Berrobira gerturatzeko aitzakia bikaina, etzi

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 8a, 12:30

Herriari bira ematen dion krosa larunbatean, hilak 10, izango da.

BerroBIRA ez da hitzordu berria, aurtengoan hamalaugarren aldiz egingo baitute, nahiz eta izena iaz estreinatu zuten. Eta ondo dagoena bere horretan utzi behar denez, aurtengoan ere ez dute berrikuntza nabarmenik Erlantz Allur antolatzaileak argitu duenez. Hitzordua hobetzen jarraitzen dute, hala ere: «Urtez-urte hobekuntzak barneratuz joan gara. Hala, korrikalariek emandako iritzia kontuan hartuta, zenbait moldaketa sartu ditugu, eta horiek guztiek, ibilbidea oraindik eta ederrago, tentagarriago eta gustagarriago egiten dute. Ibilbideak ez du aparteko aldaketarik izango, baina bide-segurtasun aldetik, neurri bereziak zehaztu ditugu, eta gure etxe-laguntzaileei esker, sari eta zozketatan ere ahalegin berezia egin dugu», argitu du.

Urtean zehar hainbat ekimen antolatzen dituzte herritarrek «herriaren gozamenerako», eta horren barruan antolatutako ekitaldia da BerroBIRA. «Mendi-lasterketa, korrika-saio eta bestelako frogatan parte hartzen duten kirolari ugari ditu Berrobik. Eta tradizio horretatik abiatuta, herritarren artean lehia bizia sortzeaz gain, kanpotik etorritako beste korrikalariei ere harrera egiten diegu. Azken urteotan, benetan nabarmena izan da, lasterketa honen peskizan etorri diren kanpoko korrikalarien hazkundea», esan du Allurrek.

Denboraldi hasiera izaki, Berrobin parte hartzaile gehiago espero dituzte aurten, BerroBIRAko ibilbidea «indarrak neurtu eta lehen entrenamendu saio bezala» baliatu ahalko dute eta.

Lasterketako ezaugarriak
BerroBIRAk bi lasterketa ditu, haurrena eta helduena. Lasterketa nagusian, helduenean, prestatu duten zirkuituari bost itzuli eman beharko dizkiete parte hartzaileek, 7,5 kilometro guztira.

Aurten ere hiru sari banatuko dituzte; lehen sailkatzen denak 100 euro eta garaikurra jasoko du, eta bigarren zein hirugarrenek garaikurra. Era berean, bukaeran zozketa egingo dute eta herriko korrikalariek ere saria jasoko dute. Izena egunean bertan eman daiteke eta horrela eginez gero 10 euro ordaindu beharko dira. Aurretik egiteko berriz, herrikrosa.eus webgunera jo behar da eta 8 euro ordaindu.

Korrikalariak ordainketa egin beharko du proba aurreko egunetan. Ziurtatu beharko du bere izena parte-hartzaileen artean azaltzen dela, eta izenaren ondoan ordaindu izana ageri dela. Zerrendan ordaindu gabe daukala ageri bada, ordainketa agiria aurkeztu beharko du larunbatean; hori egin ezean, egun horretako prezioa ordaindu beharko du.

Probak

  • Haurren proba. 14 urtetik beherakoak 17:00etan.
  • Helduen proba. 14 urtetik gorakoak 18:00etan. 7,5 kilometro egin beharko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!