Alurr dantza taldeak ekitaldiak antolatu ditu astebururako

Leyre Carrasco 2024ko mai. 2a, 07:58

Alurr eguna izango da bihar, eta dantzari gazteek emanaldia eskainiko dute; larunbatean dantzari txiki eguna ospatuko dute, taldeko txikienen parte hartzearekin.

Asteartean, apirilaren 29an Dantzaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta ohi bezala, Ibarrako Alurr dantza taldeak ere bat egin du egunarekin. Horretarako, egitarau berezi antolatu du asteburu honetarako. Batetik, bihar gauean, 20:30ean, Ibarrako dantza taldeak bere eguna ospatuko du, eta urtero legez, dantzari gazteen emanaldia izango dute, ikasturtean zehar ikasitakoa herritarrei erakusteko.


Antolatzaileek adierazi dutenez, «emanaldi hau urtero izaten da berezia, dantza taldeari omenaldia egiteko baliatzen baitugu, eta hau jada ohiko zerbait bihurtu da guretzat». Emanaldia plazako aterpean egitea aurreikusten dute antolatzaileek, baina eguraldi txarra eginez gero pilotalekuan egingo dute.

Dantzari txiki eguna
Bestetik, larunbatean, haurrei eskainiko diete tartea eta dantzari txiki eguna ospatuko dute Ibarran. Bi urtetik behin izaten dute dantzari txiki eguna Ibarran, eta aurten ere dantza taldeko txikienek Ibarrako kaleak alaituko dituzte. Bertan, beste herri batzuetako hainbat dantzarirekin elkartuko dira. Esaterako, Hiriburu (Lapurdi), Leitza (Nafarroa) eta Donostiako haur eta musikariek ere bat egingo dute ibartar dantzariek antolatutako egunarekin.

Goizean, herrian zehar kalejiran ibiliko dira, eta herriko hainbat txokotan egingo dituzte euren euskal dantzak. Eguerdian, plazako aterpean bazkalduko dute, eta arratsaldean, Ttipikakoak taldearen emanaldia izango da, plaza girotu eta herritarrak dantzan jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!