ELKARRIZKETA

«Jardun eta jardun arituz gero, azkenean eskua bakarrik doa»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 26a, 07:59
Milagros Eizmendi Arregi saregile bidaniarra Getarian. J.ARTUTXA

63 urte bete berritan, eta Getarian sareak josi eta josi hiru hamarkada pasatxo egin ondoren, erretiroa hartzear da Milagros Eizmendi Arregi bidaniarra. Ikaragarri gozatu duela aitortu du, Euskal Herrian tradizio handia duen eta oraindik ere eskuz egiten den lan bakarrenetarikoan.

Bidaniko Betelu-Barrena baserrian jaio zen Milagros Eizmendi Arregi (Bidania-Goiatz, 1960). Getariako Elkano jatetxean zerbitzari izan zen lauzpabost urtez, eta gero, amaginarrebarekin batera, sareak egiten eta konpontzen hasi zen. 30 urte egin ditu ofizio horretan eta erretiroa hartzeko zorian da. Gaur egun, Getarian bizi da, Arrantzaleen Kofradiako lehendakaria den Emeterio Urresti senarrarekin. Baserrira etortzeko ohitura izaten du tarteka, baina berak nahi baino gutxiago.

Nola hasten da bidaniar bat Getarian lanean?

1978ko otsailean etorri nintzen, eta Elkano jatetxean hasi nintzen zerbitzari. Ia 5 urte egin nituen bertan lanean. Bitarte horretan ezagutu nuen Emeterio; orduan getariar arrantzalea zen, eta gerora, berarekin ezkondu nintzen. Bi seme-alaba izan genituen, eta apur bat koskortu zirenean, nire amaginarrebak erretiroa hartzea erabaki zuen; saregilea zen. Bere alaba ere ofizio horretan aritzen zen, eta orduan, langile bat behar zutela-eta, ikasten hastea erabaki nuen.



Amaginarrebak irakatsi zidan, bere etxean. Etengabe izaten nuen gainean, bestela ez nuen ideiarik eta. Hasieran ez nekien sarea nola heldu, hanketan nola jarri ere ez. Ofizio honek bere denbora behar du ikasteko, ez da aste batetik bestera ikasten. Praktika handia eskatzen duen lana da. Nire kasuan, urte erdi bat inguru aritu nintzen praktikatzen, eta etengabe jarduteari esker, lanean hasi nintzen kaian.

Elkanon lanean ari zinela pentsatzen edo amesten zenuen noizbait saregile izatea?

Ezta pentsatu ere! Ezkondu eta gero, akaso bai, etxean itsasontzi bat genuelako, eta beraz, aukera hori beti ikusten nuen hor.



Nola gogoratzen dituzu lehen urteak?

Sare bat eskuartean hartu, eta batetik ebakiak eginez, eta bestetik josiz, konponketa lanak egiten nituen. Ikasten ari nintzela, sare pusketak hartzen nituen, sare oso bat hartu beharrik gabe, eta horren gainean aritzen nintzen konponketa lanak egiten.

Zenbat urtez aritu zara ofizio honetan?

30 urtez aritu naiz lanean. 63 urte bete berri ditut, eta egun hauetako batean hartuko dut erretiroa.

Saregileena tradizio handiko ofizioa da Euskal Herrian. Nolako lana da?

Lan polita da, eskulana gustuko duenarentzat, batez ere. Niri asko gustatzen zait. Sareak nola egiten diren ideiarik ez duenari nahiko zaila suertatuko zaio, baina jardun eta jardun arituz gero, azkenean eskua bakarrik doa.

Eta fisikoki, gogorra da? Eskuz egin beharreko lan bakarrenetakoa da, baina noizbait aritu al zarete makinekin?

Eskuz egin behar da, bai, baina niretzat ez da hain gogorra. Badira sareak konpontzeko makinak. Behin hona italiar batzuk etorri ziren horietako bat aurkeztera, baina makina horren lan egiteko moduak eta gureak oso desberdinak ziren. Makina horri bost axola zitzaion sare-begi bat edo hiru hartu, eta gu ez gaude horretara ohituta. Akaso, etorkizunean horretara jo beharko dute saregileek, baina oraingoz ez behintzat.



Une honetan lanean aurkitu zaitugu. Zertan ari zara?

Udako sare batekin ari naiz lanean. Sare-begien ertzak sendotzen ari naiz. Izan ere, gero, sare-begiak elkarri lotuta doazenez, sare handi bat osatzeko beharrezkoa da ertzak sendotzea. Tamaina desberdineko sare-begiak daude eta ertzetan jartzen direnak zabalagoak dira.

Hemen bertan duzun udako sare honek nolako tamaina du?

Ez da hain sare handia. 290-300 besaldi eskas izango ditu. Besaldia itsasoan erabiltzen den neurria da; sarearen luzera besaldika neurtzen dugu guk. Besaldi bakoitzak 1, 68 metro neurtzen du. Sarearen altuera, berriz, sare-begika neurtzen da. Pieza bakoitzak 400 sare-begi ditu, eta beraz, sareak pieza bakarrekoak, bi piezakoak (800 sare-begi) edo hirukoak (1.200 sare-begi) izan daitezke. Lonjan erraldoia dirudi sare honek, baina itsasora botatakoan oso txiki ikusten da, itsasoa ikaragarria delako.

Nolako lonja da zuena?

Getariako Portu kalean dago, eta bertan izaten ditugu sareak. Normalean ni bakarrik aritzen naiz lanean, zulo batzuk konpontzeko ez dudalako lan handirik izaten. Hala ere, lan handiagoak egin behar ditudanean, hala nola, eraberritze bat edota bilbe zaharrak bota eta berriak jarri, laguntza eskatzen diet saregile gehiagori. Horrelakoetan, 6-8 saregile etorri izan dira hona. Baina, oro har, lonja bakoitzean saregile bat aritzen da. Bakoitzak bere lonjan tokirik ez duenean, sarea handiegia delako edo, hemen ondoan dagoen lokal batera eramaten du. Bertan lau sare kabitzeko adina toki dago.

Askotan egin behar izaten dituzue eraberritze lan horiek?

Ezinezkoa da jakitea. Arrantzaleak itsasoan ibiltzen direnean, itsatsita geratzen diren sareak edo apurtutakoak ekarri ditzakete. Askotariko matxurak izaten dituzte sareek. Tarteka, itsas hondoan kateatuta geratu direlako, sarerik gabe ere etorri izan dira. Kasu horietan, sare berriak egin behar izaten dira. Bilbeak eginda egoten dira, eta guk elkarlotu egin behar izaten ditugu. Pasa den astean, sare handi bat konpontzen hasi ginen portuko bokalean.

Zenbat sare konpontzen dituzue urtean?

Ez dago kopuru jakin bat. Behin ere ez da jakiten zenbat konpondu beharko ditudan. Baliteke egun batean, kasualitatez, bizpahiru itsasontzi etortzea sarea hautsita dutenak, baina biharamunean bakar bat ere ez. Hala ere, ia beti etortzen da bakarren bat sarea hautsita.

 

«Baliteke egun batean bizpahiru itsasontzi etortzea sarea hautsita dutenak, baina biharamunean bakar bat ere ez»



Eta denborari dagokionez, arrantzaleek estutu egiten zaituztete?

Ez. Ahal duguna egiten dugu, gure ordutegiaren arabera. Arratsaldeetan, itsasontziak arrantzara ateratzeko presa handia badu, lehenago hasten gara lanean.

Nola ikusten dituzue sareetako zuloak edo konpondu beharreko zatiak?

Kamioietan ekartzen dituzte sareak lonjara. Bertan, haladoretik pasatzen ditugu, eta orduan ederki ikusten dira zuloak non dauden. Gero, zulo horiek markatzen ditugu, hari zuri batzuekin, konpondu beharreko zatiak zeintzuk diren ikusteko.



Urtean zehar, sasoiaren arabera, lan desberdinak egiten dituzue?

Ez. Orain amaitu berri da hegaluzeak arrantzatzeko kanpaina. Lehen esan dizudan bezala, sare hauek arrantzarako erabili dituzte, eta orain kanpaina amaitu denez, erretiratu egin dituzte, gainbegiratu bat emateko. Kasu honetan, zulo batzuk besterik ez ditugu konpontzeko, beraz, ez du lan handirik eskatzen. Behin konponketa lanak bukatuta, hurrengo urteko hegaluzearen kanpainara arte ez dute erabiliko. Orain, sardinak arrantzatzen ere ibili dira, baina dagoeneko amaitu dute. Otsailean, berriz, berdelaren kanpaina hasiko da, eta orduan udaberriko sarea hartuko dute. Hori prestatuta eta jasota dago, hurrengo urtean erabili ahal izateko.

Lanak aurreratuta dituzue, beraz.

Bai. Udaberria, txitxarroak, berdelak eta antxoak arrantzatzeko garaia izan ohi da. Ekainerako amaitu zen kanpaina, eta orduan, sarea erretiratu egin zuten, eta sare horren gainbegiratze eta konpontze lanak udan egin genituen.


Maiatzean, Antxoa Egunean, herriko haurrei sareak nola konpondu erakusten. ATARIA


Zeintzuk dira saregile batek egin beharreko lanak?

Sare-begiak eginda ekartzen dituzte, baina sareak osatzeko ezinbestekoa da sare-begi horiek elkarrekin lotzea. Hori izaten da gure egitekoa. Tartean, besaldiak neurtzen aritzen gara, baldin eta zenbat sare-begi behar izaten ditugun.

Nolakoa izaten da sareak egiteko prozesua?

Normalean, itsasontzia kaira ekartzen dutenean, sareak zein konponketa behar izaten duen begiratzen dugu. Kontuak egiten hasten gara: halako piezak eta horrenbeste behar ditu. Lonjan bertan, badaezpada, beti izaten ditugu sare-begiak gordeta, erreserban. Gehiago behar izanez gero, eskatu egin behar izaten ditugu. Espainian, Alacanten dago sare-begiak egiten dituen enpresa bakarra, eta berehalako zerbitzua ematen du. Bestela, kanpoan eskatu behar izanez gero, denbora tarte handiagoa behar izaten dute, baina horiek ere nahiko azkar iristen dira.

Prozesuko pausoetako bat sarea armatzea izaten da. Sare-begi astunagoak eta indartsuagoak jartzen zaizkio bilbeari. Ondoren, sarea armatuta dagoenean, gizonezkoek kortxo zatiak jartzen dizkiete. Ezinbesteko pausoa da, sareari forma eta pisua emateko eta sarea ur gainean mantentzeko, bestela, behin itsasora botatakoan, dena behera joango litzake.

Sareak egiteko modu desberdinak daude ala denak berdin egiten dituzue?

Sare konponketa berdina da denontzat. Metodo unibertsala da. Eskulanak gustatuz gero, behin tamaina hartzen diozunean, automatikoki egiten duzun lan bat da. Behin ondo ikasiz gero, ez zait lan zaila iruditzen.

 

«Eskulanak gustatuz gero, behin tamaina hartzen diozunean, automatikoki egiten duzun lan bat da»



Sare bakoitza, gainera, mundu bat izango da... Zertan desberdintzen dira?

Ez dago alde handirik. Udako sarea arinagoa izan ohi da. Udaberrian antxoak edota berdelak arrantzatzeko erabiltzen dutena pixka bat gogorragoa izaten da, sare-begi sendoagoak dituena. Arrantzatuko duzun arrainaren forma handiagoa bada, sare indartsua behar duzu. Hala eta guztiz ere, tarteka lehertu egiten dira.

15-17 urteko borrokaren ostean, erretiro adina murriztea lortu duzue aurten. Zer ekarri du horrek?

Koefiziente murriztailea aplikatzea lortu dugu. Autonomoak gara, eta erregimen bereziko asegurua daukagu. Normalean, 67 urte bete arte egokituko litzaiguke lanean jarraitzea, baina koefiziente horri esker, lanean egindako hamarkada bakoitzeko, erretiro adina urtebete aurreratzea lortu dugu. Noski, adinean aurrera egiten ari zarela, eguna joan eta eguna etorri, 7-8 ordu lanean, nekea igarri egiten da. Alde batetik, berri oso pozgarria da guretzat, baina beste alde batetik, ez. Saregile gutxi daudelako. Atzetik erreleboa ziurtatuta egongo balitz, kontentu geundeke, baina ez da hala. Hamahiru saregile gaude denera, eta bostek batera hartuko dugu erretiroa. Zortzi besterik ez dira geratuko.



Zure kasuan, noiz hartuko duzu erretiroa?

Hurrengo astean edo hemendik bi astera. Hala ere, gero, lehen hilabeteetan behintzat, lanean jarraitu beharko dudala iruditzen zait.

Errelebo beharra nabarmentzen duzu. Zergatik ez da inor animatzen? Ez al da erakargarria?

Ez nuke esango erakargarritasun kontua denik. Berez, betidanik izan da etxean laguntzearen edo etxeko lanak egitearen pareko zerbait. Nik ere ez nuen beste zereginik edo beste lanbiderik, eta horregatik hasi nintzen. Hemen, Getarian, itsasontzi bakoitzeko, etxeko andreak ibili izan dira beti sareak egiten eta konpontzen. Ama, arreba, koinata... beti familiakoak. Orain, ordea, ez da horrela. Nik alaba bat daukat, baina inoiz ez zaio burutik pasa saregile izatea.

Eta orain, beharra ikaragarri handitu denean, zein izan daiteke irtenbidea?

Bada, ikastaro bat egitekoak dira, sareak konpontzen ikasi nahi dutenentzat. Ez dakit noiz egingo duten, abenduan edo urte berria hastearekin batera uste dut. Deialdia egin zuten, eta ikusteko dago zenbat lagunek ematen duten izena. Ez da beharrezkoa 10 edo 15 lagun batera hastea. Hori ikaragarria litzake. Baina hiruzpalau hasiz gero, oso eskertuta geundeke.

Saregile izateak ba al du prestigiorik?

Kaian sareak konpontzen ibiltzen garenean, kanpotarrek harrituta begiratzen gaituzte; sare pila handiei begira geratzen dira. «Hori guztia konpondu behar duzue?», galdetzen digute. «Ez, noski! Alde batera utzita dugu, besterik ez!», erantzuten diegu. Sare guztiari errepasoa eman behar diogula iruditzen zaie. Gizartean ezjakintasun handia dago; askok ez dute gure ofizioa behar bezala ezagutzen.

 

«Gizartean ezjakintasun handia dago; askok ez dute gure ofizioa behar bezala ezagutzen»



Eta saregile izan edo ez zalantzan dagoenari, zer esango zenioke?

Beste edozein lanetan adinako soldata irabaziko lukeela, baina gustuko lana izan behar dela. Izan ere, asko dira sareak konpontzen hasi eta berehala lana utzi izan dutenak. Beraz, jarraipena eskatzen duen ofizioa da.

Ia bizi erdia egin duzu ofizio berean. Zer jaso duzu 30 urte hauetan?

Batez ere, ofizio bereko langileekin egindako harremanekin geratzen naiz.

Noski, izango duzu anekdotaren bat edo kontatzeko, ezta?

Ez dakit anekdota bezala kontatu beharko nukeen ala deskuidu bezala. Sare bat konpontzen ari nintzela, orratz handi bat nuen eskuetan, eta indarrean ari nintzen. Halako batean, muturra begian sartu nuen. Izarrak ikusi nituen, beste begia ere ezin nuen ireki. 6-8 hilabete lehenago, ikusmeneko ebakuntza egin nuen. Begi kristalinoarekin nengoen, eta pentsatu nuen kolpatu edo galdu egin nuela. Azkenean, kornean ebaki bat besterik ez nuen egin. Susto ikaragarria izan zen.

Zuen etxean nork du arrantzarako zaletasuna?

Senarrak. 45 urte egin ditu itsasoan eta jada erretiroa hartua du. Etxeko itsasontziarekin, Kantauri itsasoan ibiltzeaz gain, Galiziara eta Frantziako kostaldera ere joan izan dira, baita Irlandara ere, hegaluzea arrantzatzera. Oraindik zaletasunari eusten dio. Itsasontzia martxan dabil gaur egun, beste patroi batekin, eta bera beti zain egoten da, itsasora noiz aterako den, portura noiz itzuliko den, eta zer arrantzatu ote duten. Gainean egoten da.

Eta noizbait arrantzatu izan dute arrain erraldoiren bat?

200 edo 300 kilo inguruko zimarroiak arrantzatu izan dituzte. Horiek hegaluzeak arrantzatzean sartzen dira sarean, eta nonbaitetik irten nahi izaten duenez, indarka-indarka, zisku eginda uzten dute. Arrantzaleentzat eta herritarrentzat albiste handia, baina guretzat sekulako lana.

Eta zuk baduzu zaletasunik?

Ez. Itsasoan ez. Erreka batean, akaso.

Oso bidaniarra zara, orduan?

Bai, bai. [Barreak]. Itsasoa ez dut oso gustuko. Ez nau erakartzen.

Getarian 30 urtetik gora egin eta gero ere ez?

Ez, ez. Hondartzaraino joateko bai, baina hortik aurrera ez.

 

MOTZEAN

Landa-eremua edo kostaldea?

Biak ditut gustuko. Nekazaritza eta arrantza.

Bidania-Goiatz edo Getaria?

Getarian oso ondo bizi naiz, baina Bidanira ere oso gustura joaten naiz.

Itzuliko zinateke Bidanira bizitzera?

Bizitzera ez, bizimodua hemen eginda dugulako, baina denboraldi baterako joango nintzake.

Arraina edo haragia?

Arrain zalea naiz.

Sareak egiteko leku bat?

Lonjan eta kaian. Behinola, euri zaparrada batek harrapatu izan gaitu kanpoan lanean ari ginela.

Sareak konpondu bitartean zerbait entzuten duzu?

Irratia piztuta izaten dut. Kaian gaudenean, inguruan ibiltzen direnekin hitz egiten dugu.

Arrantzarako toki bat?

Ni ez naiz itsasora joaten, beraz, ezin dut bat aukeratu

Saregile izan ez bazina...

Ez dut ideiarik ere zertan arituko nintzatekeen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!