Umorea, bertsolaritza eta komikigintza edo irrimarrak uztartuko dituzte saioan, eta irrimarrak eta bertsoak bat-batean egingo dituzte gonbidatuek.
Batetik, Anartz Iturbe ariko da, euskarazko txisteak kontatzen; antolatzaileen esanetan, «hutsik zegoen espazio hau, eta euskarazko txisteekin betetzen ari da». Berarekin batera, Xabier Silveira bertsolaria ariko da afari-txouan, eta azkenik, Dani Fano eta Asisko Urmeneta komikigileak ere elkartuko dira aurreko biekin.
Fanok eta Urmenetak hasitako marrazkiari bertsotan erantzungo die Silveirak, eta alderantzizko prozesua ere egingo dute. Hau osatzeko, Iturbek txisteak botako ditu. Gaiei dagokienez, kirola, kultura, politika edo bertaratutako edonor izan daiteke jomuga.
Afari-txoura joateko txartelak 22 euroan daude, Sendi Ekintzan, Zubiaurren, Atarin, Alaien, Danon Txokoan eta Galtzaundi Euskara Elkartearen egoitzan. 21:00etan egin dute hitzordua.