«Helburua haurrak pilota mundura gerturatzea izan da»

Asier Imaz 2017ko urt. 8a, 09:56

Elkarrizketa bukatu eta telefono deia: Luis Galarraga (Bidania-Goiatz, 1956).

- Zer duk Luis? Oraintxe bukatu diagu eta!

- Pilotariez hitz egiten aritu garenean, perla bereziaz hitz egitea ahaztu zaidak!.

Ia bi orduz galdera-erantzunean aritu ondoren, perla bereziaz hitz egitea ahaztu zaio Aurrera Saiaz Pilota Elkarteko arduradun ohiari. 25 urtetako bizipenek ez dute gutxiagorako ematen. Eta hala ere, ezin dena kontatu: nola ba?

Ondorengo elkarrizketa titularrez betetako elkarrizketa da. Esperientziak ematen dion jakintza pilotaren aberasgarri jartzen du Luis Galarragak: beharrezko eztabaida baten abiapuntua. Zuzen eta zorrotz. Min baino aurrera egiteko asmoz.

- Hi bai perla berezia, Luis!

Urte guzti hauetako ibilbidea pilota partida bat izango balitz, 22ra iristea lortu al duzu?

Bai, hori garbi. Ni duela 25 urte sartu nintzen pilota munduan, eta Andres Aramendik 35 bat egingo zituen. Elkartu ginenean, gure helburua eta ilusioa haurrak frontoira eta pilota mundura gerturatzea zen. Urte guzti hauetan lortutakoa ikusita, 22ra erraz iritsi garela esan daiteke.

22 alde, eta aurka?

Beti izaten dira aurkakoak. Garbi daukadana da, pilota munduan ibili naizen garaian, azkeneko urte batzuk arte, beti inguruan laguntza izan dudala. Antolakuntzak dedikazio asko eskatzen du, eta hor beti jendeak ez du sartu nahi izaten, baina beste laguntza beti jaso dut: frontoietan, epaile bezala…

Horiek aldeko tantoak izaten jarraitzen dute.

Aurkakoak ez direlako asko izan. Zorte izugarria izan dut jasotako laguntzarekin. Garai batean, asko babestu ninduten guraso batzuk izan nituen. Nere aldetik, beraiei eta beren semeei ahal den laguntzarik handiena ematen saiatzen nintzen. Dedikazio askorekin, ordu piloa sartuz. Pilota eskola bat ondo emateko, ordu piloa sartu behar izaten da.

Jaio eta bizi Bidanian. Beti horrela izan da?

Ikastera kanpora irten nintzen. Azkoitian 5 urte pasa nituen, Irunen 2 eta Donostian 3.

Zer ikasi zenuen?

Ingeniaritza teknikoa.

Ikasle azkarra.

Zorteduna.

Zergatik?

Garai hartan baserri mundutik ikastera irtetea zorte kontua izaten zen. Eta nik zortea izan nuen, izugarria. Anaiak aurrez lanean hasiak zeuden; eta niri, amak, ikasteko aukera eman zidan. Berak hori nahi zuen eta hori ikusten zuen, baina aitak ez: «Noiz hasi behar duk lanean?», esaten zidan.

Eta pilota noiz iritsi zen zure bizira.

Azkoitian pilota besterik ez genuen ikusten. Baina ikusi bakarrik, gero Irunen hasi nintzen pixka bat ibiltzen. Afizionatu munduan nahiko ondo ibiltzen zen pilotari bat zegoen gurekin ikasten, La Sallen. Eskolatik irtendakoan lau lagun elkartzen ginen, eta bat afizionatu mailako hori izaten zen. Entrenamenduak egiten genituen, bat hiruren aurka. Egunero, bi partida. Orduan ez zen izaten astelehenean bai, eta asteartean ez. Egunero egiten genituen entrenamenduak.

Bat hiruren aurka… Zuen pilotari mailaz zerbait esaten du horrek.

Gu zeharo txarrak ginela.

Han bukatu zen zure pilotari ibilbidea.

Bai. Zuriz ni ez nintzen inoiz jantzi. Nire gurasoek kirola ez zuten gaizki ikusten, baina ez zuten ulertzen ikasketekin partekatze hori. Niri kirola gustatzen zitzaidan. Bai pilota eta baita arrauna ere. Baina etxera etorritakoan erantzuna beti berdina zen: «Ez, ez. Utzi kirola eta segi estudiatzen eta estudiatzen». Nik ez daukat bat ere damurik. Karrera bat egiteko ordu asko sartu behar dituzu, eta dedikazio handia behar da. Irunetik Donostiara joan nintzenean, ikasketek nahikoa eskatzen zidaten. Kirola eta gainontzeko beste guztiak ahaztuta geratu ziren.

Baina berriro itzuli ziren, batez ere, pilota.

Ezkondu eta ondoren izan zen, herrian bizitzen jarri ginenean. Seme-alabak jaioak ziren. Batik bat bi izan ginen herrian, beharra ikusi genuenak. Herriko medikua Migel Belloso zen orduan, Belloso pilotariaren aita. Gazteek zerbait behar zutela ikusi genuen; frontoian ibiltzen zirenek laguntza behar zutela. Eta horrelaxe hasi ginen biok. Migel Belloso nik ezagutu dudan pilota irakaslerik onena izan da; onena. Hark zuen pazientzia eta dohaina umeei pilotan erakusteko izugarria zen.

Tolosaldean nola zegoen pilota orduan?

Pilota elkarteak bazeuden, baina ez orain adina. Tolosan Aurrera eta San Esteban zeuden, Amezketan Zazpi Iturri, Intxurre oraindik ez zegoen… Gu hasi ginenean, gure asmoa ez zen elkarte bat sortzea, herriko pilota eskola bat martxan jartzea baizik. Garai hartan, herrian Saiaz Elkartea inauguratu zen, eta bertako jendearekin hitz egiten, pilota eskola aurrera ateratzeko babesa emango zigutela esan ziguten. Ondoren, hasi eta pare bat urtera, ez naiz gogoratzen zeren bueltan, Aurrerako Andres Aramendirekin topo egin genuen.

Eta hor hasi zen zuen arteko matrimonioa.

25 urte inongo arazorik gabe bizi izan ditugu Andres Aramendi eta biok. Hizketan aritu ondoren, aparte ibili beharrean zergatik ez elkartu pentsatu genuen. Zorte handiz, Aurrerak oso ondo ikusi zuen proiektua, eta Saiazek ere bai. Elkarrekin hitzarmena egin eta Aurrera Saiaz Pilota Elkartea jaio zen.

Zein zen elkartearen filosofia?

Oinarrian zegoen pilota eskola mantentzea, eta federatu bezala segi behar zuten 16 urtetik gorakoek, pilotan jarraitzeko beste aukera bat izatea. Baina, batez ere, ikaragarrizko garrantzia eman genion oinarria mantentzeari, pilota eskolei. Azken finean, gora iritsiko badira, oinarria ondo landu beharra dago. Hasi Leitza eta Berastegitik, eta Azpeitira bitarte, inguruko herrietan pilota asko lantzen zen. Horrek beste lotura bat ere bazuen: 14 urterekin ikastera Tolosara etortzen ziren, eta pilotari piloa elkartzen zen bertan. Aukera bat behar zuten elkartzen zirenean pilotan segitzeko. Beotibarrekin saiatu ginen, baina arazo piloa izaten zen ordutegiarekin. Azkenean, eskolatik irteten zirenean Uzturpeko pilotalekuan egiten genituen entrenamenduak.

Mundu bat ez zenuten sortu, baina bai bere barruan sartu. Nolako mundua da?

Mundu zail bat.

Zergatik?

Azken batean, Aurrera Saiaz talde bezala mantentzeko gastu batzuk zeuden, eta gu borondatez ibiltzen ginen, ordu piloa sartuz. Udalek ez zuten ikusten lan hori ordaindu beharra zegoenik. Bere herriko haurrak kirol bat egiten ari ziren, baina ez zuten ikusten horrek zer suposatzen zuen. Hor hutsune handia egon zen udalen partetik.

Gastuak zuen poltsikotik ordaintzea esan nahiko zuen horrek.

Nik ez dut eskatzen izugarrizko soldata, baina bai gutxienez gastuak ordaintzea. Guk zortea izan genuen, Bidaniako Reviglass enpresarekin hitzarmen bat egin genuelako. Pilota ikaragarri maite zuen bertako arduradunak, eta gazteak kirolean ibiltzea nahi izaten zuen. Berak hori esaten zigun: «Gazteak kirolean. Batzuk ea gora iristen diren eta besteek behintzat heziketa bat izan dezatela». Azken finean, kirola bizitzako heziketa bat da, eta pilotak hortik asko dauka. Eskerrak babes hori izan genuen, bestela, nondik jarraitu?

Mundu zail horretan, beste pilota elkarteekin zer moduz moldatzen zineten?

Azken batean elkarteko arduradunarekin edukitzen duzu lotura. Ez da lotura txarra izan, baina bakoitzak berea defendatzen du. Pilotan ikusten dudan gabezi handiena hor dagoela uste dut. Federazio bat dago, baina elkarteekin lotura oso hotza izan da beti. Eta gero, elkarteen arteko lotura ere nahiko hotza izan da. Orain dena jaisten ari da: pilotariak, haurrak, maila… Orain lotura hori inoiz baino beharrezkoagoa da; elkarren babes hori. Gainontzean, pilotak ez dakit zenbat urteko bizia izango duen, baina niri iruditzen zait nahiko motza izango dela.

Ikuspegi ezkorra, ezta?

Oso. Pilota iritsi da iritsi den tokira, bide hori eman diogulako. Hor pilotari min handia egin dion filosofia bat ibili delako gaude horrela.

Zein da filosofia hori?

Pilota enpresak sortu zirenean, eta gazteei begira hasi zirenean, elkarte askotako arduradunak hasi ziren onei bakarrik begiratzen. Onak aurrera ateratzea beste helbururik ez zegoen, eta hain onak ez zirenei ez zitzaien kasu gehiegirik egiten. Eta orduan hauek zer egiten zuten? Pilota utzi eta alde egin. Hori asko gertatu da. Hor beste puntu bat ere badago.

Enpresen edo elkarteen jokaeran?

Lotura horretan. Pilota eskolek ordu piloa sartzen dute pilotariekin, eta enpresak iritsi eta hartu egiten dituzte eurentzat, dohain. Hor izugarrizko hutsunea dago. Enpresak ekonomista hutsak izan dira: hartu, aprobetxatu eta bota.

Futbolean formakuntza eskubideak daude.

Futbolean eta beste hainbat kiroletan elkarteei laguntza ekonomiko bat ematen zaie, formakuntzan jarraitzeko. Hemen berriro ere federazioak aipatu behar dira. Dirua jasotzen dute horiek, baina barne gastuak ikaragarriak direnez, elkarteei emateko ez dute dirurik izaten. Eta hauek, beti limosna eskatzen. Garai batean bazegoen jendea konpromisoz aritzen zena, baina hori ere bukatu da orain. Pilota astelehenean hasi eta igande gauean bukatzen den kirol bat da. Partidak, ordutegi piloa…

Txapelketa desberdinetara joan beharra…

Antolakuntza asko aldatu da. Garai batean txapelketa pribatuek pilotari asko eman zioten. Beharra zegoelako. Federazioek zuten hutsunea betetzen zuten txapelketa pribatuek. Orain, berriz, ez da horrela: federazioak urte guztiko antolakuntza osatzen hasi direlako.

Egutegi moduko bat.

Irailarekin batera hasi eta ekainera bitarte izaten da. Tarte horretan txapelketa pribatuak jartzen baldin badituzu, kalte egiten dio egutegi horri.

Eta gainera, bi eta hiru ere batera jarri direla ikusi dugu.

Lau ere bai, eta denak pilotari berdinekin. Txapelketa pribatuak federazioaren bidez funtzionatu beharrean, bere kasa dabiltza. Pertsona bati txapelketa pribatu bat antolatu behar duela iruditzen baldin bazaio, txapelketa bat antolatzen du federazioaren gainetik pasata.

Federazioen eta txapelketa pribatuen arteko elkarlana eskatzen duzu, beraz.

Noski. Federazioek aurren aurrena egin beharko luketena da, txapelketa pribatuen egutegi bat jartzea. Txapelketa pribatuak pilotariei partidak ordaintzen hasi zirenean, horrek, pilota mundua asko puskatu zuen.

Zergatik?

Horrek esan nahi duelako pilotariak txapelketa pribatuetan kobratu egingo duela, eta federazioek antolatutako ofizialetan ez. Esango duzu egoismoa dela. Bai, egoismoa da, baina urte batean Gipuzkoako eta Euskadikoa irabazten baldin badituzu, hurrengo urtean ez dizu horrenbeste tiratzen txapelketako horrek. Orduan zer egingo duzu? Ordainketa dagoen tokira joan. Eta azkenean pilotari guztiak horren bila joaten hasten dira. Krisi garaian, gainera, askok etxean beharra ikusi dute.

Lehen esan duzu dena jaisten ari dela, pilotariak, maila…

Lehen HITZA eta orain ATARIA Txapelketan egin dugun irakurketa da. 8-10 urte bitarteko haurrak urtero mantendu egin dira. 10-12koekin ia kosta egiten da, eta 12-14koak jaisten ari dira. Bidania-Goiatzen lehen 8-12 urteko haurrak 20-25 izaten ziren; orain, bost. Albizturren berpizte bat egon dela dirudi, baina beste herrietan behera doa. Tolosako pilota eskolara joaten baldin bazara, haurtzaindegi bat gehiago ematen du pilota eskola baino. Gurasoek haurrak eramaten dituztelako ordubete edo bi orduz okupatuta egongo diren toki batera, beraiek libre geratzeko beste gauza batzuk egiteko. Lehen ez zen horrela izaten. 10etik 8 haurren entrenamenduak ikusten geratzen ziren.

Horrek bere alde ona eta txarra izan dezake.

Ikusten egotea oso ona; belarria berotzen jardutea, txarra.

Ez dakit nork esan zidan: gurasoak harmailetan, eta gainera, azken ilaran.

Niretzat ere horrela da. Gurasoek seme-alabei babesa eman behar diete, kirola egiten jarrai dezaten. Etxean ere horretan saiatu behar dute, kirolerako giro on hori egon dadin. Gero, lehiaketa eremuan sartzen direnean seme-alabak, gurasoek kanpoan geratu behar dute. Ni gurasoa naiz, eta semearekin lanean aritzea tokatu zait. Berari bakarrik begiratuz gero, besteak kexatu egingo lirateke. Ni taldean eramaten saiatu naiz, nire semea egon edo ez egon. Orain, bere semeari bakarrik begiratzen dionik bada. Eta horrela, besteak baztertzen dituzu, eta horrek, gurasoen arteko arazoak ekartzen ditu.

Eta hori, pilotan bakarrik ez dela gertatzen ikusi dugu.

Hor bada aspaldiko esaera bat: kirolari frustratu edo zapuztu baten seme-alaba izatea bezain gauza txarrik ez da. Guraso horiek izaten dira inguruan giro txarra sortzeko dagoen gauzarik onena.

Eta elkartean.

Hori garrantzitsua da. Beti saiatu izan naiz bai pilotari eta baita gurasoei ere elkartea sentiarazten. Orain, zenbaitek elkartea ezagutu ere ez du egiten, bere interesengatik bakarrik dabilelako. Eta horrek, soka luzea ekartzen du atzetik. Pilotari kopurua, maila.

Dena lotuta ikusten duzu, beraz.

Nafarroan gertatzen ari dena nahiko argigarria dela iruditzen zait. Beste kirolen eragina ere hor dago, baina egia dena da, Nafarroan pilota izugarri jaitsi dela. Pilota munduan Sakanan dabilen batekin hizketan, zera esaten zidan: lehen Sakanako herri bakoitzean 20-25 afizionatu zeudela, eta orain, Sakana guztian 20-25 ezin bildu dabiltzala. Hor ikusten da pilota zenbat jaitsi den. Elkarte asko pilotari onei bultzaka jardun da, erdi mailakoak arretarik gabe utzita. Horrek kalte asko egin dio pilota munduari.

Horrek berak ez al dakar on gutxiago egotea?

Txar asko egon behar du on bat ateratzeko. Txarrik ez baldin badaukazu, ez duzu onik izango. Hori da arazoa. Pilotariak bere mailarekin gustura egon behar du, eta horretan saiatu gara gu. Hirugarren mailan baldin bazaude, bada hirugarren mailan ondo ibiliko zara. Segi hor, ez baztertu, eta hobetzen joan ahala, mailaz igotzen joango zara. Gu saiatu gara elkartean pilotaria ez baztertzen, nahiz eta inguruan jende asko eduki dugun bultzaka: txarrak bidali eta onekin bakarrik egin lan. Inguruko pertsona batzuen filosofia hori izan da, eta horrek min handia egin digu momentu batean.

Nafarroara itzulita. Ez al die buelta ematen egoerari?

Hor gauza asko egon dira. Garai batean, Gipuzkoan Ikaspilotaren barruan pilota goxoekin hasi ginenean, Nafarroan pentsatzen zuten kaskatuta geundela; pilota gogorrekin entrenatu behar zela. Nafarroan horrela zen eta puntu. Gizartea aldatu egin da, ordea. Oraingo mutikoek hartzen duten gauzarik gogorrena lapitza eta boligrafoa dira; ordenagailuarekin eta mugikorrarekin ordu piloa sartzen dituzte. Eskuak egin gabe dauzkate. Orduan horrek zer eskatzen du? Txikitatik pilota goxoarekin ordu piloa sartu beharra. Bestalde, lehen frontoian ordu piloa sartzen zituzten. Orain, entrenamenduetako bakan horiek, eta ez gehiago. Guzti horrek eragina dauka, eta horregatik doa dena beheraka.

Eta nola ematen zaio buelta?

Orain 12 urtera bitarte pilota goxoarekin ibiltzen baldin badira, agian horrela jarraitu beharko dute 14ra iritsi arte. Orduak sartu ditzatela, eta gozatu dezatela pilotaz. Ez pilota gogorrarekin beldurtu eta etxera alde egin. Material gogorra pixkanaka sartzen joan beharko da. Nafarroan pentsatzen zuten harriarekin segi behar zela entrenatzen. Baina minez dabilenak pilota uzten du. Orain pixkanaka hauek ere ari dira Ikaspilotaren filosofian sartzen, eta pilota goxoarekin jartzen txikienak. Pilota berriz berpiztu nahi baldin bada Nafarroan, hortik joan beharko da. Haurrak frontoian gozatu egin behar du, eta ez sufritu.

Logikaz, sufrimendurako gaitasuna ere aldatu egingo zen, ezta?

Belloso, Onsalo, Renobales, Eneko Galarraga eta ahaztuko zaizkidan piloa… Horien sufritzeko gaitasuna eta oraingoena desberdina da. Horiek min pixka batekin segi eta segi egiten zuten. Orduak sartzen zituzten entrenamenduetan, gero partidetan ordaina jasoko zutela bazekitelako.

Andres Aramendi eta zu; Amezketan Xalton Zabala; Alegian Jexux Murua; Zizurkilen Joan Manuel Erasun… Belaunaldi baten bueltan aritu zarete pilota elkarteekin lanean.

Bergaran Reyes bat izan den bezala; Eskoriatzan, Arrasaten… 70-55 urte bitartean ibiliko gara denak.

Zuek ez duzuelako utzi nahi, edo belaunaldi berririk sartzen ez delako?

Garbi, belaunaldi berririk ez dagoelako. Izango dela espero dut, baina guk eman dugun filosofiarekin ez. Orain, ordaintzen ez baldin bada inor ez da joaten orduak sartzera. Lan boluntario hori galtzen doa. Beste pilota elkarteetan hori ikusten dut. Lehengoei pixkanaka iritsiko zaie uzten joateko garaia. Ondoren nola izango den edo nola eramango duten, ez dakit.

Esku pilotaz ari gara hizketan, eta beste modalitateak?

Behera joan direnak, eta gora atera ezinik dabiltzanak.

Paleta goma eta nesken bilakaera kenduta.

Duela 20 urte ere neskak pilotan ibiltzen ziren. Baina, adin batera ailegatzen zirenean, gogortasuna iristen zen materialetara, eta han dena uzten zen. Garai hartan palaz segitzeko aukera izango balute? Nik uste dut baietz, segiko zutela. Batzuk probak ere egin zituzten, baina 16-18 urterekin kopuru bat ez baldin badago, ingurua mugitzea eskatzen du talde baten bila.

Gero kontuan hartu behar da pilota mundu matxista izan dela. Mutikoei bultzatzen zitzaien bezala, neskatoekin ez da berdin egin. Etortzen baziren, ongi, baina hortik aurrera zer. Orduan ez zen gaur egun dagoen palaren planteamendua egin.

Ibilbide guzti horretako momentu on bat eskatuz gero.

Andres Aramendirekin lortutako hitzarmenaren ondoren elkarrekin bizitako urte piloa, urte oso onak izan dira.

Bereziki garai oso on bat izan genuen, 100 bat izatera iritsi ginenean. Pilotari, guraso, elkarteko kide… giro oso ona zegoen, eta baita emaitzak ere. Gero azken zortzi urteetan Bidania-Goiatz herriartekoan parte hartzen ari da. 450 biztanleko herri batean, hori lortzea handia da. Horrek esan nahi du pilotari piloa ibili dela herrian. Egindako lanak etekinak eman dituela ikusteak asko ematen dizu.

Arazoen atalean, Tolosako Udala agertzen da.

Beti gerra batean ibili garelako frontoiagatik. Beotibarren ibiltzeko beti izan ditugu arazoak. Tolosakoek bakarrik zeukaten bertan ibiltzeko aukera. Eta beti eztabaidatu eta eztabaidatzen segiko dudan puntua da hori. Tolosa nor eta zer da batik bat Tolosaldeak eman diolako. Gauza asko Tolosan jarri dira inguruko beste herrietan ez jartzeagatik, handiena delako. Hortik beti bere interesei begira ibiltzea eta besteak oztopatzea ez da zuzena. Beotibarren inguruan oztopo gutxiago eta babes gehiago eskatzen genuen, eta erantzuna beti oztopoak eta oztopoak izaten ziren. Bakean bizi beharrean beti gerra batean bizi izan gara.

22ko markagailura itzulita. Aurkako tantoak baietz esan duzu hasieran. Horien artean, Luis Galarragak txapa azpira botatakoak ere egongo dira.

Bai. Akatsak izan ditut eta onartu izan ditudanak gainera. Etortzen zaidan bat: pilotari onenekin bakarrik lan egiteko borroka horretan, azkarregi eman nuela amore. Hor gehiago borrokatu behar nuen.

25 urteren ondoren, Aurrera Saiaz bukatu egin da.

Bukatu egin da. Bukaera izan da izan den bezalakoa. Hor utzi dugu, eta orain Tolosak hartu du.

Gertaera horiek hor geratzen al dira?

Hor geratzen dira. Ez nuke gehiago esan nahi, pertsona batzuk ez mintzeko. Baina Andresek eta Luisek nahi izan zuten bezala, eta gustatuko litzaiekeen bezala bukaera hori izatea, ez da izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!