Komikigile onenek sariak eskuratu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 18a, 11:10

Atzo iluntzean egin zen Galtzakomik lehiaketaren XIV. edizioko sari banaketa; aurten, 325 lan jaso dituzte, inoizko zifrarik handiena.

Euskarazko komikigintza eta sormena sustatzea helburu duen Galtzakomik lehiaketaren XIV. edizioa iritsi da bere amaierara. Atzo egin zen sari banaketa ekitaldia, Ibarrako San Bartolome plazan. Lan gehien jaso dituen edizioa izan da aurtengoa: 325 lan jaso dituzte guztira, iaz baino 74 lan gehiago.

Euskara hutsean antolatzen den Euskal Herriko lehiaketa bakarra da Galtzakomik. Galtzaundi Euskara Taldeak antolatzen du, eta haien ustez, "adierazpide artistiko horretan bidea egin nahi duenari aukera bat eskaintzeko aukera aproposa" da. Euskal Herri osotik jaso dituzte aurten ere lanak.

Epaimahai lanetan Iurre Ugarte idazlea, Unai Gaztelumendi marrazkilaria, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilaria eta Pili Aguado ilustratzailea aritu dira. Atzokoan, Oizeder Mayo aurkezleak gidatu zuen saioa eta epaimahaiak hautatutako 15 sariak banatu zituen. Sarituetako batzuk ez zuten bertan egoteko aukerarik izan, konfinamendua tarteko, baina ordezkariak bidali zituzten sariak jasotzera. Sariez gain, sarituak izan ez diren parte hartzaile guztien artean Mahala baserriko produktuez osatutako bi saski zozketatu zituzten, eta Satha Nahikari Amintarrila Gonzalez eta Eneko San Milan Olano izan ziren saskia etxera eraman zutenak.

Lehiaketan aurkeztutako komiki guztiak ikusteko aukera ere jarri dute. Ibarrako kultur etxeko areto nagusian aurki daitezke, abenduaren 30era bitartean.

IRABAZLE ZERRENDA

17 urte gorakoak

1. SARIA. Gaurko menua,  Libe Carballo Aranburu.

2. SARIA.  Txipiroikeriak, Pablo Azurza Garikano.

13-16 urte bitarte

1. SARIAAmetsa, Aitor Aristi Imaz.

2. SARIA.  Egun goibel bat, Eider Beraza, Irati Cristobalena, Maddi Gastesi.

Aipamena. Maitasuna besterik ez, Paula Ansorena Irizar.

Aipamena. Surflari baten bizimodua, Jon Andueza.

Ibarrako onena. Lurrera bidaia, Zuhara Garmendia.

10-12 urte bitarte

1. SARIA.  Zortziko sugea, Nora Ansorena Irizar.

2. SARIA.  Izurdearen urtea, Paula Zamarriopa Ortiz.

Aipamena. Animalien abenturak, Libe Bartolome Aguado.

Ibarrako onena. Gau Beltz beldurgarria, Natale Gibelalde Aginagalde.

9 urte arte

1. SARIA.  Arditurri altxor izkutua, Martin Mujika Martinez.

2. SARIA.  Puntitoa, Oinatz Mujika Aginagalde.

Aipamena. Hegaztiak, Eki Mendizabal Azpeitia.

Ibarrako onena. Laia eta bere abentura, Gema.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!