ZIENTZIAREN TALAIA

Merkataritza-guneak: Gruen efektuaren tranpa

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2024ko urt. 21a, 07:57

Ene irakurle, zenbat aldiz gertatu zaizu merkataritza-gune handi horietako batean zaudela, orduari, diru-zorroari edo eskutan duzun poltsa-bildumari begiratzen diozula, eta zer gertatu den ez dakizula? Zure nahia handik ateratzea besterik ez da. Ez dakizu eguna ala gaua den, ez dakizu hotza edo beroa egiten duen, eta nahiko lan duzu kotxea non aparkatu duzun gogoratzen.

Tranpan erori zara, bete-betean. Gruen efektuaren eraginpean hipnotizatuta egon zara. Hain da kaltegarria tranpa hori, ezen diseinua egin zuen arkitektoa bera ere damutu zela merkataritza-guneak sortu izanaz. Merkataritza-guneak kutxa itxiak dira, sarrera eta irteera gutxi izan ohi dituzte eta leihorik ez. Horrela, behin barruan zaudela ez da erraza irtetea, eta ez dakizu zein ordutan bizi zaren ere. Hori guztia ez da kasualitatea. Eraikuntzaren diseinua nahas-mahasa izateko prestatuta dago: antzeko solairuak, labirinto moduko korridoreak, bide luzeak egitera behartzen duten eskailera mekanikoen kokapena... akatsez jarrita daudela pentsatuko duzu, baina, ez da horrela: zu barruan gal zaitezen diseinatuta dago dena.

Merkataritza-guneen sorkuntzaren atzean Viktor Grünbaum arkitekto judutarra dago. Austrian jaioa, 1938an Alemania naziak Austria anexionatu ondoren, alde egitea erabaki zuen eta Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, New Yorkera, hain zuzen ere. Bertan, Victor Gruen gisa, merkataritza-arkitekturan egin zuen lan. 1930eko hamarkadan, Depresio Handiaren ondorioak oraindik ez ziren desagertu eta kontsumoa suspertzeko beharra zegoen. Horrela, Gruenek merkataritza aldatuko zuen lehen asmakizuna egin zuen: denden kristalezko erakusleihoak. Gruenen asmakizunaren aurretik, denden kanpoaldean errotulu deigarriak jartzen ziren, baina, erakusleihorik ez zuten. Hau arrakasta izugarria izan zen 40ko hamarkadan eta gaur egun, ia ezingo genuke irudikatu kristalezko erakusleihorik ez duen denda bat.

 

Gaur egun ezagutzen ditugun merkataritza-guneen arkitektura-diseinua Victor Grueni zor diogu

 

Hala ere, Gruenek ekarpen are handiagoa egin zuen oraindik. Gaur egun ezagutzen ditugun merkataritza-guneen arkitektura-diseinua berari zor diogu. 1950eko hamarkadan, familia estatubatuar asko filmeetan hain ohikoak diren etxebizitza familiabakarretan bizitzen hasi ziren eta kotxearen kultura nagusitzen hasi zen. Langileak etxetik lanera eta lanetik etxera kotxez joaten ziren. Erosketak egiteko edo bestelako aisialdiko ekintzetarako familiak kotxez hirira mugitu behar ziren, baina, 50eko hamarkadan hirietan kriminalitatea handia zen (neurri batean, maila sozioekonomiko erdi eta altuko familiak hiriko erdiguneetatik joan zirelako). Horrexegatik, familiek erosketak egiteko eta aisialdirako leku seguruak behar zituzten. Ideia horretan oinarrituta, 1956. urtean lehen merkataritza-gunea eraiki zuen Gruenek: Minesotako Edina hirian kokatutako Southdale Center gunea. Bertan familiak zinera eta jatetxeetara joan zitezkeen, erosketak egin zitzaketen… eta hori guztia gune itxi eta seguru batean. Gunearen argitasuna eta tenperatura garrantzitsua zen eta horrela, kontsumitzaileak modu erosoan ibiltzen ziren denda batetik bestera.

Gruenek bazekien denda batean zenbat eta denbora gehiago egon, gehiago gastatzen dela bertan eta horixe da merkataritza-guneen helburua: zu bertan ahalik eta denbora gehien egotea, non zauden edo zein ordu den jakin gabe ere (merkataritza-guneek leihorik ez izateko arrazoietako bat). Horixe da Gruen efektua. Victor Gruen garai hartako ameslaria izan zen; izan ere, merkataritza-guneen bere diseinuak gaur egun oraindik dirau. Hala ere, damutu egin zen bere sorkuntzaz. Bere asmoa merkataritza-guneak are osatuagoak izatea zen: haurtzaindegiak, mediku-kontsultak, bulegoak eta bizitokiak ere irudikatzen zituen. Gruenen hasierako ametsa bere osotasunean bete ez zen arren, merkataritza-guneak arrakasta izugarria izan zuen eta harrezkero milaka merkataritza-gune eraiki dira mundu osoan zehar. Hasieran esan bezala, asmakizunaren funtsa sinplea eta bikaina da: kontsumitzaileak nolabaiteko hipnosi edo desorientazio efektuan sartzea ahalik eta denbora gehien gauzak erosten egon daitezen.

Merkataritza-guneetara sartzen garenean, ez dakigu non gauden, ez dakigu zein ordu den, ez dakigu zertara joan garen eta bertatik nola irten gaitezkeen ere ahazten zaigu. Gruen efektua, berriro ere. Kasu batzuetan, efektua modu neurrigabean erabiltzen da eta denden diseinua bera labirinto moduko bat izateko pentsatuta dago, ziur horrelako dendaren batean egon zaretela. Hortaz, hurrengoan horrelako egoera batean zaudetenean, irteeraren bila alde batetik bestera galduta zabiltzatenean, gogoratu Victor Gruen arkitektoaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!