Mahala Lauburu K.E. Jubenilen garaipena

Partida lehiakor batean, Lauburu K.E. Ibarra Mahalaren Nazio mailako Jubenilak Gora F.S. Bilbori 0-3koa eginda irabazi zion larunbatean Bilbon.

Hasiera-hasieratik bi taldeak oso indartsu atera ziren, markagailua estreinatzeko gogoz. Aukerarik arriskutsuenak ibartarrentzako ziren eta 6. minutuan, Tobik aurkariei prestatzeko ere denborarik eman gabe ateratako falta baten ondorioz, Josu Condek 1-0ekoa egitea lortu zuen. Tanto horrekin etxekoek beherakada izan zuten eta Ibarrakoek golerako aukera onak izan bazituzten ere, ateetan ez zuten asmatzen eta lehenengo zatia horrelaxe amaitu zen.

Bigarren zatian bizkaitarrak indar handiarekin atera ziren markagailuari itzuli bat eman nahian, eta piparreroak faltak pilatzea lortu zuten, bosgarren falta amaierarako 12 minutu falta zirela iritsi zelarik. Hala ere, Lauburu okerrak zuzentzeko gai izan zen eta aurkaria menderatzeari ekin zion.

Partiduaren 32. minutuan, Asier Ayerbek eskubi aldean kokatuta zegoen Tobiri bidali zion baloia eta honek, jaurtiketa bortitz bat medio, markagailuan 0-2koa ezartzea lortu zuen. Kolpe latz honen ostean, etxekoek atezain-jokalaria atera zuten kantxara, baina Txubelek posizioak mugituz aukera guztiak itxi zizkien bilbotarrei.

Iñaki Peña atezainak lan asko izan zuen tarte baten ondoren, behin betiko emaitza iritsi zen Jokin Odriozolaren eskutik. Markagailuan 0-3koa ipini eta sailkapenerako lehenengo hiru puntuak lortu zituzten ibartarrak

Filialaren garaipen ezin hobea Arrasaten, Pizza Per Tutti-Mondrate taldeari 3-10 garaitu ondoren. Ibartarrak hasiera-hasieratik menperatu zuten jokua, lehenengo zatia 1-5eko emaitzarekin amaitu zelarik. Bigarren zatian Lauburukoek oso konzentratuta jolastu zuten, irabazitako denbora eta abantailaz baliatuz, azken emaitzara iritsi arte. Golak Xuar (3), Jokin (3), Igor (2), Armintz (1) eta Borjak (1) sartu zituzten.

Lauburu K.E. Ibarra Kadeteak, Zarautzen irabazi zuten 3 puntuak etxera ekarriz. Asko borrokatu behar izan zuten Zarautz K.E. taldearen aurka eta 5-6eko garaipen estu bat lortu zuten. Hasiera ona izan zuten piparreroak, 4. minuturako tanto batez aurreratu baitziren, baina Zarauztarrak erreakzionatu eta 2-1ekoa egitea lortu zuten aurretik jarriz. Lehenengo zatia binako berdinketarekin amaitu zen. Bigarren zatia lehenengoa bezalakoa izan zen eta golak bi taldeentzat izan baziren ere, azkenean Ibarrak irabazi zuen ongi merezitako 5-6koarekin. Golak Alex (3), Gurru (2) eta Aitor (1)

Lauburu K.E. Ibarra Berastegi, nesken taldeak Idiazabalen 4-3 galdu zuen, kategoriako sailkapenean buru doan Idiazabal K.E. taldearen aurka. Infantilak 5-0 galdu zuten Hirukide Eskolapioak taldearen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!