Aparkaleku berria zabaldu dute Ibarrako Zaldune auzoan

Leyre Carrasco 2024ko mai. 7a, 12:55

Ibarrako Udalak ostegunean zabaldu zuen ibilgailuentzako gune berria eta, bertan, 44 autorentzako lekua izango da; aurrerantzean Udaltzaingoak zaintza berezia egingo du.

Ibarrako Zaldune auzoan aparkatzeko beharra zegoela ikusita, aparkaleku berria zabaldu du Ibarrako Udalak. «Ekimenak antolatzen direnean, bereziki, San Bartolome plaza inguruan direnean, ibilgailu gehiegi pilatzen dira eta horiek edozein tokitan uzten dira. Inguru horretan haur ugari ibiltzen da eta arriskua ere ikusten genuen», azaldu du Itziar Agirrezabala hirigintzako teknikari eta arkitektoak.

Honela, Zaldune auzoko eremua egokitu eta 44 plazako aparkalekua eraiki dute. Obrari dagokionez, zonalde horretan asfaltatze lanak egitea debekatuta dagoela azpimarratu du teknikariak, «urari ezin zaiolako oztoporik jarri». Hortaz, eremu horretan zeuden baratzetako lur natural zati bat kendu, eremua trinkotu eta argiteria jarri dute.

2019an, Euskal Herria kaleko 52 eta 54 zenbakien atzealdean behin behineko aparkaleku berria egokitu zuen udalak. Hain zuzen, zonalde horretan ere aparkaleku «eskari handia» zegoenez, lur zorua alokairuan hartu eta 37 ibilgailurentzako tokia prestatu zuten. Oraingoan antzeko proiektua egin dela dio Agirrezabalak, «baina asko luzatu da kudeaketa desberdinak egin behar izan direlako. Zailtasun administratiboak ere izan dira tartean, baina azkenean, obra oso azkarra izan da».

Aurrerantzean Ibarrako Udaltzaingoak zaintza berezia egingo du eta segurtasuna bermatuko du eremu guztian zehar. «Ez da onartuko espaloi edo oinezkoentzako espazioen gaineko aparkalekuak bezalako arau hausterik», esan dute. Horretaz gain, Zubiaurre tabernaren atzeko eremua itxi egingo dute trafikoarentzat eta oinezkoentzako eremua izatera pasako da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!