«Sokatira garbi bat eskatzen dugu»

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 7a, 10:18

Legez kanpoko produktuen erabileragatik Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren finala bertan behera geratu da.

Eugenio Lopetegi Ibarra Soka-tira taldeko presidentea da. Larunbatean ez zen izan Erandion, baina bertan gertatuaren jakitun da: «640 kiloko finala bertan behera geratu zen, oinetakoetan kola moduko produktu batekin harrapatu baitzituzten hiru talde: Murueta, Beti-Gazte eta Zuraide. Duela bi urte, munduko txapelketan, arrazoi berdinengatik Txina lehiaketatik kanporatua izan zen. Sokatira garbi bat eskatzen dugu».  
Euskal Herriko 8x8ko goma gaineko txapelketaren finala jokatu behar zen larunbatean Erandion. Sei talde sailkatu ziren dominen lehiarako, tartean Ibarra. Txapelketa hasi, hasi zen, baina epaileek talde baten oinetakoetan legez kanpoko produktuak aurkitu zituzten. Juan Migel Ranero epaileak eta Bizkaiko Herri Kirol Federazioko presidenteak Gara-ri honela kontatu zion gertatua: «Aurrena talde batek oinetakoetan legez kanpoko zerbait zuela konturatu ginen, zerbait gomaren gainean itsasteko emana. Ondoren oinetako horiek aldatzeko agindu genien, eta, aldatu zituztenean, berriro ere dena berdin zegoela ikusi genuen. Baina gero, beste bigarren talde bat harrapatu genuen gauza berarekin, eta baita hirugarren talde bat ere. Orduan, 640 kiloko finala bertan behera uztea erabaki genuen. Orain Euskadiko Federazioari dagokio honi buruzko erabakia hartzea. Jadanik tiraldi batzuk eginak zeuden, baina onena ez jarraitzea zela erabaki genuen».
Ranerok esandakoarekin bat egiten du Eugenio Lopetegi Ibarra Sokatira taldeko presidenteak: «Orain Euskadiko Federazioak erabaki beharko du final horrekin zer gertatzen den».


405 kilotan, ibarra bigarren
Egun eta leku berean, 405 kilotan hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Hiru talde aritu dira lehian, eta aurreko jardunaldietan bezala, Erandion Ibarrak bigarren postuan amaitu zuen. Gaztedi izan zen onena, tiraldi guztiak irabaziz. 405 kilotako sailkapena Txantreak itxi zuen. «Oso ondo dabiltza tiralariak nahiz eta pisuz oso behetik egon. Behin 405 kiloko txapelketa amaituta, orain pisu txikiagoan hasiko dira lehian; eta hor, esperantza handiak ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!