Beñat Urretabizkaia: "Profesionaletara jauzi egiteko zaharregiak gara"

Asier Imaz 2015ko ira. 17a, 07:44

Pilota munduan udako izen propioetako bat Beñat Urretabizkaiarena da. Hiru hilabetetan 40 partida jokatu ditu ikaztegietarrak, bi txapel garrantzitsu irabaziz: Ogi Berrikoa eta Amezketako Joxan Tolosakoa.

Udako protagonistetako bat zara pilota munduan.
Polita joan da. Ekainean Ogi Berri Txapelketa irabazi nuen, gero Antiguan final laurdenetara iritsi ginen, eta Joxan Tolosa Txapelketan txapela jantzi dut. Oso gustura nago. Espero ez genuen zerbait izan da.  


Ogi Berrik parte hartzea ere ez zenuen espero, eta hor hasi zen dena.
Bolada eskasean nengoen, txapelketa gutxi ari nintzen jokatzen. Ez nuen espero Ogi Berritik deituko nindutenik. Ezustekoa izan zen, eta irabaztea zer esanik ez.  


Antiguako txapelketa nola joan zitzaizun?
Ondo hasi ginen, eta sailkatze fasea pasatzea lortu genuen. Final laurdenetan, ordea, ez zen posible izan. Martinezekin jokatzekoa nintzen, baina lesioagatik, Olaizolarekin hasi nintzen jokatzen. Gero hau lesionatu eta Martinez osatua zenez, berarekin jarraitu nuen. Santxo eta Kerman Galartzak kanporatu gintuzten.   

Txapelketa joan txapelketa etorri, zuen izenak errepikatzen dira. 
Nik azken unean atera dut nire burua. Hor maila oso oneko pilotariak daude: Arteaga, Laso, Santxo, Urbieta... Afizionatuetan maila oso polita dago.  


Azken hilabeteetan bi txapela irabazita, profesionaletarako jauziaz galdetuko zizuten?
(Barreak) Ez gaude horri begira. Nahiz eta 22 urte izan, nahiko zaharrak gara. Gaur egun, 18-20 urte bitarteko pilotariei gehiago begiratzen die. Azken uneko ezusteko bat egon izandu da, baina afizionatuetan nahiko puntan jokatzea polita dela iruditzen zait. Partida piloa jokatzen dira, eta uda polita pasatzen dugu. Ni gustura nago horrekin.  


Amezketako txapelketan, Santxori finala irabazi diona, profesionaletara pasa da. Artola lehenik, gero Irribarria, eta orain zuri tokatzen zaizu.   
Ez zait iruditzen horrela izango denik. Proiekzioko jendea nahi dute, eta lehen esan bezala, nahiz eta gu gazteak izan, pilota munduan nahiko zaharrak gara.


Joxan Tolosaren txapelketa berezia da, frontoi osoan buruz-buru ez baitira txapelketa asko jokatzen.  
Poza izugarrizkoa izan zen. Iaz Irribarriak kaleratu ninduan tanto bakarraz, finalaurrekoan. Arantza txiki hori aurten txapela irabazita atera dut.


Uda bukatzear den honetan, zer geratzen da zure agendan.
DV Txapelketa tokatzen da orain. Uste dut, gainera, aurtengoa izango dela azkena, zahartu baikara horretarako. Ilusio handiarekin nago, eta ea zer ateratzen den. Gero Gipuzkoako Txapelketa etorriko da.


Eta horrez gain, Euskadi Irratian esan zenuen bezala, deitzen dizuten leku guztietara joatea.
Hori da. (Barreak). Udan herri txiki dezentetara joaten gara, baina hori ere bukatzen ari da. Dagoen guztiari heltzen diogu guk, eta horrela jarraitzen dugu aurrera.


Udan profesionalek baina partida gehiago jokatu omen dituzu. Hori horrela al da?
Herri txiki bateko jaialdira profesionalak ematea nahiko garesti ateratzen da, eta orduan, guri deitzen digute. Asko bidaiatzea tokatu zaigu, bai Euskal Herrian barrena eta baita kanpo ere. Lagunen artean ibiltzen gara, eta polita izaten da. Diru pixka bat ere ateratzen dugu, gure kapritxoetarako; gustura aritzen gara.


Salamancan, Errioxan eta abar ibili zara. Pilota nola bizitzen dute?
Hemen baino gehiago esango nuke. Igandean ikusten dute partida bat telebistaz, eta besterik ez. Gehienbat adineko jendea joaten da frontoira. Horregatik, pixka bat galtzen ari da. Hemengo pilotarietaz galdetzen dizute, gainera, Artola, Altuna III.a... Afizio handia dago.


Eta zuek ezagutzen al zaituzte?
Ez. Ni Urretabizkaia edo Santxo naizela esan eta berdin-berdin pasa naiteke. (Barreak). Etxetik pixka bat ateratzen gara, arratsalde pasa egiten dugu, pilotan jolastuz, eta gero buelta etxera. Polita izaten da.

 
Horrelako jaialdietarako zuzenean zuekin jartzen al dira harremanetan?
Txapelketetarako klubaren bitartez izaten da, baina horrelako jaialdietarako zuzenean deitzen digute.   


Zenbat partida jokatu dituzu azken hilabeteetan?
Ekainean 12, uztailan 13 eta abuztuan 15.


Lesioek errespetatu zaituzte, behintzat.
Eskuetatik juxtu xamar bukatu dut, baina zorionez, ez dut bestelako arazorik izan. Uda erdian lesio bat izatea guretzat izugarrizko kaltea izaten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!