanetarako webgunea da. Iraupen nahiz konpromisoa gaur egun gizartean konpromisoa ulertzen den moduan ulertuta librea eta irekia da guztiz, ez da mugatzailea.

Euskal Herriko lehen harremanetarako webgunea da...

Orduan ez zegoen horrelakorik. Chesterren bizi nintzen, Ingalarretan, eta zine pornoko produktore baten inguruko filma ikusi nuen. Harremanak izateko zailtasunak dituen galdetu zioten eta ea zein kanaletatik izaten zituen. Zaila zela esan zuen eta bikotekideak bilatzeko internet erabiltzen zuela. Gogoan dut pantailan, mikrosegundo batez, webgune bat ikusi zela. Kontzeptua, ideia eta bideragarritasuna asko gustatu zitzaizkidan eta informatzen hasi nintzen.

Ingalaterratik Euskal Herrira etorri nintzen 2003an eta handik bi urtera ireki nuen enpresa, 2005ean, eta kaixomaitia.eus 2007an plazaratu nuen.

Itzaleko bi urteko lana...

Bi urtez ideia hori izan nuen buruan eta patxadaz aritu nintzen lanean kaleratu arte.

Lehendabizikoa; eta, gainera, euskara hutsean.

Masa kritiko aldetik bideragarria zen euskaraz izatea, beraz, garbi neukan horrela izan behar zuela. Helburuetako bat sarean euskararen normalizazioa lortzea zen.

Gure komunitatea ez al da txikiegia horrelako proiektu baterako?

Txikia da, baina ez txikiegia. Nahikoa handia da horrelako proiektu baterako. Kontua da diglosi egoera batean dagoela euskal komunitate hau, zeren euskaldun batek aukera dauka meetic bezalako webgune batean ere egoteko. Eskaintza oparoagoa edo, behintzat, zabalagoa izango du...

Eta, eremu zabalagoa hartzen duenez, ezezagunagoak izateko sentsazioa ere eman dezake Espainiako harremanetarako webgune batek.

Euskal Herria txikia da, baina euskal komunitatea are txikiagoa da. Auzo lotsa pittin bat daukagu, publikoki horrelako istorio batean sartzearen lotsa.

Zergatik?

Erdal komunitatean ere gertatzen da, pertzepzio negatibo hori ere badago, baina difuminatuagoa da. Kulturalki ere desberdinak gara. Hemen, behintzat, errealitate bat da lotsa hori. Agerikoa da, adibidez, argazkia jartzerako garaian.

Hori dela eta, prezioen segmentaziora jo dugu. Argazkia jartzen ez duenak prezio-diskriminazioa du; honela, argazkia jartzea sustatu nahi dugu.

Lehen iritzia itxurak eragindakoa delako?

Jendea argazkiak ikusteko sartzen da, hori da arreta bereganatzen duena. Produktuaren ezinbesteko zatia da.

Hasieran prezio-diskriminazio estrategia geneukan. Aurrerago kendu egin genuen eta jendea pixkana-pixkana profiletako argazkia kentzen joan zen. Kutsadura moduko bat txertatzen da. Hortaz, berriz lehengora itzuli gara. Argazki irekia jartzen duenak izen emate oso merkea izango du; argazkia pribatuan jartzen duenak nahi duenak ikusteko aukera izango du, baina pittin bat garestiagoa izango da; argazkirik gabeko soslaia ere izango da, garestiena.

Asmoa jende askok diru oso gutxi ordaintzea al da?

Komunitatea bizia eta dinamikoa izatea garrantzitsua da. Kontzeptualki hori lortu dugu. Sarritan horrelako webguneak ahalik eta erabiltzaile gehien edukitzen saiatzen dira, horrela funtzionatzen dute. Bolumen handiak lortzen saiatzen dira, izen emate oso errazekin, zaku handi hori erakargarria delako erabiltzaile berrientzat. Baina, kasu horietan, gehiengo handi batek ordaintzen ez duenez, ezin da harremanetan jarri besteekin; eta, berarekin kontaktatuz gero, ezin dute erantzun. Guk hori ekidin nahi genuen

Guretzat, ordea, ordaintzen duena erantzungarria izatea ezinbestekoa da. Ordaintzen duena gustura egotea oinarrizkoa da guretzat. Eta bai, guk oso diru gutxi ordainduko duen baina ordaintzeko prest dagoen jende asko bildu nahi dugu.

Prezioak eragin du lotsak albo batera uztean?

Bai, eta horrek ere kutsatze-efektua sortzen du. Geroz eta argazki gehiago ikusten badituzu, zuk ere jartzen duzu.

Errazagoa izango da gainera argazkia jarrita ligatzea, ezta?

Bestela oso zaila da, toki guztietan bezala. Taberna batean ere, lehen istantean, itxurari begiratzen diozu.

Lanketaren bat egin duzue jendeak duen lotsa edo beldur hori aldatzeko?

Aurreiritzi askorekin jokatzen dugu. Jendeak hori gaizki ikusia dagoela uste dugunez, guk ere hala pentsatzen dugu. Baina izatez, ez da horrela. Dena den, herentzia daukagu oraindik, eta hasierako txatetan ibiltzen ziren informatikari horiek aurkituko ditugula uste dugu. Pantailaren bestaldean horrelako jendea topatuko dugula uste dugu.

Eta denetik dago, ezta?

4.000 erabiltzailetik gora dauzkagu. Denetik dago.

Gizonezko ala emakumezko gehiago?

Bi gizonezko emakume bakoitzeko. Niri asko interesatzen zait emakumeak nola sentitzen diren jakitea. Kopuru horren zergatia, esaterako, asko interesatzen zait.

Akaso gaizki ikusia dagoelako ligatu nahi duen emakumea izatea...

Akaso hori da, bai, harrapakaria izatea eta ez harrapakina. Ordaintzerakoan ere ikusten da desberdintasun hori. Horrelako webgune batzuetan emakumeek ez dute ordaintzen, baina mutilek bai. Eta, zerbitzuagatik ez baduzu ordaintzen, zu zara zerbitzua. Horrelako kasuetan, emakumea da produktua.

Oso barneratuta daukagu matxismoa. 

Bai. Lehenik eta behin aurretik eraikitako klixe guztiak deseraiki behar dituzu...

Zergatik daukagu errezeloa Internet bidezko harremanak garbiak ez direla? Bestelako harremanetarako erabiltzen dugu...

Gainera, batak ez du bestea kentzen. Interneten harremanak izateagatik ez du esan nahi kalean edukiko ez ditugunik. Biak dira uztargarriak. Interneten atzean ere pertsona bat dago, eta harreman horrek ere salto bat eman dezake off linera.

Baina pantaila batek asko babesten du...


Aukera handia ematen du benetan nahi duzun hori azaltzeko. Ez duzu epaitua sentitzeko beldurrik eta zuzenagoa izateko aukera ematen dizu, argi esateko zer nahi duzun. Interneten hasieratik utzi dezakezu argi zure nahia, eta zurekin kontaktatzen duenak aurretik daki zein den zure asmoa. Inork ez du inor engainatzen.

Gezurrak esateko babesa ere eman dezake pantaila batek...

Gezurrek bide motza daukate. Aurrez aurre ere gezurra esatea daukazu, baina berandu baino lehen enteratuko zara.

Bederatzi urtetan horrelako webguneekiko pertzepzioak aldatu egin dira ziurrenik. Zuek ere aldatu zarete bederatzi urte hauetan...

Erabakia arre edo so egitea izan zen, eta aurrera egitea erabaki nuen. Ez nion neure buruari barkatu dena eman gabe uztea. Potentzialitatea badu eta aukera baliatu nahi nuen.

Euskaltzaletasunetik jaio zen, eta hori dagoeneko barneratuta daukagu. Balioetan ere eragin nahi genuen. Gogoeta bat egin nahi genuen gizarteak harremanak bizitzeko duen moduaren inguruan, mahai gainean jarri zergatik errepikatzen ditugun hainbat jarrera eta ohitura zalantzan jarri gabe. Bikote heterosexuala, monogamoa, betirako izango dena... harreman erromantiko hori bakarrik ez dagoela erakutsi nahi dugu.

Dagoena kritikatu nahi duzue ala fokua altxa eta beste hainbat aukera ere mahai gainean jarri dituzue?

Printzipioz gu kritikoak gara, bereziki gure bizi estiloa zalantzan ez jartzearekin. Bakoitzak duda egin ondoren, ezagutzatik, erabaki dezala; ez daitezela izan hausnartu gabeko erabakiak.

Horren aurrean, gure asmoa eztabaida piztea da. Finean, senar-emazteak enpresak dira. Amodio erromantiko horren arrakasta bost urtetan %50ekoa dela jakinda, sartuko zinateke enbaxada horretan? Galdera gisa diot...

Orduan, zergatik hartzen dugu bide hori, gainontzekoek ere horrela egiten dutelako ala sinetsita gaudelako zoriontasunerako bidea hori dela?

Guztiak armairu baten barruan gaude eta armairutik ateratzeak kostu pertsonal izugarria dauka. Ez naiz ari soilik homosexualitateaz, baizik eta heteronormatiboa ez den guzti horretaz. Horren aurrean beste irudi bat hartzeak sakrifizio pertsonala dauka.

Heziketagatik edo kulturagatik, ziur egongo dela oso jende zoriontsua maitasuna era erromantikoan bizitzen eta modu horretara ulertzen. Baina guk horretatik harago beste hainbat errealitate eta aukera daudela erakutsi nahi dugu, inor epaitu gabe gogoeta eragin nahi dugu.

Begira, LGTBIQ edo Maitale segmentuak dauzkagu, esaterako. Horrek jarrera bat erakusten du, baina mezu bat ere eman nahi du. Guztiak dira ongietorriak, denek izango dute lekua.

Emakume eta gizonezkoen dikotomiarekin ere hautsi duzue...

Emakumeak eta gizonak. Genero dikotomia hori zegoen lehen. Guk orain gizon edo emakume sentitzen ez diren horiei ere egin diegu tokia.

Transgeneroak adibidez.

Sexu inkesta bat egin dugu eta hor, adibidez, hamazazpik eman dute izena transgenerotzat.

Aldaketa hori egin duzue, baina oro har webgunea osotasunean eraberritu duzue.

2009koa zen webgunea, beraz, eta internetez ari garenez, historiaurrekoa. Teknologia asko aldatu da, baita honen erabilera ere. Webgunea berritu behar genuen, bai ala bai, diseinua eta funtzionalitatea.

Negozio eredua ere aldatu duzue, dagoeneko aipatu dituzu aldaketa horietako batzuk: prezioa, balioen garrantzia...

Gure ideietako bat zera zen: probatu ezazu eta, gustatzen bazaizu, gelditu. Debalde probatu, jakin zer dagoen, eta gustura bazaude, ordaindu.

Balioak lantzeko bloga sortu dugu. Hausnarketarako tresna izango da, kolaboratzaile sare batekin elikatuko duguna.

Kolaboratzaile horietan kontuan izango duzu generoa?

Niri, printzipioz, emakumeen iritzia gehiago interesatzen zait. Bestela ere gizonezkoen nahiko iritzi dauzkagu irakurgai. Baina, argi daukaguna eta bermatu nahi duguna genero ikuspegitik idatzitakoa izango dela da.

Gu ez gara adituak, baina saiatu egin gara horretan adituak diren kolaboratzaileak izaten. Baina iritziak dira eta iritzia ematerakoan beti zaude jomuga batean. Nik uste dut euskal komunitatea txikia izanagatik, kritikarako zaletasuna dagoela. Horretaz kontziente gara, baina borondate on eta zintzoa daukagu. Bide honetan guztiok ikastea da gure asmoa, eta inportantea dena, lotara egunero lasai joatea.

Iritziek bakarrik daukate tokia?

Ez, bestelako edukia ere sartu nahi dugu: komikiak, erreportajeak, itzulpenak, artikuluak...

Blogaz gain, ekintzen atala ere sortu duzue.

Bestetik, off line ekintzak ere badauzkagu. Interneten oso aditua ez denarentzat edo horrelako webgune batean izena eman nahi ez duenarentzat sortu dugu. Gizartean zabaltzeko eta sona izateko beste aukera bat da.

Akaso are beldur gehiago ematen digu lehen momentutik aurpegia emateak...

Lehen ekintzara azaldu ziren asko beste kolektibo batzuetako kideak ziren. Horiek ohituak daude horrelako ekintzetara, ez dute inolako arazorik. Bizkartzainarekin etorri zezaketela ere jarri genuen, hau da, lagun baten konpainian etor zitezkeela.

Horrelako proiektuekin luzerako begirada eduki behar da, batzuetan martxan jartzea kosta egiten direlako. Eta, noski, ekintza bakoitza ezberdina denez, izango duten harrera ere desberdina izango delako.

Zuek ere ekintzetara joaten al zarete?

Lehen ekintzan han izan ginen. Gure barne-eztabaidak izan genituen joan ala ez erabakitzeko. Baina izena eman zutenei galdetu genien eta joan egin ginen, beraiek hala nahi zutelako. Hasieran, dinamikak ezagutzeko-eta, ez dago gaizki.

'Kaixomaitia.eus'-ek zer norabide hartzea edo zer eboluzio izatea gustatuko litzaizuke?

Egonkortzea, luze irautea eta gizartearen parte batentzat baliagarria izatea gustatuko litzaidake. Balio dezala gogoetarako, harremanen inguruko eztabaidak pizteko. Eta, gainera, balioko balu enpresa moduan pare bati lana emateko, primeran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!