Elkarrizketa

«Patinatzea arte bat bezala ikusten dut»

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 8a, 17:00

Urte asko daramatza Gorka Lasak patinatzearen inguruan, eta epe motzera bere Youtubeko kanala haztea du helburu moduan. Epe luzera, bere scooter marka sortu nahiko luke.

Patinatzearen munduan murgilduta dago Gorka Lasa (Irura, 1999), batez ere scooter modalitatean. Lehiaketetan ibiltzea baino gehiago gustatzen zaio bideoaren mundua.

Hainbat modalitate daude patinatzearen inguruan, ezta?

Skate esaten zaio denari, baina izen ezberdinak daude. Nik scooter edo patinetea erabiltzen dut, manilarrarekin. Gero skateboard dago, skate deitzen zaiona, taula bat lau gurpil txikirekin. Horretan ere ibiltzen naiz, baina ez hainbeste. Bestea, rollerra, hau da, betiko patinak. Eta BMXa ere sartuko genuke, bizikleta, batez ere saltoak egiteko.

Nola eramaten zarete modalitate ezberdinetakoak?

Tolosan ondo; denok batera ibiltzen gara eta giro oso ona egoten da orokorrean. Baina, ez da oso urrutira joan behar beste giro batzuk ikusteko: Donostian bertan badago pista bat skateboardak bakarrik ibiltzeko jarri dutena. Euskal Herritik kanpo oraindik ere okerragoa da. Gero egia da, scooterrean ibiltzen garen asko skateboardarekin ibiltzen garela. Bestalde, skateboardarekin ibiltzen diren asko scooterraren haterrak dira.

Zu noiz hasi zinen mundu honetan?

Ni aspaldi hasi nintzen, duela hamaika-hamabi bat urte. Txikitan skateboardarekin hasi nintzen, baina ez zidan betetzen gehiegi eta scooterrera pasa nintzen. Hor urte pila bat eta ordu pila bat pasa ditut, eta behin scooterarekin maila altu batera iritsi eta gero, skateboardarekin ere ibiltzen hasi nintzen. Lagun asko skaterrak direnez, ni ere moldatzen naiz, baina scooterra daukat bizi estilo bezala.

Lehiaketetan ere ibili izan zara?

Bai, ez zait gehiegi gustatzen, baina aritu izan naiz. Euskadi mailan ez dira hainbeste egiten. Espainia mailan bai izaten dela urtero txapelketa bat, eta horretara normalean joaten naiz. Mundu mailan, edota Europa mailan, Urban World Series izenekotan, parte hartu izan dut, baina arrakasta handirik gabe.

Eta zer emaitza aipagarri lortu dituzu?

Urban World Series-etan finalerdietara pasatzeko puntu gutxira geratu nintzen. Espainia mailan gehienez seigarren edo zazpigarren geratu izan naiz, eta normalean finalera pasatzen naiz, baina azken bi urteetan hamaikagarren geratu naiz eta finalera hamar sartzen dira. Eta Euskadi mailan, ia beti podiumetan sartzen naiz, baina ez da izaten jende asko.

Esan duzunez, ez zaizu hainbeste gustatzen lehiaketetan parte hartzea.

Ez didate asko motibatzen, eta ez naiz hain ondo moldatzen. Egia esan, nik patinatzea arte bat bezala ikusten dut. Estiloa gustatzen zait asko, gauzak bisualki politak egitea. Lehiaketatan hori ez da kontuan hartzen, hor gehiago kontuan hartzen da zer truko egiten dituzun, eta horiek gero puntuazio bat izaten dute. Niri gehiago gustatzen zait bideoak grabatzea, eta batez ere libre ibiltzea.

Bideoak egitea gustatzen zaizula azaldu duzu. Nola zabaltzen dituzu?

Instagrama erabiltzen dut, nire profil moduan, nik egiten dudana erakusteko. Eta gero Youtuben daukat kanala erakusteko nola patinatu. Tutorialak-eta igotzen ditut, scooterraren munduan jendea hezteko eta hasieratik gauzak ondo egiteko.

Ikastaroak ere eman izan dituzu.

Tolosan bertan hasi nintzen klaseak ematen. Kasualitatez izan zen: taldetxo bat elkartu zen eta eskatu zidaten patinatzen erakusteko, baina gero konfinamenduarekin utzi behar izan nuen. Gero, proiektu bat jarri genuen martxan Lezon, OMK Indoor izeneko parke itxi bat, eta hor hasi nintzen klaseak ematen. Oso ondo joan zen, baina gero haur pila bat arratsalde pasa joaten hasi ziren, eta niri urruti geratzen zitzaidan eta gogo gabe joateko, utzi egin behar izan nuen. Motibatuta joaten ziren haur horien artean, gaur egun bat munduko hirugarren geratu da, beste batzuk ere oso ona dira, Espainia mailan onenetakoak.

Gaur egun goi mailan dabiltzan horiekin harremana mantentzen duzu?

Horiekin harremana badut, eta nire Youtubeko kanalean baditut hainbat bideo beraiekin. Gaur egun noizbehinka eskola partikularrak ematen ditut diru pixka bat irabazteko, baina ez naiz horretara dedikatzen.

Mundu horretan profesional izateko zer egin behar da?

Saiatu izan naiz, baina oso konplikatua da. Asko egin behar duzu tira zure izenarekin, babesleak lortu, Instagramen jarraitzaile asko izatea garrantzitsua da, eta nahiz eta maila oso ona izan, edo bideoa oso onak egin, gehiago balio dezake txapelketetan lortzen dituzun sariak. Espainia mailan ez dira hainbeste txapelketa egiten; Frantzian edo Ameriketan txapelketa dezente egiten dira eta ona bazara hortaz ahal duzu bizi. Bideoak egitetik ahal dituzu babesleak lortu, baina skateboarden munduan askoz diru gehiago mugitzen da scooterren munduan baino.

Gaur egun zertan zabiltza?

Nire helburua orain Youtubeko kanala haztea da, eta nire ametsa scooter marka bat sortzea da. Arropa sortzeko bidean nabil, eta gustatuko litzaidake hemendik urte batzuetara scooter marka bat sortzea.

Tolosako Usabal kiroldegiaren ondoan skate parke berrituaren diseinuan parte hartu zenuen.

Urte asko daramatzat patinatzen eta oso argi genuen zer nahi genuen. Gazte guztien artean hitz egin genuen, eta plano batzuk marraztu genituen denon artean. Nik denbora pixka bat nuenez, udalarekin harremanetan egon nintzen. Skate park osoa geratu da, eta erabiltzaileak oso gustura daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!