Maiatzaren 2tik aurrera hasiko dira jartzen edukiontziak

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 6a, 15:00
2014ko apirila hasieran hasi ziren atez ateko sistemarekin Ibarran

Errefusa eta organikoa botatzeko txiparekin ireki beharko dira edukiontziak eta apirilaren 24an, 25ean eta 26an banatuko dituzte Beko Bideko lokalean

EH Bildu eta EAJ alderdiek abenduan sinatutako akordioari jarraiki, hiri hondakinak biltzeko sistema aldatuko dute Ibarran. Orain arte atez ateko sistema erabili dute hondakinak gaika bildu ahal izateko, baina maiatzaren 2tik aurrera edukiontzi bidez egingo dute. Atzeratu egin dira, izan ere, martxoan ziren hastekoak, baina «arrazoi teknikoak» medio berandutu egin dira. Arazo horiek konponduta maiatzaren 2ko astean hasiko dira jartzen, edukiontzi berriak. Aldaketa pixkana egingo dutela esan dute udal arduradunek, eta beraz, aste horretan bi sistemak egongo direla indarrean.

Maiatzetik aurrera hortaz, hondakin guztiak edukiontzi bidez jasoko dituzte Ibarran. Ontzi arinak eta papera zein kartoia jasotzeko edukiontziak horia eta urdina beti egongo dira irekita, baina organikoaren eta errefusaren edukiontziak itxita egongo dira, eta txip bidez ireki beharko dira. Txip hauek apirilaren 24, 25 eta 26an banatuko dituzte, 10:00etatik 13:00etara, eta 18:00etatik 21:00etara. Beko Bideko lokalean egingo dute banaketa.

Maiatza gerturatu ahala, informazio gehiago emango dutela ere esan du udalak. Dena den, bihar eta etzi artean herritarrek informazio hau guztia biltzen duen Tolosaldeko Mankomunitateko eskuorria jasoko dute postontzian.

Era berean, ezkaratzetan etxebizitza bakoitzari dagokion edukiontzi gunea ere zehaztuko dute. Guztira 22 bat gune aurreikusi dituzte.

Merkataritza eta ostalaritzaren kasuan bi aukera dituztela ere esan du udalak. Organikoa, errefusa eta papera zein kartoia biltzeko atez ateko sistema erabili dezakete. Horrela nahi izanez gero organikoa astearte, ostiral eta igande gauean atera beharko dute; errefusa larunbat gauean; eta papera zein kartoia egunero, astelehenetik ostiralera, gauean.

Edukiontzi bidezko sistema erabili nahi badute aldiz, gainontzeko herritarrek bezala egin beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!