Zientzia eta genero parekidetasuna ezinbestekoak dira Agenda 2030n jasotako Garapen Iraunkorrerako Helburuak bete daitezen, bai, baina sen onez bakarrik ere horrela izan behar du. Tamalez, oraindik ere badira emakumeak zientzia-diziplinetan erabat aritzea eragozten duten hainbat muga. Muga horiek zenbait kasutan meheak edo ikusezinak diren arren, epe luzera eragin izugarria dute zientzian emakumeek duten presentzia eskasa ulertzeko.
Ohar honetan zertzelada batzuk besterik emango ez ditudan arren, deigarria da jakitea zientziarekiko zaletasunean umetatik agertzen direla genero desberdintasunak. Hezkuntza sistemak eta gizartearen estereotipoek bideratzen ote ditu aukeraketarako lehentasun horiek? Horrela bada, bi aldiz pentsatu beharko genuke zer egiten ari garen. 2010eko datuen arabera, emakumeek unibertsitate-tituluen %60 lortzen dute, baina, zientzia-arloetan, ingeniaritzan eta konputazioan ehunekoak asko jaisten dira —%43, %32 eta %21, hurrenez hurren—.
Zalantzarik gabe, joera horiek bultzatzen dituen oztopoetako bat erreferente falta da; izan ere, zientzialariok zor historiko handia dugu emakume zientzialariekin. Historian zehar emakume zientzialari garrantzitsu askok —gehienek— izan duten aitorpen falta larria izan da. Beste zenbait kasutan, zuzenean, haiek egindako aurkikuntzak lapurtu egin zaizkie edo ezkutatu egin dira. Egia da azken urteotan, eta pixkanaka bada ere, zor hori kitatzen —edo arintzen, behinik behin— hasteko pauso txikiak eman direla, baina asko dago egiteko. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da EHUko Kultura Zientifikoko Katedratik Mujeres con Ciencia blogean egiten duten lana emakume zientzialarien lana gizarteratzeko.
Nolanahi ere, emakume zientzialarien izenak galdetzen badizkizut, zenbat emateko gai izango zara? Ez dakit bizpahiru baino gehiago otuko zaizkizun: Marie Curie, Jane Goodall, Margarita Salas... Bada, gaur, Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Egunean, gure mundua aldatu zuten emakume zientzialari batzuk aurkeztuko dizkizut. Gizonak izan balira, izen hauek noizbait entzun izango zenituen.