Elkarrizketa

«Ari naiz nire lekua topatzen hemen eta nire asmoa jokalari bezala haztea da»

Imanol Garcia Landa 2024ko api. 18a, 19:59
Argazkia: REAL SOCIEDAD

«Oso pozik» dago Izarne Sarasola futbolari ibartarra beste bi urtez «etxean» jarraituko duelako. Realak hitzarmena berritzeko eskaintza egin zionean, ez zuela asko pentsatu esan du.

Bi urtez luzatu dio hitzarmena Realak Izarne Sarasolari (Ibarra, 2002). Oraingoa seigarren denboraldia du klubean, hirugarrena lehen taldean.

Zer suposatzen du zuretzat Realan beste bi urtez egoteak?

Reala nire betiko taldea da. Hau seigarren urtea da eta oso pozik nago beste bi urtez luzatu didatelako. Ikusten da Realak nigan konfiantza duela eta orain hazten jarraitu behar dut, oraindik gaztea bainaiz; ari naiz nire lekua topatzen hemen eta nire asmoa da jokalari bezala haztea. Oso pozik nago beste bi urtez etxean segitzeagatik.

Erraza izan da hitzarmena luzatzearena?

Nire ordezkariarekin hitz egin zuten, beste bi urte eskaintzen zidatela esanez, eta nik ez nuen ezer horri buruz pentsatzeko. Ni oso pozik nago, hemen etxean, lagunen artean, familiarekin, eta harmailetatik asko animatzen naute, oso maitatua sentitzen naiz. Egia esan, oso argi nuen erantzuna.

Beste eskaintzarik izan duzu?

Realak nahiko goiz eskaini dit hitzarmena berritzearena, eta ez dut beste eskaintzarik izan oraingoz.

Imajinatzen zenuen bezala izaten ari da Realean egotea?

Aurreneko urteak beheko taldean egin nituen, eta denboraldiaurreak-eta lehen taldearekin egin izan nituen, eta asko nabaritzen zen aldea. Ez nuen espero hain goiz igotzea, baina lehenengo aldiz lehenengo taldearekin jokatu nuenean oso partida txukuna egin nuen, Nataliak ikusi zuen gai nintzela goran egoteko, eta aukera hori eman zidan. Hortik aurrera nahiko minutu izan ditut. Aurreko urtea nahiko zaila izan zen: Munduko Txapelketatik bueltan denboraldiaurrea egiteko aukera ez nuen izan eta gero pixka bat gogorra izan zen, ez nuelako minutu asko izan. Baina gero erakutsi nuen gai nintzela hemen egon eta minutuak izateko, eta izan ditudan aukerak aprobetxatuz, uste dut orain nahiko minutu izaten ari naizela eta oso pozik nago egindako lanarekin.

Aurrera begira zer helburu dituzu Realean?

Gehienbat disfrutatzea, ahalik eta minutu gehien izatea, nire lekua edukitzea, nigan konfiantza izatea. Nik dudan ezaugarri bat da egunez egun ondo entrenatzen dudala, eta horrela jarraitu nahi dut, nire esku dagoen dena eginez eta minutuak edukiz.

Eta futbolari moduan?

Ea Realarekin tituluren bat lortzen dugun. Gero, selekzioarekin joateko aukera badago, hori beti dago hor; baina horrek ez dit asko kezkatzen. Gehienbat Realarekin jarraitzea nahiko nuke, ahalik eta urte gehienak egotea.

Nola doa aurtengo denboraldia Realarentzako?

Ez da ari izaten nahi genuen bezala. Pixka bat zaila ari zaigu egiten, eta ez gara ari emaitza onak lortzen. Kopako finala hor dugu, eta horrek pixka bat salbatzen digu. Ligan zortzigarren goaz eta goikoak oso urruti daude, eta orain helburua Kopako finala da, eta horri begira baliatuko ditugu dauzkagun partidak.

Erreginaren Kopako finala maiatzaren 18an izango duzue, Zaragozako La Romareda zelaian, Bartzelonaren aurka. Zer sentsazio dituzu?

Bartzelona beste maila batean dago, baina konfiantza puntua hor dugu, aldagelan nabaritzen da gogotsu gaudela, eta esperantza badugula. Asteburuetako partidekin final hori prestatzea izango da helburua, eta ahalik eta ondoen iristea maiatzaren 18ra.

2019an Kopa irabazi zuen Realak. Orduan oraindik ez zeunden lehen taldean. Nola duzu gogoan egun hura?

Ni beheko taldean nengoen, eta taldeko batuekin ikusten nengoen telebistan, eta guk ere asko bizitu genuen, oso polita izan zen. Inork ez zuen espero Realak irabaztea, garai hartan Atletico Madril ia gaur egungo Bartzelona bezalakoa zelako. Espero dugu berriro ere errepikatzea.

Orain aukera izango duzu final bat bizitzeko zelaian bertan.

Bai, oso berezia izango da. Gainera espero dugu Zaragozara bi taldeetako zaleak joatea. Uste dut egun polita izango dela, eta gogotsu gaude eta ilusioz egun horretarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!