David Garcia eta Izaro Rubiok irabazi dute Ikaztegietako XXX. Herri Krosa

Leyre Carrasco 2021ko aza. 21a, 15:09

75 korrikalari inguru izan dira aurtengo herri krosean parte hartu dutenak, eta horietatik azkarrenak gizonezkoetan David Garcia durangarra eta emakumezkoetan Izaro Rubio ordiziarra izan dira.

Ohiturak alde batera utzi gabe, urtero Ikaztegietako Herrigintza Elkarteak antolatutako XXX. Herri Krosa ospatu dute gaurkoan. Herriko txikien txanda izan da lehena, 10:45etan hasita, eta guztira 35 korrikalari izan dira bertan parte hartu dutenak. 11:00etan ekin diote helduen krosari, eta 10 kilometroko lasterketan 75 korrikalari inguru izan dira aurtengoan.

Gizonezkoen kategorian azkarrena David Garcia durangarra izan da 0:31:37 denborarekin. Atzetik izan ditu Aitor Regillaga tolosarra (0:31:48) eta Angel Vazquez Iglasias lazkaotarra (0:33:04). Sergio Garcia alsasuarrak egin du laugarren 0:33:45 denborarekin.

Emakumezkoen kategorian Izaro Rubio ordiziarrak jantzi du txapela, 0:37:19 denborarekin. Saioa Arkonada oñatiarra geratu da bigarren (0:37:41) eta Maialen Gurrutxaga andoaindarra hirugarren (0:39:54). Eneritz Iraola bidaniarrak egin du laugarren 0:40:22 denborarekin.

Herriko lehenak izan dira Eñaut Larrea (0:34:52) eta Ina Agirre (0:58:54).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!