Fleming Herri Eskolan atsegin dugu aniztasuna!

Aniztasuna, 10 arrazoi eta milaka aukera! leloarekin, maiatzaren 11n, Aniztasun eta Elkarbizitza jaia egingo dugu Amasa-Villabonan.

 

Maiatzaren 11an Fleming Herri Eskolan Aniztasunaren eta Elkarbizitzaren jaia ospatuko da Amasa-Villabonan. Arratsaldeko, 16:30ean kalejira batek emango dio hasiera jaiari eta bertan Besamotzako konpartsako erraldoi eta ipotxak izango dira, baita trikitilariak eta batukada ere. Kalejira horretan, EH11koloreko Burubeltz ardi erraldoia izango dugu eta eskolako haurrek landutako oihalak herrialde ezberdinak ordezkatuko dituztenak ere.

Ondoren, herriko hainbat plazetan herrialde ezberdinetako dantzak izango dira, afrikarrak, amerikarrak, europarrak,… Jaiarekin jarraitu nahi duenak, perkusio tailerra egiteko aukera izango du txalaparta edo danborrekin. Ondoren, haurrentzat sentsibilizazio jolasak eta tailerrak izango dira: sokatira, bolo jokoak, diana, kamisetak egitea, hennaz eskuak margotzea, izenak arabiarrez idaztea,...

Jaialdia Eskolako komunitateak eta Kolore Guztiak elkarteak antolatu dute. Eskolan, familiak jatorri eta kultura anitzekoak dira eta aniztasun balorea defendatu eta agerian utzi nahi dugu. Era berean, eskolan ikasleak euskara hutsean hezten ditugu; urtez urte, eskolan etorkinak euskalduntzeko lana ere aldarrikatu nahi dugu, hizkuntza baita, beste elementu batzuekin batera, jatorri ezberdineko haurren integraziorako ezinbesteko giltza.

Herritarren arteko elkar ezagutza, elkarlana eta aniztasunaren balioak bultzatu nahi ditugu Fleming eta Amasa- Villabona herrian eta herritar oro gonbidatzen dugu jaian parte hartzera.

EGITARAUA

16:30. Kolore kalejira (Arroatik): Erraldoi eta buruhandiak, EH11koloreko Burubeltz eta erraldoiak, Batukada, trikitilariak, Txalapartariak… Dantzak: Nigeriarrak, Brasildarrak, Nikaraguarrak,...

17:30. Sentsibilizazio jolasak (Errebote plazan): lortu zigiluak jolasetan zure pasaporterako. Sokatira, bolo jokoak, diana... Tailerrak: Kamisetak, hena, izenak arabiarrez... Janari dastaketa: afrikarra, brasildarra,...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!