Behobia erdia egingo dute Ikaztegietan

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 16a, 12:14

Herri Krosaren XXVI. edizioa hilaren 19an, larunbatean, izango da; haurrentzat ere korrika egiteko aukera izango da.

Ikaztegietako XXVI. Herri Krosa larunbatean izango da, hilaren 19an. 16:30ean helduen lasterketa hasiko da. Haurrek, 16:15ean hartuko dute irteera. Izena emateko aukera zabalik dago, herrikrosa.eus webgunean. Nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte aurrez. Egunean bertan, inskripzioa 13 eurotan jarri dute, eta izena emateko mahaia 15:00etatik 16:00etara egongo da zabalik.


Ibilbideari dagokionez, Behobiakoaren erdia izango da, hau da, 10 kilometrokoa. Alegia aldera abiatuko dira korrikalariak lehenik, eta ondoren buelta hartu eta herriko zubira joango dira. Hortik, elizaren atzetik pasa eta berriro errepidera irtengo dira, Legorreta aldera joateko. Bertatik berriro Ikaztegieta aldera etorriko dira. Itzuli hori hiru aldiz egin beharko dute helduek. Haurrei dagokienez, zirkuitu laburragoa jarri diete antolatzaileek. Herriko bi biribilgune artean ibiliko dira korrika gaztetxoak.


Iaz 81 lagunek parte hartu zuten helduen lasterketan, eta Herrigintza Elkartetik zenbaki horretara iritsi nahi dute aurtengoan, eta ahal bada, gainditu. Parte hartzera jendea animatu nahi izan dute, eta ohiko sariez gain, aurten zozketarako materiala jarri dutela esan dute antolatzaileek. Lehen 100ek kamiseta ziur izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!