«Ez Finlandian bezain beste, baina irakurtzen duenak asko irakurtzen du»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ots. 1a, 09:53

Aurki beteko ditu Juanjo Alustizak 24 urte Ibarrako liburutegian. Ikastolako gimnasioan eman zuten zerbitzua lehen bi urteetan, eta gero pasa ziren kultur etxera.

Pixkana hobetuz joan den liburutegia da Ibarrakoa, hori dio bere arduradunak, Juanjo Alustiza (Alegia, 1966) liburuzainak. Papera gailendu da euskarrien arteko lehian, oraingoz behintzat, eta erabiltzaile asko Internet konexioa erabiltzeko gerturatzen badira ere, ohiko erabilpenari, maileguenari, eusten diote Ibarran, hori ondorioztatu daiteke 2016ko datuei erreparatuta. Iaz eguneko 56 bisita eta 50 mailegu izan zituen.

24 urtez Ibarrako liburuzain.
Hasieran Egiko ikastolan zegoen liburutegia, gimnasioan. Ia ez zen inor joaten, umeren bat ikastolatik ateratzean eta kito. 1995. urtean edo hona pasa ginen, kultu etxera, eta pixkana hobetzen joan gara. Geroz eta jende gehiago, mailegu gehiago... Esan behar da hasieran herrian ez zegoela ezer, gazteek ez zeukaten nora jo eta denak hemen biltzen ziren eta kaos samarra zen. Baina gerora, pixkana, herrian gauza eta topaleku gehiago sortzen joan dira eta gaur egun ez da gauza bera. Lasaitu egin da.Garai berrietara egokitzen joan gara, ordenagailuekin eta abar.

2016ko datuak onak izan dira, ezta? 69 bazkide gehiago, 50 mailegu eta 56 bisita eguneko... Zer dio liburuzainak?
Ez dira txarrak. Interneta atzematen da, hala ere, eta ikus-entzunezkoen jaitsiera eman da. Joera orokorrak ere eragiten digu, noski. 2016an 2015ean baino liburu gehiago hartu dira, hori bai, baina mailegua pixka bat jaitsi da. Liburu elektronikoak ere sortu dira, baina paperak eusten dio oraindik, liburutegian behintzat, krisiak horretan ere lagundu digu.

Zorionez, esango du batek baino gehiagok.
Liburu elektronikoak ez du espero zen ibilbidea izan, AEBtan eusten dio pixka bat hobeto, baina hemen ez. Zaila da jakitea zenbat jendek irakurtzen duen digitalean. Irakurtzen den gehiena modu ilegal edo alegalean egitean da, Internetez liburuak jaitsiz, eta ez dago kontrolatzerik. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu bat sortu du liburu digitalak jaisteko, liburutegi bateko bazkide izan behar da eta liburuak jaitsi daitezke, maileguan. Liburutegi bat bezala funtzionatzen du zerbitzuak. Baina egia dena da, hemen irakurzaletasuna Europako beste herrialde batzuetan baino baxuagoa dela.

Irakurzaletasun gutxiago, eta emakumeen esku.
Erabiltzailearen profila hori da bai, emakumea eta adinari dagokionez, 14 urtetik gorakoa. Heldu gehiago, hortaz. Baina liburutegira denetatik etortzen da.

Eta zertara etortzen da batik bat, jendea?
Batzuk egunkariak irakurtzera etortzen dira, ordenagailuetara beste batzuk... eta geroz eta jende geahigo etortzen da ordenagailutik gauzak inprimatzera, apunteak, lanak edo dena delakoak. Internet bidezko kontsultak egitea ere etortzen da jendea.  Liburutegia jendea biltzeko tokia da. Batzuk eguraldi txarra egiten duelako umeekin biltzen dira hemen, beste batzuk lan bat egin behar dutelako, batzuk taldean etortzen dira liburu bat aukeratzera...

Urte hasierarekin batera ordutegi berria duzue eta astelehen goizetan ez duzue irekitzen, zer dela eta aldaketa?
Liburutegia kultur etxean dago eta kultur etxeko ordutegi eta langile taldera egokitu behar da. Goizetan ez da horrenbeste erabiltzaile egoten, azterketa garaian gehiago, baina ez asko.

Laguntza eskatzen al dizu jendeak liburu bat aukeratzeko?
Liburu aldetik jendeak best sellerrak nahi ditu. Liburu berriak biltzen ditugun tokira joaten dira asko, zuzenean. Beste batzuk urte asko dira etortzen direla eta gutxi gorabehera badakit zein liburu mota irakurtzen dituzten. Gaur egun informazio asko dago eta jendea zerrendarekin etortzen da; egunkarietan azaldutako titulu jakinak nahi dituzte, esaterako. Hori da joera. Lehen zeinen inguruan irakurri nahi zuten esaten zidaten, gai orokor bat, eta orain izenburua ematen didate, zuzenean. Liburutegien arteko mailegu zerbitzuari esker denbora gutxian izaten ditugu eskatutako liburu guztiak hemen.  

Zein izan zen iazko libururik mailegatuena?
Gaztelaniazkoa da, Todo lo perdido y encontrado (Lucy Foley). Ez da oso ezaguna, baina ahoz ahokoak funtzionatu du eta asko hartu dute. Euskaraz lau izenburu aipatuko nituzke: Zu (Anjel Lertxundi), Lapur banden etika ala politika (Joseba Sarrionandia), Txistu eta biok (Juan Luis Zabala) eta zaharragoa dena baina eskoletan eskatu dutenez, asko eskatu dena, Ipuin batean bezala (Joan Mari Irigoien). DVDn artean Amama filma mailegatu dugu gehien.  

Helduen libururik mailegatuena gaztelaniaz, eta haurrek? Euskarazko liburuak irakurtzen al dituzte?
Zenbat eta txikiagoak orduan eta euskara gehiago. Adinak gora egin ahala gehiago irakurtzen dute gaztelaniaz. Lehen 8-10 urterekin ere euskaraz irakurtzen zuten, baina gaur egun ez. Badaude zenbait bilduma gaztelaniaz direnak eta euren artean arrakasta dutenak.

Hilero izaten dituzue izenburu berriak?
Helduentzat ia hilero erosten ditugu liburuak, 10 bat aldiz erosten ditugu urtean. Jendeak ere eskatzen dizkit liburu zehatzak eta ahal dela ekartzen ditut, hori oso aberasgarria da.

Irakurzaletasuna badago beraz, Ibarran?
Ez ditugu Finlandiako bataz bestekoak, baina bai, badago irakurzaletasuna. Hemen irakurtzen duenak, asko irakurtzen du, hona jende berdintsua etortzen da eta horiek asko irakurtzen dute.  
Herri txikiagoetatik ere etortzen da jendea... Txartelak orain, Euskadi guztirako balio du eta beraz, edozein liburutegira joateko balio duenez, hona ere beste herri batzuetatik etortzen dira. Mugimendua badago. Nik beste liburutegi batzuetara ere bideratzen dut jendea.

Bestelako ekintzak ere badituzue.
Ipuin kontalariak izaten ditugu eta baita ikastolako ikasleen bisitak ere. Ia ikastola guztia pasa da hemendik. Hona etorri, liburutegia erakutsi, funtzionamendua azaldu... Aste honetan bertan bi urtekoak etorri dira liburuetara ohitzen joateko. Lehen Hezkuntzakoak korsario eta piraten gaia lantzen ari dira eta irakasleekin etorri dira, liburuak hartu... Irakurzaletasunaren harra sartzeko ona da.

Ibarrako Liburutegiak bloga ere badu.
Liburutegiko ekintzak, liburu berriak, albisteak... biltzen ditut bertan. Sinplea da eta informazioa elkarbanatzeko erabiltzen dut. Urtean 2.000 bat bisita izaten ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!