Elkartasuna, Ibarratik Indiara

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 20a, 19:59

Ibarratik Misio Taldea Awhako proiektuko azken fasearekin dabil lanean; Depp Darshan Eskola ari dira berritzen eta ekainean amaitzea aurreikusten dute.

Awhako (Gujarat, India) Deep Darshan Eskola berritzeko proiektuarekin martxan jarraitzen du Ibarratik Misio Taldeak. 2022an abiatu zuten proiektua dela kontatu du Xabier Ayerza Ibarratik Misio Taldeko kideak, «hezkuntzaren bitartez ikasle tribalen ingelesezko hezkuntza indartzeko eta haien autokonfiantza areagotzeko helburuarekin».

Depp Darshan Eskola, 1975. urtetik Karitateko Vedruna Karmeldar Ahizpek zuzentzen duten hezkuntza-erakundea da, hain zuzen. Barrutiko magistratuaren gonbita onartu zuten Dang-en oihan-eremu horretan bizi diren tribu-haurrentzako ingelesezko eskola ertain bat irekitzeko, eta halaxe egin zuten. Urte guzti hauen ostean eraikina "zahartuta" geratu da, eta ikasketa giro «seguruagoa» eskaintzeko asmoarekin, 2022an, Ibarratik Misio Taldearekin elkarlanean jarri ziren lanean, «azpiegitura-instalazio hobeak eskaintzeko».

Obrak fase desberdinetan ari dira gauzatzen. Batetik, iaz amaitu zuten Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikina dute. «Ikasleak ekaina arte eraikin zaharrago batean egon dira, baina aurtengo kurtsoa eraikin berrian hasteko aukera izan dute». Bestetik, Bigarren Hezkuntzako eraikinaren obra ere amaitu dutela jakinarazi du boluntarioak. «Eraikina barrutik hutsa dago» eta hori guztiz betetzea izango dute datorren pausoa eta datorren urteko kurtsoa hasten denerako amaitzea aurreikusten dute; ekainerako, hain zuzen.

Eskolak 4 eta 15 urte bitarteko 400 ikasle hartuko ditu guztira, eta horien «kalitatezko hezkuntza» eskaintzea ere izango dute helburu. Horretarako, bi eraikinek informatika laborategiak izango dituzte, eta gela bakoitzean 15 ordenagailu jarriko dituzte. «Ordenagailuen ezagutza haurrengan sustatzeko beharra ikusten dugu, lan duin bat lortzeko baldintza bihurtzen ari baita», adierazi du Ayerzak. Arrazoi horregatik, batetik, beharrezko baliabide material guztiak izango dituztela gaineratu du, eta bestetik, irakasleei formazioa eskaini nahi diete, «informatikako ikasketak eskolako curriculumean ikasgai gisa sartuz».

Une honetan, azken fasean dabiltza murgilduta eta ur-putzua eta erabilera anitzeko gela bat ari dira eraikitzen. Ur-putzuak eskolaren inguruan pilatzen den euri-ura bilduko duela azaldu du, «eta urtean zehar pilatzen den ur hori lorategia ureztatzeko erabiliko da». Erabilera anitzeko gela, berriz, gurasoen bileretarako erabiliko dute, «baita irakasleen topaketan gauzatu edo laguntza eskolak emateko ere».

«Diru faltaren eraginez eta gauzak garestitzen ari direnez», obrak atzeratu egin behar izan dituzte. Hala ere, ekainetik aurrera bi eraikinak guztiz erabilgarri egotea aurreikusten du Ayerzak.

Diru laguntzak

Elkartasun olatuak aurrera jarraitzen duela adierazi du boluntarioak: «Ibarrako Udalak, Laskorain Ikastolak eta beste enpresa askok urtero diru laguntza kopuru handiak ematen dizkigute eta horiei esker gauzatzen ditugu gure proiektuak garapen bidean dauden herrialdeetan». Horrez gain, beste diru iturri batzuk ere izaten dituzte, esaterako, Eibarren, Zarautzen, Tolosan edo Ibarran antolatzen dituzten elkartasun azoketan bildutakoa ere jasotzen dute urtero, besteak beste.

Abenduan ospatu zuten azken elkartasun azokan lortutako diru kopurua «eskasa» izan zela jakinarazi du boluntarioak. Horregatik, aurtengo elkartasun azoka ez egitea pentsatu dute. «Lan gehiegi eskatzen du, gainera, boluntarioen adina igotzen ari da, ia denak jubilatuta gaudelako eta oso gogorra egiten ari zaigu». 

Hain zuzen, 6.500 euro bildu zituzten «garapen bidean dauden herrialdeetan proiektuak gauza ahal izateko». Ibarratik Misio Taldea Indiako proiektuaz gain, Hondurasen ere aritzen da lanean, non bertan ere hainbat proiektu izaten dituzten martxan. Esaterako, sei urte inguru daramatzate 25 metro koadroko etxeak eraikitzen, eta orain «etxe horien inguruan dutxa edo komunetan ura izateko putzuak ari dira eraikitzen».

Boluntario falta

Ibarratik Misio Taldea 1997an sortu zen eta 2005az geroztik irabazi asmorik gabeko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde Katolikoa da. Bertan egiten duten lana «erabat boluntarioa» da, eta gaur egun, 30 boluntario inguruk osatzen dute erakundea. Hala ere, geroz eta boluntario gutxiago direla jakinarazi du Ayerzak, eta horregatik, erakundearekin bat egiteko deia egin du: «Norbait laguntzeko asmoa badu edo antolakuntzan laguntzeko prest badago, gurekin harremanetan jartzeko eskatu nahiko nioke. Antolakuntzak lan asko eskatzen dute eta horretarako beharra daukagu».

Boluntario izateko edo proiekturen batean parte hartzeko interesa dutenek 676 623 990 telefono zenbakira deituta edo ibarratik@hotmail.com edo info@ibarratik.com helbide elektronikoetara idatzita jarri daitezke harremanetan. Informazio gehiago lortzeko www.ibarratik.org webgunearen bitartez.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!