ELKARRIZKETA

«Belaunaldi ezberdinen arteko diskurtsoa sortzeko asmoa dut»

Leyre Carrasco 2024ko mar. 19a, 16:00

Maria Rojo leondarrak Studio Maroca izeneko diseinuzko sormen estudioa ireki du Ibarran. Bertan, tailerrak ere antolatuko ditu, eta igandean egin zuten lehena, Jone Taberna ilustratzailearen eskutik.

Ibarrako San Inazio auzoko 7. zenbakian dagoen lokalak berriro zabaldu ditu bere ateak. Auzoko okindegia izan zen urte luzez, baina orain, diseinu grafikoko estudioa da. Irudi grafikoak sortzeaz gain, hilean behin, belaunaldi ezberdinak elkartzen dituen tailerrak ere antolatuko ditu Maria Rojo arduradunak, «auzoari bizitasuna emateko».

Zer egiten du leondar batek Ibarran?

Ibarrara iritsi nintzen tolosar batekin ezkonduta nagoelako eta denbora luzean ibili nintzen nire lanbidea praktikan jartzeko leku bat aurkitzen. Beti aritu izan naiz diseinatzaile grafiko gisa lanean, baina ikasle nintzenean ez zegoen diseinu grafikoko gradurik. Horregatik, arte ederretan eta publizitatean eta harreman publikoetan lizentziaduna naiz.

Azkenean, espazio hori lortu duzu.

Bai, bat-batean txoko hau lortu nuen Ibarran. Gainera, auzoa ikaragarri gustatzen zait, baita bertan dagoen giroa eta argia ere. Egia da auzotar gehienak adinekoak direla, baina oso hurbilekoak eta maitekorrak dira, eta hori eskertzekoa da. Gainera, erretiratuen taberna eta haurtzaindegia ondoan daude eta giro oso ona dago.

Okindegia izatetik, orain, diseinu grafikoko estudioa izatera igaro da lokala. Aldaketa handia, ezta?

Auzotarrentzat bai, lehen okindegia hemen zutelako eta orain goiko auzora joan behar dutelako ogia erostera. Herritar asko hurbildu da ea zertan ari ginen galdetzera, obra osoa nik egin baitut. Beste askok, gainera, euren poza helarazi zidaten, okindegirik gabe auzoa oso triste geratu baitzen.

Zein funtzio izango ditu estudioak?

Diseinuzko sormen estudioa da. Hamabost urte baino gehiago daramatzat enpresen irudi grafikoa eta euren printzipio eta helburuekin bat datorren komunikazioa bilatzen. Hemen aurkituko dute beren proiektu edo negozioari irudi bakar eta pertsonalizatua emateko behar duten laguntza guztia, merkatuari aurre egiteko, online zein lineaz kanpo.

Estudioa izateaz gain, tailerrak ere eskainiko dituzu. Zergatik?

Hemen bizi naizenetik ez dut inoiz horrelako tailerrik ikusi eta pena handia ematen zidan egoera horrek. Gainera, nahiko barneratuta nago Gipuzkoako ilustrazio-giroan, eta beraiek ere egoeraz kexatzen ziren, normalean, eskulan tailerrak besterik ez direlako antolatzen kultura etxetan eta halako tailerrak Bilbon baino ez dituzte egiten.

Zein asmo duzu?

Auzoari bizitasuna emateko asmoz, tailerrak antolatu nahiko nituzke, hilean behin. Izan ere, belaunaldi ezberdinen arteko diskurtsoa sortzeko asmoa dut. Horrez gain, lanbide klasikoei bultzada eman nahiko nieke; hau da, letterpress inprimazioa, eskuz koadernatu eta estanpazioa bezalako lanbideak galdu ez daitezen eta egungo adimen artifizialarekin bultzada handiagoa behar dutela uste dut. Horretarako, zenbait urte daramatzat jada itxita dauden inprentetako koadernatzeko material ugari biltzen. Hortaz, Studio Marocan antolatuko diren tailer guztiak paperean egingo dira.

Diseinatzaile grafikoak irudimen handiko profesionalak zarete. Zein ideia dituzu?

Leonen jaio nintzen arren, leku mordo batean bizi izan naiz. Esaterako, Bartzelonan, Lleidan, Valentzian, baita Italian eta Alemanian ere. Leku horietan ideia ugari bildu ditut eta horiek hemen aplikatu nahiko nituzke. Aitona-amonak euren bilobekin elkartzeko interes handia dut, eta nerabeekin soilik tailerren bat egitea ere gustatuko litzaidake. Izan ere, eskulan tailerrak izaten direnean, normalean, haur edo helduentzat zuzenduak izaten dira, eta zentzu horretan nerabeak ahaztuta daudela uste dut.  Horregatik, oso modu egokia iruditzen zait barruan dituzten gauza horiek guztiak ateratzeko. Hala ere, lasai hartuko dut atzetik lan handia dagoelako eta erantzun on bat lortzen dudan ikusi behar dut.

Lehen tailerra egin zenuten igandean. Zertan aritu zineten?

Jone Taberna donostiar ilustratzailea izan genuen. Jonek lan handia egiten du norberaren eta naturaren arteko loturarekin. Beraz, berak gidatutako tailerrean gure bizi erritmoari etena emateko eta geure buruarekin konektatzeko lan egin genuen. Gure buruarekin konektatu ostean zirriborro batzuk egin genituen, eta egindako marrazki horiek tintarekin marraztu genituen, forma horiek murriztuz, eta hortik letoira eraman genituen. Tailerrean erabili genituen tresna horiek guztiak eskaini zizkigun Jonek.

Zein harrera jaso zuen lehen tailerrak?

Plaza ugari atera nituen eta bost bakarrik bete ziren, izan ere, duela bi aste hasi ginen tailer honen berri ematen eta jende asko ez da ohartu oraindik. Hala ere, etorri ziren herritarrak gogo handiz zeuden eta oso pozik amaitu zuten tailerra.

Zein asmo duzu hemendik aurrera?

Apirilean collage eta bermut tailer bat antolatu nahi dut, denon artean elkartzeko eta tarte atsegin bat pasatzeko asmoarekin. Jendea animatzen den ala ez ikusi behar dugu, baina asko gustatuko litzaidake haiei bultzada bat ematea beldurra gal dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!