Gaztezulo, gazteen bilgune

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 26a, 10:14

Ibarrako gazteek Gaztezuloko aisialdi eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute datozen hilabeteetan. Ostiralean eta larunbatean egin zituzten irekiera festak.

Ostiralean 6 eta 12 urte arteko gazteak bildu ziren bertan, eta larunbatean 12 eta 15 urte artekoak.  Itsaso Perez hezitzaileak esandakoaren arabera, irekiera festak eginda, aste honetan ordutegi normalarekin hasiko dira, nahiz eta ez duten finkatu oraindik. "Ikastolara joan eta bertan ordutegiaren inguruan hitz egiten aritu gara, segituan finkatuko dugu", esan du.

"Ikasturte honetan ere parte hartzea sustatzen jarraituko dugu, horixe da gure helburua. Adin guztietara zuzenduta dago zerbitzua, LH 1. mailatik DBHra arte. Aurreko ikasturtean bezala, honakoan ere aste barruan gazteagoekin egongo gara eta asteburuan zaharxeagoak direnekin. Herriko bizitzan parte hartzea aktiboa sustatzea da gure nahia eta gazteei euren aisialdi propioa sortzeko eta kudeatzeko gaitasuna garatzen lagundu nahi diegu", esan du Perez.

Gaztematikaren barruan dagoen proiektua da Gaztelekua. Pasa den ikasturtean hasi ziren martxa hartzen eta aurten jarraitzen dute. 20 eta 40 haur eta gazte arteko taldeak izaten dituzte, egunaren arabera. Gustura joaten direla dio Perezek eta ordu gehiago eskatzen dizkietela. Oso gazte aktibo eta dinamikoak direla esan du eta Gaztezulok eskaintzen duen aukera ondo aprobetxatzen dutela nabarmendu du hezitzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!