Lierni Etxeberria: «Gazteei guztia zuzenduko bagenie litekeena da aurkako efektua lortzea»

Iñigo Terradillos 2013ko urr. 31a, 09:00

Lierni Etxeberria
Ibarrako gazteen hizkeraren inguruko lana egin du filologo ibartarrak; ukipenean dauden hizkuntzetako hitzak eta esapideak erabiltzearen zergatiak aztertu ditu.

Ibarrako gazte hizkera aztertu du Lierni Etxeberriak (Ibarra, 1989). Euskal filologoa da, eta graduondoko formazioaren barruan burutu du ikerketa lan hori. Gaztelaniazko hitz asko sartzen dituztela gazteek kaleko hizkeran dio, «adierazkortasuna lortzeko helburuz». Gizartea aldatzen ari den bezala, «hizkuntza neurri berean aldatuz eta egokituz doa» Etxeberriaren arabera.
Zergatik aukeratu duzu gai hori zure ikerketa lanerako?
Pasa den urtean euskal filologiako ikasketak bukatu ondoren, Hiznet - Hizkuntza Plangintza graduondokoa egin nuen. Masterraren bukaeran lan bat egin behar genuen. Gai ugari genituen aukeran lantzeko, eta nik gazte hizkera aukeratu nuen. Orokorrean landu ordez, Ibarrako gazteen hizkera lantzea erabaki nuen. Gazteen hizkeran kode alternantzia nola ematen den aztertu dut.    
Zer da kode alternantzia?
Hizkuntzak ukipen egoeran daudenean ematen da. Euskararen kasuan, frantsesarekin eta gaztelaniarekin gertatzen da. Frantsesak eta gaztelerak eragina dute euskararengan, eta geroz eta gehiago ingelesak. Hitz egitean, hizkuntza horietako hitzak eta esamoldeak sartzen ditugu. Gure kasuan, Ibarraren kasuan, gaztelaniarekin ematen da batik bat. Bada, zergatik eta zein kasutan ematen diren kasu horiek aztertu nahi izan dut.
Eta zeintzuk dira atera dituzun ondorio nagusiak?
Batetik, gaztelaniazko hitzak edota esapideak sartzearen arrazoia adierazkortasuna bilatzea dela kasu askotan. Euskaraz hitz egitean, euskarazko hitz batzuk agian artifizial samarrak suertatzen zaizkigu, eta horregatik gaztelaniazko hitzak sartzen ditugu adierazkortasun hori lortzeko. Umorea txertatu nahi dugunean ere gertatzen da. Beste norbaitek esandako gauzak errepikatzerakoan ere gaztelaniara jotzen dugu askotan. Euskarak dituen gabezi horiek-edo estaltzeko egiten dugu.
Zein kasu zehatzetan gertatzen da?
Esaterako, «Ikusten?» esan ordez, «Ves?» esateko joera dago. Agian, errazago zaigulako. Haserretzen garenean, edota iraintzeko asko errepikatzen da. Euskaraz askoz ere baliabide gutxiago ditugu, eta kasu horietan gaztelaniara jotzen dugu. «La has cagado!», esaterako, euskaraz «Hanka sartu duzu!» izango litzateke. Euskarazkoak baino indar gehiago duela dirudi gaztelaniazkoak, errazago esaten dugu, eta gazteek, zer esanik ez.
Azterketa hasi aurreko usteak frogatuta al dira?
Hasieran uste genuena zen erreakzio moduan, edota aurkakotasun jarrera adierazteko jotzen zutela gazteek erdal adieretara. Euskara jatorra erabili ordez, gaztelania erabiltzen zutela jarrera kontuagatik. Baina, ikusi dut ez dela horrela.
Nola bildu dituzu lekukotasunak.
12 eta 15 urte bitarteko gazteak batetik, eta 22 eta 25 urte bitartekoak bestetik, alderatu ditut. Bi eztabaida talde sortu nituen, eta bakoitza bere aldetik grabatu. Bi multzoek gaztelania asko sartzen dutela hitz  egiterakoan ikusi dut. Azterketa egin aurretik gaztetxoenek gehiago sartuko zutenaren susmoa nuen, baina ez da horrela izan. Beraz, ez dakit zenbateraino den gazteen aurkakotasun jarreraren ondorio edota hizkuntza aldatzen ari delako ematen den fenomeno hori. Egia da ere, egoera nahiko formalean egin nuela azterketa, eta horrek eragina izango zuela gazteen hitz egiteko moduan.
Adinaren arabera ez da gutxitzen, beraz, joera hori.
25 urtera arte ikusi dut ematen dela erdal hitzak sartzeko joera, beraz, ez dut uste adinaren arabera baztertzen joaten denik.
Zer egin beharko genuke erdal hitzetara jo beharrik ez izateko?
Hizkuntza gizartearekin batera aldatuz doa, eta datorren moduan hartu beharko dugu. Hori bai, bere neurrian. Ez dut uste horrelakoak erabat zuzentzen hasi beharko genukeenik. Ahozkotasunean, maiz, gauzak esaten diren bezala esaten dira, eta guztiak zuzentzen hasiko bagina agian kontrako efektua lortuko genuke. Gazteei guztia zuzenduko bagenie litekeena da erabat gaztelania erabiltzea lortzea.
Euskal Herriko beste txokoetan neurri berean errepikatzen al da fenomeno hori?
Bai.Beste hiru ikerketekin alderatu dut nire azterketa: Goierrin eginiko batekin, Azpeitia inguruan eginikoarekin eta Nafarroan eginiko batekin. Hiru horietan ere ondorio berdinak atera dituzte. Hiru horietan aipatzen dena da gaztelaniara jotzen dela, kasu batzuetan, adierazkortasuna lortzeko helburuarekin.
Euskal Herritik at, munduko zein lurraldetan egin dezakegu topo kode alternantziarekin?
Hego Amerikan, esaterako. Han gaztelaniaz hitz egiten dute, baina ingelesaren eragin handia dutenez, ingelesezko hitzak eta esapideak sartzea ohikoa da euren ahozko hizkeran. Ukipen egoeran dauden hizkuntzetan fenomeno antzekoa gertatu ohi da, eragin handia dutelako ukitzen dituzten hizkuntzek, eta azkenean tarteko hizkuntza moduko bat sortzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!