Osakidetzak babes ekipamenduak "zentzuz erabiltzeko" eskatu die langileei, ez dituelako behar beste

Osakidetzaren oharra, bata eta mantalen erabileraz / ELDIARIONORTE.ES

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak mantalen eta maskaren "iraunkortasuna" luzatzeko neurriak proposatu ditu, eta esku-hartze batzuk hain seguruak ez diren materialekin egitea onartu du, Iker Rioja kazetariak ElDiario.es-en azaldu duenez.

Osakidetzak barne-protokolo batean onartzen du balitekeela Covid-19ren aurkako babes-ekipamendu seguruenak ezin eskuratu ahal izatea, eta hutsunea betetzeko alternatibak proposatzen ditu. Horrez gain, batak edo maskarak erabilera bakar batetik harago "irauteko" neurriak ere proposatzen ditu. "Funtsezkoa da langile guztiek norberaren babes-ekipamenduen erabilera arrazionala egitea, arrisku handieneko prozeduren kasuan nahikoa baliabide egon dadin bermatzeko".

Apirilaren 4ko data du ElDiario.es-ek eskuratu duen idatziak. Jesus Maria Goikoetxea Iribarrenek sinatu du, Arabako ESIko Lan Osasuneko arduraduna da. Kazetariaren hitztean, "idazki honek Arabako pandemiaren aurrean jarduteko prozedura aldatzen du, Osasun Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berriki egindako aldaketen ondorioz".

Maskaren auziari dagokionez, esan hiru motakoak direla, eskaintzen duten babesaren arabera sailkatuak: normala edo kirurgikoa, FFP2 eta FFP3. Azken horiek aerosolak sortzen dituzten prozeduretan erabiltzen dira, intubazioetan esaterako, eta erabilera bakarrekoak izan ohi dira. "Aerosol horiek neobirusa kutsatzeko arrisku handieneko unea direla ulertzen da", dio Riojak. Osasun Sailak onartu du FFP3 motako maskarak eskuratzerik ez balego, babes txikiagoa eskaintzen duten FFP2 maskara autofiltratzaileak erabili beharko liratekeela. Halaber, halakorik ere ez balego, "maskara kirurgikoak erabili litezke Sars-Cov-2k –koronabirusaren izen teknikoa– eragindako infekzio-kasuak artatzeko". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!