Dena prest dute hilaren 14an egingo den Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen ediziorako

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza - Anartz Izagirre 2022ko mai. 7a, 11:23

Maiatzaren 14an, larunbata, izango da Domusa Teknik 40 MLK proba, eta Azpeitian hasi zein bukatuko da; tartean Bidania-Goiazko lurretatik pasako da lasterketa. 420 dortsal inguru banatuko dituzte, eta horietatik 67 partaide azpeitiarrak izango dira –61 gizon eta sei emakume–. Marea Urdinak, bestalde, Anoa Gune Urdina deituriko postua jarriko du Ikasberri Ikastolan, eta egun osoko egitaraua antolatu du.

Astebete eskas besterik ez da falta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen ediziorako. Atzo, osteguna, egin zuten lasterketaren aurkezpen ofiziala Azoka Plazan, eta bertan izan ziren Lagun Onak Mendi Bazkunako Iker Ezama, Domusa Teknik enpresako Arkaitz Aizpurua, Bidania-Goiazko alkate Agurtzane Zelaia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko teknikari Maria Jose Paredes, Euskal Mendizale Federazioko kide Zigor Egia eta Marea Urdinako kide Aritz Orbegozo. Ihintza Elustondo kazetariak gidatu zuen aurkezpena, eta probaren nondik norakoen berri eman zuten hizlariek.

Datorren larunbatean egingo dena 65 kilometroko proba izango da, eta Domusa Teknik enpresa da haren babesle ofiziala; hortik dator probaren izena. Azpeitian hasi –08:00etan– eta amaituko bada ere –18:30ean dago amaiera aurreikusita–, beste hiru herri zeharkatuko ditu probak: Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Mendi tontorrei dagokienez, berriz, Arroita edo Arauntza (612 metro), Sañu (616 metro), Gazume (1.002 metro), Hernio (1.078 metro), Murumendi (868 metro), Izazpi (973 metro), Hiruarrieta edo Samiño  (933 metro) eta Xoxote (912 metro) igaro beharko dituzte parte-hartzaileek. 7.400 metroko desnibel metatuta izango du lasterketak; hau da, 3.700 metro goranzko edo positibo, eta beste horrenbeste beheranzko edo negatibo izango ditu.

Partaide kopuruari dagokionez, berriz, 420 dortsal banatuko dituzte. Ezamak aurkezpenean adierazi zuenez, azaroaren 18an ireki zuten proban izena emateko epea, eta 23 ordutan amaitu ziren dortsal guztiak. Bestalde, Euskal Mendizaleen Federazioak Euskadiko Ultra Txapelketa izendatu du Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen edizioa, eta antolakuntzak ezarrita zuen 400 partaideko muga apur bat igo da federazioaren bitartez parte hartuko duten lasterkariengatik. Lasterketan parte hartuko duten azpeitiarren kopuruaren berri ere eman zuen Ezamak; guztira, 67 herritar izango dira proban, eta horietatik sei izango dira emakumeak. Horrez gain, 24 azkoitiar izango dira –horietatik bi emakumeak–, eta Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama batera kontuan hartuta, beste bi lasterkari ere bai. Guztira, 420 dortsaletatik 36 izango dira emakumeenak, eta 382 gizonenak.

Proba antolatzera animatu diren boluntarioen kopuruak “sorpresa” eragin diela azaldu zuen Ezamak: “Jendea laguntzeko prest agertu da hasiera-hasieratik, eta horrek lanean gogor jarraitzeko indarra eman digu. 300dik gora boluntario izango ditugu bai ibilbidean zehar, baita herriko hainbat langintzetan ere”.

Izen handiko partaideak

Domusa Teknik 40 MLK proban Euskal Herriko zein nazioarteko punta-puntako lasterkariek parte hartuko dute, eta Ezamak horietako batzuen berri eman zuen atzo. Alde batetik, Jone Urkizu eta Joxelu Albizuri aipatu zituen, horiek proiektuan ere parte hartu baitute. Bestalde, honako partaide hauek izango dira proban, beste hainbaten artean: Aritz Egea, Pere Aurell, Maite Maiora, Oihana Azkorbebeitia, Amaia Razkin, Lur Basterretxea, Oihane Perez, Arantzazu Larrañaga, Elixabete Ursua, Iñigo Arantzamendi, Goar Lopetegi, Hodei Lujanbio, Adur Mendizabal eta Arkaitz Iturriagaetxebarria. Eskualdeko hainbat kirolari ere izango dira: Leire Baraibar zumaiarra, Uxoa Irigoien getariarra, Borja Zubizarreta azkoitiarra, Unai Zialtzeta zein Ibai Etxeberria azpeitiarrak, eta Azpeitiko bizilagunak diren Aitor Mimenza eta Josu Imaz. Gainera, Imazek 1 zenbakidun dortsala eramango du proban, bera izan baitzen joan zen urtean antolatu zuten lasterketaren irabazlea.

Jarraitu irakurtzen hemen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!