Zientziaren mitoak

Mitoak eta uste faltsuak abiada bizian zabaltzen dira. Inongo oinarririk gabeko baieztapenak sinesten ditugu eta errepikatu egiten ditugu udako abesti gogoraerrazak bailiran.

Despacito edo Despacito berria bezala zabaltzen den moduan hedatzen da lagun baten anaiaren izeba homeopatiarekin sendatu zela, osabak merkatuan saltzen dituen tomate ekologikoek ez dutela pestizidarik ezta produktu kimikorik, amaren lagunak ikusten duen telebistako programan esan dutela basoerdi bat ardo ona dela bihotzarentzat antioxidatzaileak dituelako, laranjazko zukuari bitaminak joan egiten zaizkiola, edo antzerakoak. Ba ote dute zentzurik baieztapen guzti horiek?

Aurreko paragrafoan zerrendatutako guztiak okerrak dira. Egia erdiak, uste okerrak, gezurrak. Batzuk bakarrik aipatu ditut, baina, beste mila zerrenda daitezke. Errealitatean edo ebidentzia zientifikoan oinarririk ez duten usteak oso ohikoak dira eta, zenbait kasutan, arriskutsuak ere izan daitezke. Mito horiek desagerraraztea zaila izaten da, batzuk guztiz errotuta daudelako gure pentsamenduan, baina, hortxe dago zientzialarien eta zientziazaleen zeregina: ebidentzia zientifikoetan oinarritutako azalpenen bidez errealitatea nolakoa den kontatzea.

Mitoen zerrenda hori luze samarra izan daiteke, baina, erabil dezagun Zientziaren Talaian dagoen lekutxo hau, ene irakurle, horietako batzuk azaltzeko. Esaterako, askotan entzun dugu ardoa eta sagardoa neurriz edatea ona dela antioxidatzaileak dituztelako. Edota, zenbait krema eta kosmetiko azalarentzat onak direla zahartze prozesuak moteltzen dituzten antioxidatzaileak dituztelako. Zientziaren arabera, egia da antioxidatzaileek efektu positiboak dituztela; izan ere, gai dira erradikal askeekin erreakzionatzeko eta haiek neutralizatzeko. Hala ere, egun ebidentzia zientifikoen arabera dakigunez, antioxidatzaileen teoria ez da guztiz zuzena. Orain dakigunez, erradikal aske batzuk onak izan daitezke eta antioxidatzaile gehiegi kontsumitzea kaltegarria izan daiteke osasunarentzat.

Beste uste oker bati helduz, egun oso zabalduta dago supermerkatuan produktu ekologiko edo organikoen atala. Produktuok, arruntak baino garestiagoak izaten dira eta, ustez, osasunarentzat hobeak dira eta ingurumenarentzat jasangarriagoa den moduan ekoiztuta daude. Bada, Clark eta Tilman ikertzaileek 2017an argitaratutako ikerketa baten arabera zeinetan 742 nekarzaritza sistema aztertu zituzten, nekazaritza ekologikoa ez da beti nekazaritza konbentzionala baino hobea ingurumenarentzat. Hain zuzen ere, sei elikagai talde aztertu zituzten frutak, barazkiak, zerealak, lekaleak, esnea/arrautzak eta haragia eta baita bost ingurumen eragin ere negutegi efektuko gasen ekoizpena, lurraren erabilera, azidotzea, eutrofizazioa eta energia erabilera. Bada, guztira aztertutako 30 aldagai horien artean sei elikagai taldeen bost ingurumen-eraginak, 3 kasutan bakarrik zen txikiagoa nekazaritza ekologikoaren eragina. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu zuten ingurumena zaindu nahi badugu garrantzitsuena elikagai motak ondo aztertzea dela proteinak laboreetatik eskuratzea haragitik izan ordez, baina, ez dela hain garrantzitsua produktu horiek nola ekoiztu diren.

Hain zuzen ere, nekazaritza ekologikoaren eta konbentzionalaren arteko aldea txikia dela frogatu zuten, ingurumen eraginei dagokienez behintzat. Era berean, antioxidatzaileak produktu miragarriak ez direla frogatu du zientziak eta ezin dugu itsu-itsuan iragarkietan saltzen digutena sinetsi.

Ea datozen hilabeteetan uste oker gehiago aztertzeko astia dugun gure txoko honetan. Nahi izanez gero, bidali zure proposamen eta galderak, ene irakurle. Pozez jasoko ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!