Merkatu Solidariorako materiala biltzen hasiko dira

IƱigo Terradillos 2013ko abe. 4a, 21:51

Ibarratik Misio Taldearen ekimena hilaren 15etik 22ra izango da; herritarren laguntza eskatu dute

Urteko sasoi honetan elkartasun ekimenak areagotu egin ohi dira, eta horietako bat da, urtero Ibarratik Misio taldeak antolatzen duen Merkatu Solidarioa. Abenduaren 15etik 22ra bitarteko astean jarriko dute, eta bertan aterako duten dirua martxan dituzten proiektuetara bideratuko dute. Datorren astean egingo dute merkaturako baliatuko duten materialaren bilketa, eta dendariei eta herritarrei laguntzeko gonbita luzatu diete.

Merkatu Solidarioa Misio Taldeak San Bartolome plazan duen Parrokiko lokaletan jarriko dute. Hurrengo igandean, abenduaren 15ean egingo duten Pintxo Pote Solidarioarekin batera zabalduko dute merkatua, eta astebetez egongo da zabalik. Astegunetan 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:30era, eta asteburuetan 10:00etatik 14:00etara bisitatuko ahalko dute.

Laguntzeko deialdia

Merkatu Solidarioa zabaldu aurretik, bertan salgai jarriko duten materialaren bilketa egingo du Ibarratik Misio Taldeak. Hain zuzen ere, datorren asteartetik larunbatera bitarte, hilaren 10etik 14ra, egongo dira materiala jasotzen. Hala, Ibarrako dendariei eta herritarrei laguntzeko deia egin diete, nahi duten materiala oparituz, gero merkatuan salgai jartzeko. Parrokiko lokalera eraman ahalko da materiala, arratsaldez, 17:00etatik 20:30era.

Era berean, ekimen honetan lagundu nahi duen orok ateak zabalik dituela ere gogoratu dute. Horretarako, 650 416 949 (Marian) edota 678 844 539 (Juanma) telefono zenbakietara hots egitea nahikoa izango da.

Horrez gain, diruz laguntzeko aukera ere zabaldu dute, euren kontu korrontean (2095 5043 97 1062974919) nahi den aportazioa eginez.

Ibarratik Misio Taldeak Ekuadorren, Hondurasen eta Indian dituen proiektuak lagunduko ditu ekimen horien bitartez. Misio Taldearen izenean, eta hiru misioetako sendien izenean, herritarrek eman duten eta emango duten laguntasun guztia eskertu nahi dute, «horrela egiten baita posible proiektuak aurrera ateratzea».

Bestalde, Misio Taldearen web orria (www.ibarratik.org) bisitatzera ere gonbidatu dute, dituzten proiektuen inguruko xehetasunak ezagutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!