Kaka gehiago egin beharko genuke

Zientziaren Talaian behin baino gehiagotan izan ditugu gai eskatologikoak. Gogoan ditut, esaterako, aspaldian idatzitako pixari buruzko artikuluak, edota Tronuko gogoetak ekarpen gogoangarria guztiak sarean dituzue irakurgai. Bada, kakari buelta gehiago emateko gogoz-edo, gaurkoan ere gorozkiak izango ditugu mintzagai. Gaurkoan ere, ondorio bitxietara iritsiko gara, nirekin batera artikulu hau irakurtzeko gai bazarete.

Egunero, edo ia, kaka egiten dugu, baina, zenbat kaka egiten dugu? Bada, batezbeste, 150 gramo kaka egiten dugu, egunero-egunero. Kalkuluak eginda, horrek esan nahi du, hilabetean 4,5 kg egiten dugula eta, urtean, 55 kg. Ez da gutxi, edo bai? Zenbaki horiek ekar dezaketenaren ideia bat emate aldera, hona adibidea: Tolosaldeak 50.000 biztanle inguru ditu, beraz, urtean 2.750 tona kaka ekoizten ditugu, guztion artean. Bi urtetan, ia Eiffel dorrearen masa lortuko genuke, guztia pilan gordeko bagenu.

Kakaren konposizio kimikoari dagokionez, %75 inguru ura da eta, geratzen denaren %80-90, solido organikoak dira. Solido horietan bakterioak, proteinak, karbohidratoak, gantzak eta liseritu ezin izan den materia dago, nagusiki. Jakina, kakaren guztizko masa eta osagaiak dietaren eta organismoaren hainbat ezaugarriren araberakoak dira. Esaterako, kaka kantitatea aldatu egiten da jaten den zuntz eta edaten den ur kantitatearekin, egindako jarduera fisikoarekin eta gorputzaren tamainarekin.

Guztia kontuan hartuta, hainbat ikerketa egin dira, eta ezaguna da gorozki kantitatea herrialdearen arabera ere aldatzen dela. Mendebaldeko herrialdeetan kaka gutxiago egiten dugu egunean 100-200 g artean, batezbeste. Beste herrialdeetan aldaketak nabarmenak dira eta, adibidez, Iranen egindako ikerketa batek 350 gramotan finkatu zuen bertako biztanleen emariaren batezbestekoa. Afrikan 500 gramotara iritsi ohi dira. Guk kaka gutxi egiten dugu, eta hori ez da ona. Kaka gutxi egitea hainbat gaixotasunekin lotuta dago. Gainera, mendebaldeko herrialdeetako biztanleok egiten dugun kaka kantitatea murrizten joan da, azken hamarkada hauetan. Zuntz gutxi hartzen dugu dietan; gomendatzen denaren erdira ere ez gara iristen. Zuntz gutxi jatearen arrazoietako bat elikaduran barazki gutxi jatea da eta, hortaz, dieta hobetzea beharrezkoa da organismoa egoera osasungarriagoan egoteko.

Zuntz gutxi jaten dugunez, kaka kantitatea ere murriztu egin da eta, beste animalia batzuekin alderatzen bagara, erraz ikusten da kaka gutxi egiten dugula. Adibidez, 25 gramoko sagu batek 0,5 gramo kaka egiten ditu, alegia, 50 egun behar ditu bere gorputzaren masa kaka bihurtzeko. Oilo batek 40 egun behar ditu, katuak 33 egun, txerriak 16, behiak 18 eta elefanteak 100, esaterako. Gizakiok, aldiz, 400 bat egun beharko genituzke gure masa duen kaka multzoa osatzeko. Modu nabarmenean, gorputzaren masarekiko proportzioan kaka gutxien egiten duen ugaztunetako bat gara.

Esan bezala, erraz ikusten da eskalaz kanpo gaudela, beste animaliekin alderatzen bagara, eta kaka oso gutxi egiten dugula. Litekeena da, horren arrazoi nagusia daukagun elikadura izatea. Hain zuzen ere, frogatuta dago zuntz gehiago jaten bada, kaka gehiago egiten dela, eta horrek hesteko minbizia izateko arriskua murriztuko luke. Beraz, modu batera edo bestera, kaka gehiago egiten hasi beharko genuke. Ura edan, zuntza jan eta jarduera fisikoa areagotu, baina, egin. Kaka egin, mesedez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!