Herriko plazan txalo artean hartu dituzte aurtengo txapeldunak eta omenaldi ekitaldiak iraun duen bitartean behin baino gehiagotan zartatu dituzte eskuak irurarrek.
Dantzari txikienek abiatu dute omenaldia eta ondoren, Udaberri dantza taldeko kideek agurra dantzatu diete bi txapeldunei. Udaletxeko pleno aretoan jarraitu du ongi etorriak. Gurasoak ondoan zituztela, Ana Leunda alkatearen eta Aloña Barandiaran udal langilearen hitzak entzun eta hauen eskutik opariak jaso dituzte: Irurako zapi berdea eta kaleko alpargatak.
Gustura jaso dute herriaren esker ona Xabier Artolak eta Idoia Besadak eta eskerrak eman dizkiete udal ordezkariei eta gerturatu diren herritar guztiei.