«Herri lasaia da bizitzeko, eta ondo komunikatuta dago»

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 23a, 08:02

Joxe Mari Garmendia Ikaztegietan jaio zen (1961), bertan bizi da, eta bertan lan egiten du, udal langile moduan. Gaur egun, kiroldegian egiten diren ekintzen ardura du, eta liburuzaina da.

Nola deskribatuko zenuke Ikaztegieta?

Nire ustez, Ikaztegieta herri lasaia da bizitzeko. Ondo komunikatuta dago, trenaren geltokia herriaren erdian dago, eta Ordizia eta Tolosa zazpi kilometrotara ditu, Donostia 30 minutu ingurura, eta mendiz inguratuta dago: Aralar, Murumendi, Intxurre, Hernio, Uzturre...

Gauza asko aldatu dira txikia zinenetik?

Aldatu da, bai. Auzo, zubi, kiroldegi, udaletxe, herriko plaza eta atsedenleku berriak daude orain. Biztanleria aldetik, atzerritar gehiago bizi da orain herrian.

N-1 errepidea autobide bihurtzean, aldaketa handia izango zen herriarentzat, ezta?

Bai, aldaketa handia izan zen, hemen uda partean eromena izaten baitzen, autoak pasa eta pasa. Ez zegoen batere lasaitasunik, eta autobidea egin zenean, guretzako sekulako bakea izan zen.

Eta giroaren aldetik aldaketarik?

Nik esango nuke gizartea bera aldatu dela. Ohiturak aldatu egin dira, eta jendeari kosta egiten zaio herriko gauzetan parte hartzea.

Ikaztegietan biziko ez bazina, non gustatuko litzaizuke?

Garbi dut hori, mendiz edota itsasoz inguratutako herri batean.

Eta hiri batean biziko zinateke?

Gerora begira ez dakit, baina orain momentuz oso gustura bizi naiz hemen.

Zer da Ikaztegietako bizimodutik gehien gustatzen zaizuna?

Nire kasuan, lanera joateko autorik ez dudala hartu behar. Bizikletan ibiltzeko eta mendira joateko, erosoa da herria. Lasaitasuna dago, eta garrantzitsuena, betiko lagunak.

Txokoren bat bereziki gustatzen zaizuna?

Kiroldegiaren ondoan dagoen belardia gustukoa dut. Uda partean itzal ederra du, korri egin edo paseo bat emateko. Gainera, orain Oria ibaia nahiko garbia dagoela, aukera duzu arrainak eta piztiak ikusteko.

Zein da garairik onena Ikaztegietara etortzeko?

Agian, sagardotegiko garaia. Mendian buelta bat eman eta gero txuleta eta sagardo on bat dastatzera joan.

Udal langile moduan aritzen zara lanean, eta hainbat ardura izan eta dituzu. Ohikoa da hori herri txikietan, hau da, lan ezberdinak izatea?

Nik uste dut baietz, normala dela hori; herri txikietan denetik egin behar duzu. Hori aberatsa da, eta harreman handia izaten duzu jendearekin.

Korrika egitea da zure afizioetako bat, eta Ikaztegietako Krosaren bultzatzailea zara, aurreko azaroan 26. urtea bete duena. Zer bizipen duzu ekitaldi horren inguruan?

Aurten, 26 urte segidan egin ditut bai korrikan eta antolatzen. Hasierako urteetan urduri, ez dakizulako nola aterako diren gauzak. Baina asko gozatu dut, egun polita izaten da, eta orain, gainera, gazteak krosa aurrera eramateko gogoz daude.

Korrika egiteko gustuko ibilbideren bat baduzu herri inguruan?

Askotan egiten dut kiroldegitik atera eta Ibiurko urtegiaren bira egin. Hamar kilometro inguru ditu, eta Txindokiren ikuspegi ederra du.

Ibiurrera iristeko, baina, aldapa handia dago. Haraino iristeko ere korrika?

Bueno, korrika, edo korrika txikian eta oinez. Urteak aurrera doazen heinean, motelago, noski. Leku oso polita da; Aralar guztia ikusten da, eta asko gozatzen dut.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!