«Ekoizle nagusiak inguruko bi baserritar dira»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 11a, 10:00

2006-2007 ikasturtean hasi zen Yurrita Ibarrako Uzturpe ikastolako jangelan, sukaldari. Bertako produktuak, garaian garaikoak eta ahal dela, ekologikoak, horra hor, tolosarraren errezeta.

Tolosarra da Iñigo Yurrita (Tolosa, 1974), Iruran bizi da eta Ibarra du lantoki. Uzturpe ikastolako jangelako sukaldaria da duela 10 urte eta duela bi urtetik hona, sukaldaritza ikastaroa ere eskaintzen die DBH 4ko ikasleei. Jangelan 6 begirale izaten dira haurrei laguntzeko.

Noiz hasi zinen Uzturpeko jangelan lanean?

2006-2007 ikasturtean hasi nintzen. Aurretik bi etxekoandre aritzen ziren eta 25 otordu ematen zituzten, baina kopurua handituz joan zen eta ez ziren iristen. Uzturpek jangela zerbitzua indartzeko apustua egin zuen eta hor sartu nintzen ni. Orain 150 bat bazkari ematen ditugu.

Eta nola antolatzen zara?

Asteroko menua pentsatzen dut eta behar ditudan produktuak eskatzen ditut.

Eta nondik ekartzen dituzu produktuak?

Ikasturte hasieran ikasturterako beharko dugunaren nolabaiteko kalkulua egiten dut eta gure ekoizle nagusiekin hitz egiten dut. Ekoizle nagusiak inguruko bi baserritar dira, ikastolako guraso ere badirenak, eta beharko dugunari esker euren eskaintza moldatzen dute.

Bertako produktuak dira, beraz.

Bertakoak, garaian garaikoak eta ahal dela, ekologikoak. %80-85a produktu ekologikoak dira. Haragia ere bertako txekorrena da. Kalitate oso oneko produktuak erabiltzen ditugu.

Eta menu orekatua osatzen saiatuko zara.

Bai noski. Bertako produktuen zaporeak ikaragarri onak dira eta horiekin menu orekatu bat egiten dut. Menuan ohiko zapore eta jakiez gain, berriak sartzen ditut, zerealak esaterako; orain kuskusa ere jaten dute tarteka. Barazki gehiago eta haragi gutxiago jan dezatela ere nahi dugu. Hori dela eta, astearteak animalia proteinarik gabeko egunak izaten dira. Lehen plater bezala lekaleren bat jartzen dut eta ondoren, arroza, pasta edo barazkiak jaten dituzte, eta postretarako, fruta.

Haurrek bakarrik ez, guraso askok ere hartuko lukete horrelako menua.

Oso gustura daude eta askok galderak ere egiten dizkidate. Gaur egun independentzia izatea oso garrantzitsua da, arlo guztietan, eta ondo jateari geroz eta garrantzia gehiago ematen zaio. Ez da denbora asko behar ondo jateko, ondo aukeratu behar da.

Erlazionatuak

Haurren platerari begira

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mai 11 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!