Dozena erdi bat pauso emanda uste baino urrutiago hel gaitezke, oso urrutira. Tolosatik Tokiora, adibidez; Iruratik Buenos Airesera, edo Ibarratik Kaliforniara. Hau irakurtzen zauden bitartean oinak aurrerantz mugituta proba egiten baduzu, ziur ez duzula lortuko. Baina etxetik bertatik egitea posible da.

Irratitik zetorren ahots batek ekarri dit gogora sei graduen banaketaren teoria. Hipotesi horren arabera, gutako bakoitzak gutxi gorabehera ehun pertsona ezagutzen ditu, izan lagun, senide edo lankide. Horietako bakoitzak beste ehun ezagun dituenez, zabaltzen doa pixkanaka sarea, eta halako sei katebegiren bidez planeta osoko herritarrengana hel gaitezke. Orain Facebook eta Twitter ezagutzen ditugula ez dirudi horren zaila, baina 85 urte dira Frigyes Karinthy idazleak teoria hori asmatu zuenetik. Internet ez zuten garaian ere existitzen zen konexioa.

Munduko hainbat txokotan San Joan suaren bueltan ibili diren horiek, beraz, ez dabiltza gugandik horren urruti. Gau horretako sinesmenetako batek dioenez, paper batean ahaztu nahi direnak zerrendatu eta sutara bota behar dira. Baina, iragana ahazteko ez ezik, etorkizuna aldatzeko ere balio dezake paper puska batek. Nola? Sei graduen banaketaren teoriarekin.

Hala egin zuen Michial Das gazteak lana bilatzeko, eta baita aurkitu ere. Bartzelonan bizi den belgikar horrek hiru txartel sortu zituen bere burua aurkeztuz, eta hiru lagunen artean banatu zituen, bakoitzari bat emanez. 1.412 kilometroko bidaia egin zuten txartelek, eta 16 lagunen eskuetatik pasatu ondoren, Bartzelonatik iritsi zitzaion eskaintza bat, gaur egun lan egiten duen enpresatik.

Baina, zalantzak ere sor ditzake ditxosozko teoriak. Lankide batek esan dit behin osabak Aita Santuari eskua eman ziola; horrek balioko ote du lotura bezala? Edo begiratu Amazoniara, zibilizazioarekin harremanik ez duten huaorani edo taromenane tribuko kideei. Inoiz inon ez badute inorekin harremanik izan, nola da posible haiengana gehienez sei pausotan iristea?

Argi dagoena da Interneteko konexioak huts egiten duen bezala, pertsonen artekoak ere kale egin dezakeela. «Sarbide mugatua» aurki dezakegu, konexiorik gabea, Tolosaldeko udalen eta Carlos Urkijoren artekoa bezalakoa, gutxi gorabehera. Edo, ezin asmatuta, publikoa ez den sare bat eduki. «Topa» egiteko arrazoi gutxi, eta kalte gehiegi osasunarentzat. Batzuetan gauza ederra behar du huaoranitar izatea…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!