Ur arteko egunak

Aurten ere burua jaitsi eta sorbaldak igotzea tokatu zaigu udan. Nola bestela, euririk gabeko uda bat Euskal Herrian. Gutxiago bustitzeko izango da-edo, baina ezertarako balio ez duela jakinda ere, ez da batere erraza makurtzearena gainetik kentzea. Begiak erdi itxita, aterkia daramaten arren pareta aldamenean doazenei iskin egin, eta makur-makur eginda iritsi zarenerako bukatu dute tragoa terrazako toldoaren azpian. Mugitu beharko. Esparragoak airean dauzkazu, behintzat; galtzerdi bustirik ez.

Zerutik eroritakoa nahikoa ez, eta baldeetatik botatakoarekin ere blaitu da mordoxka bat azken hilabeteetan. Ice Bucket Challenge erronkak sare sozialak eta zenbait hedabidetako webguneak hartu ditu. Ur hotza burutik behera bota dutenen bideoak saldoka zintzilikatu dituzte, pertsona ezagunenak tarteko. Denak, alboko esklerosi amiotrofikoaren alde batu dira. Berez. Lastima da, baina euria ari duenean sorbaldak igotzea bezalakoa izan da askorentzat: ez dakite zergatik.

Badakite gaixotasun baten aldeko katea dela, badakite ura gainetik ez botatzeak diru ekarpena handitzea dakarrela, eta badakite enkargua lagunei pasatu behar dietela. Inpresioa daukat, ordea, gaixotasuna zer den dakitenak ez direla aurreko guztia dakitenak bezain beste. Asmoetako bi lortzen ari da kanpaina, dudarik gabe: batetik, arreta piztu du —YouTube-ren historian gehien ikusi den egitasmoa da—; eta bestetik, ikerketarako babesa bildu du —pasa den asterako 110 milioi dolar baino gehiago jasoak zituen—. Poztekoa litzateke inguruan ikusitakoa bestelakoa balitz baldekada solidario bakoitzean.

Eta poztekoa da itsasoak udaren hondarrean utzitakoa. Itsasorik ez eskualdean, baina Mahomarena eginda Donostia aldean egon berri da Tolosaldeko ordezkari zabal bat, Kontxako Banderan. Garaipenekin itzuli dira asko, baina ziur markarik onena egin gabe bueltatu direnak ere pozik daudela; ez da gutxiagorako. Maila horretara iristerik ez dugunontzat, ordea, Oria ibaia ere ez da aukera txarra. Erakustaldia espero da bihar: elkarteetako mantalak utzi eta arraunak hartuta, Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarrenen alde botako dute izerdia gazte zein helduek. Beste bultzada bat orain arteko laguntza uholdeari.

Uholdeak, uda ondorenerako iragarri dituztenak. Ikasturtea indartsu hastea komeni, lehen egunetik goikoek behar baino gehiago estutu ez gaitzaten. Ez dizkigute gauzak erraz jarriko: izango da zer eskatu eta zeren aurka borrokatu. Ura ez den beste ezerk ez gaitzala makurrarazi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!