ataria.eus

Zergatik gorritzen dira begiak igerilekuan? (agian ez duzu jakin nahi)

Erabiltzailearen aurpegia

Uste okerra da kloroaren ondorioa dela pentsatzea. Igerilekuen “kloro” usaina ere ez da kloroaren usaina. Kloroaz gainera, bigarren osagai garrantzitsu bat behar da begiak gorritzeko eta igerilekuen usain berezi hori agertzeko: pixa.

Ziur noizbait begiak gorritu zaizkizula igerilekuan plisti-plasta ibili ondoren. Zergatik gertatzen da hori, ordea? Ura desinfektatzeko erabiltzen den kloroaren (zehazki, sodio hipokloritoa gehitzen da uretan) ondorioa dela pentsatuko duzu, baina, bigarren osagai bat beharrezkoa da. Environmental Science & Technology aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, 25-117 mL gernu eta 0,20-1,76 litro izerdi sartzen dira uretan igerilari bakoitzeko.

Fluido biologiko horien osagai nitrogenatu nagusienak urea, aminoazidoak, kreatinina eta azido urikoa dira. Osagai nitrogenatuek kloroarekin erreakzionatzen dute kloraminak emanez (konposatu toxikoak eta narritagarriak direla esan behar da, bide batez), eta horiek dira, hain zuzen ere begiak gorritzea eragiten dutenak eta baita igerilekuen usain “berezia” sortzen dutenak.

Azido urikoaren kasua aipagarria da: horri dagokionez, kalkulatzen da igerilekuko uretan dagoen azido urikoaren %93 giza fluido biologikoetatik datorrela. L. Lian eta bere lankideek ikertutakoaren arabera, pixaren azido urikoak kloroarekin erreakzionatzen du nitrogeno trikloruroa (NCl3) eta zianogeno kloruroa (CNCl) eratzeko. Bi horiek konposatu kimiko lurrinkorrak dira eta toxikoak dira. Zianogeno kloruroa, adibidez, Lehen Mundu Gerran erabili zen arma kimiko moduan. Nitrogeno trikloruroak biriketako gaixotasunak eragin ditzake eta zianogeno kloruroak, berriz, bihotzari kalteak sor dakizkioke eta nerbio-sistema zentrala asaldatzen du.

Hortaz, garrantzitsua da (1) dutxa hartzea igerilekuan sartu aurretik, (2) uretan pixa ez egitea eta (3) uretan kaka ez egitea. Horrela fluido biologikoetatik datozen osagai nitrogenatu gutxiago egongo dira igerilekuan eta, kloroa bere horretan mantenduko da, (uretan dauden mikroorganismo patogenoak eliminatzeko beharrezkoa) eta ez du erreakzionatuko kloraminak, nitrogeno trikloruroa eta zianogeno kloruroa eratzeko. Beraz, hurrengoan gogoratu: igerilekuan pixa egiten baduzu arma kimiko bat egiten ari zara. Eta begiak gorritzen bazaizkizu, orain badakizu zergatik den.

Iturria: L. Lian et al., Environmental Science & Technology, 48 (2014) 3210-3217.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa